Miren Bikandi, plazan dantzatu ez zen Iurretako dantza-maistra hil da
Inoiz plazan dantzatu ez bazuen ere, dantzari-dantza eta erregelak bikain zekizkien eta zenbait iurretarri irakasten jardun zen Miren Bikandi dantza-maistra hil da 87 urterekin. Sasoi bateko dantzariek erregelak ikasteko orduan ere giltzarria izan zen bera. Bere aita Juan Bikandi Iurretako dantza-maisua izan zen eta beraien etxean prestatzen zituen mutikoak. Miren Bikandik haiei begira ikasi zuen dantzan eta mutikoren bat falta bazen bere lekua hartzen zuen. Anaia Felixekin ere askotan dantzatzen zituen erregelak etxe inguruan.
Urte batzuetara, garai bateko dantzakera berreskuratzeko ahalegina egin zuten Iurretako dantzariek. Orduan ordea, Juan Bikandi dantza-maisua gurpildun aulkian zen eta alabaren laguntzaz erakutsi zien ondorengo belaunaldiei. Aitak hatzekin markatzen zuen eta alabak dantzatzen zituen urratsak.
Iurretako dantzarien bihotzean
Azken Urrijenan omenaldi berezia egin zioten Iurretako dantzariek Miren Bikandiri. Erregelak berari esker berreskuratu zirela aitortu nahi izan zitzaion. Iurretako dantzariek oso gertuko izan dute beti Miren. Anboton irakurri dugu dantzarien eskertzea, "Miren, eskerrik asko eman diguzun guztiagatik. Beti izango zaitugu gogoan". Bestalde, Eneko Abasolok honako kopla eskaini dio:
Nahiz eta jantzari jantzite iñoz
ez ziñen urten plazara
sienprebibien moduan gure
jantzetan biziko zara
Jantzari dokumentalaren hasiera
Jantzari dokumentala egiteko ideia ere Miren Bikandiri esker hasi zela esan daiteke. Bere historia jasotzeko asmotan elkarrizketatu egin zuten eta jarraian baita bere belaunaldiko beste dantzari batzuk ere. Lekukotasun horiek jasota ikusi zuten Iurretako dantzarien inguruko dokumental bat egiteko material polita zegoela.
Jone Guenetxeak eta Carlos Iglesiasek zuzendu dute, Iurretako dantzariek, Anboto komunikabideak eta Bideografik ekoiztetxeak elkarlanean egin duten Jantzari: Tradizioa eta parekidetasuna dokumentala. Dokumentala bukatu berri dute eta martxoaren 26an aurkeztekoak ziren, baina egun hauetan bizi dugun salbuespen egoera dela eta atzeratu egin da.