Dokumentuaren akzioak
Lantzeko zortzikoa nazioartean
Lantzeko zortzikoa Nafarroatik nazioartera zabaldu da azken urteetan eta mundu osoko dantzazaleek gozatzen dute bere doinura dantzan Frantzian, Portugalen eta Italian, esaterako. Hemen jaso ditugun adibideak: Bordele (Frantzia), Paris (Frantzia), Matosinhos (Portugal), Turin (Italia), Macra (Italia), Gennetines (Frantzia).
Etiketak
- gennetines
- 2024
- dantzaldia
- zortzikoa
- portugal
- macra
- paris
- frantzia
- lantzeko-zortzikoa
- bordele
- balfolk
- matosinhos
- italia
- tradizionala
- doinuak
- lantz
- turin
Dokumentuaren akzioak
Euskal Herriko hiru doinu (dantza) dira batez ere ezagun 'bal folk' mundu horretan: Lantzeko zortzikoa, Zazpi jauziak, eta "fandango basko (edo basque)", azken hau oraindik ere gehienetan doinu berberaz emana (gurean Chapelloise edo 'polka' ezaguna ia-ia beti "John Ryan's polka" doinu irlandarraz eman ohi den pareko). Horrek badauka bere azalpena, baina... beste egun baterako!
Gure etxera Frantziako musikariak etorri izan direnean ere, ezagunak zituzten eta jo izan dituzte hiru piezok.
Beste kontu bat da, jendeak nola dantzatzen dituen... Ez dut esango "beti", ez, salbuespenak eta txukuntasun harrigarriak topa daitezke, baina proportzio handian, formari nolabait jarraitzeko ahaleginean, baina fondoa edo funtsa galduta, 'arima' galduta.
Normala da. Ez da harritzekoa. Ulertzen dut. Eta ez da gehiegi konplikatu behar: topaketa horietan parte hartzen duen jendeak dantzan ondo pasa nahi du, besterik ez. Gehienek ez dute izango jatorrizko zerarako kezka berezirik, eta hori ere ulertzekoa da. Gainera, etxean bertan ere, geure buruari begiratuta, Euskal Herriko plaza askotan halako egoera oso ohikoa da.
Pareko egoera ezagutu dut geurean adibidez "bourrée" edo halako dantza (guretzat) arrotzak proposatu izan direnean: forma nola edo hala harrapatu nahian, automata baldarren itxuran buklea errepikatuz, baina fondorik gabe, 'arimarik' gabe... guretzat ezezagunak baitira, ez baitugu bere 'fondoa' (arima) ezagutzen.
Bourrée dantza sistema aipatu dudanez, neronek jakinahia izan nuen apur bat ezagutzeko, kuxkuxean ibili nintzen, eta... zoragarri aberatsa da edo izan daiteke dantza sistema hori. Eskarmentudun adinekoak bourrée-an txukun ikustea... gozamen hutsa. Baina hori ezaguta, nola geratzen dira gure plazetako saiakerak, gure erabateko ezezagutzatik? Ba... pobre; Europan zeharreko jaialdi edo dantzaldi horietako askotan gure (Euskal Herriko) begiekin Lantzeko zortzikoa edo fandangoa ikustea bezala edo.
'Bal folk' edo Europako tradiziozko dantza sozialaren neurri bateko 'globalizazio' hau oso erakargarria da. Aitortzen dut. Neronek ere bizi izan dut. Eta ez diot kendu nahi dituen baloreetatik bakar bat ere. Jende sako erakarri du tradiziozko dantzara, zaletu asko sortu du, gazteak ere bai, dantzak berezkoa duen baliagarritasun sozial eta ludiko hutsa 'berpizteko' ekarpen handia egiten ari da (erritual, folklore eta ikuskizun erabileratik haratago), hurbiltzen du, norbere herrikoa marko zabalago batean ulertzeko aukera ematen du...
... baina dena ez da urrea. Albo-kalteak ere baditu. Nola dantzatzen den, nola jotzen duten bertatik edan ez duten musikariek (askok), indarrean dagoen "neo-trad" musika estilo 'berritzailea' (denetarik dago, ona eta ez hain ona), kanpoko irakasleek euren lekuetan nola erakusten dituzten dantzok (salbuespenak salbu, irakasleen arabera)... pobretzea, fondoa edo arima galtzea, baita dantza edo musika distortsionatzea ere.
Balantzea onetik edo txarretik gehiago ote duen... ez dakit. Seguru asko onetik. Baina nork bere etxean, tokian-tokikoa arduraz zaindu beharra daukagu, iparra galduko ez badugu.
Kasu, Frantziako eskarmentudun musikarien aldetik ezagutu dut 'balk folk' globalizatuaren aurrean tokian-tokiko 'bal trad' aldarrikatzen duen olatua, hau ere indartsua.
Badago beste 'unibertso' globalizatu bat, jorratzen ari garen beste honen eskutik datorrena, edo oso gertukoa, sarritan bat egina: "Munduko dantzak" izena eman ohi zaio, bateko eta besteko tradiziozko dantzekin osatuta (erro sozialekoak batzuk, koreografiak beste asko). Horrek ere erakarri ninduen bere garaian, sartu nintzen Europan zeharrekoak ezagutzera, asko ikasteko aukera eman zidan, ikuspegia zabaldu zidan, gozatu nuen... baina laster konturatu nintzen esaten / erakusten zenaren fidagarritasun eskasarekin, tokian-tokiko irakasle adituen eskutik ez bazetorren. Telefonoaren jolasean bezala, batak besteari ahotik belarrira, pasa eta pasa... jatorritik azkenekora antzik ere ez, edo gutxienez, neurri bateko distortsioa (adibiderako, bilatu "Baztan-dantza" dantzan.eus-eko bilatzailean).
Horixe ba. Txanponaren beste aldea ezagutzea ere komeni dela, balantza oreka dezagun. Dena ez baita urrea.