Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Jantzari, Iurretako dantzarien inguruko dokumentala

Dokumentuaren akzioak

Jantzari, Iurretako dantzarien inguruko dokumentala

2019/12/03 07:45
Jantzari, Iurretako dantzarien inguruko dokumentala

Miren Bikandi eta bere belaunaldiko dantzariak, Urrijena, Iurreta, 2019-10-12. Argazkia: Mattin Larrea - Dantzan CC-BY-SA

Iurretako neska-mutilek osatutako lehenengo dantzari zortzikotea eta pasa berri den Urrijena jaia abiapuntu hartuta Iurretako dantzarien 150 urteko historia jasotzen dabiltza Iurretako dantzariak, Anboto komunikabidea eta Bideografik ekoiztetxea. Orain grabaketak amaitzen ari dira eta 2020 erdi alderako bukatuko dutela Jantzari dokumentala aurreikusten dute; larunbat honetan Durangoko Azokan teaserra aurkeztuko dute. Iurretan bildu gara Unai Esturo dantzaria, Jone Guenetxea Anbotoko zuzendaria eta Xabi Zabala Bideografikeko kidearekin. Dokumentalaren ideia nondik atera zen, eginiko prozesua eta hemendik argitaratu arteko lanak kontatu dizkigute.

Jantzariak dokumentala
Unai Esturo, Jone Guenetxea eta Xabi Zabala, Iurreta, 2019-12-02. Argazkia: Amaiur Aristi Arregi - Dantzan CC-BY-SA

Nagusien testigantzetatik

Unai Esturok azaldu digu ikusten zuela dantzari belaunaldi bat oso nagusi zegoela eta horien testigantzak jaso behar zirela ahal zen azkarren. Bideografikeko kideei laguntza eskatu eta aurrena Miren Bikandi elkarrizketatu zuten. Juan Bikandi dantza-maisuaren alabak sekula ez du plazan dantzatu, baina gaztetan dantzari-dantza eta erregelak ikasi zituen. Aitarenera joaten ziren mutikoekin dantzatu ohi zuen eta baita bere anaia Felixekin ere. Gerora, orduko dantzakera berreskuratzeko ahalegina egin zuten Iurretako dantzariek, Juan Bikandi gurpildun aulkian zen eta alabaren laguntzaz erakutsi zien. Aitak hatzekin markatzen zuen eta alabak dantzatzen zituen urratsak. Plazan inoiz dantzatu ez zuen dantzariari esker berreskuratu ziren erregelak Iurretan.

Bikandiren ondoren bere belaunaldiko hainbat dantzari elkarrizketatu ziren hasiera batean. Orduan ikusi zuten lekukotasun horiez gain, material oso polita zegoela dokumental bat egiteko.

Elkarlanaren emaitza

Anbotok tradizioa eta generoa lantzen dihardu azken urteetan eta beste formatu batean gaia jorratzeko aukera ikusi zuten dokumentalarekin. Hori horrela, Iurretako dantzariak, Bideografik eta Anboto elkarrekin ari dira lanean. Dokumentaleko musika, berriz, Mikel Nuñez piano-jole durangarrak ipiniko du.

Jantzariak dokumentala
Jantzari dokumentaleko grabazio bat, Gerediaga, Iurreta, 2019-10-28. Argazkia: Oier Araolaza - Dantzan CC-BY-SA

Iurretako belaunaldi ezberdinetako dantzariez gain, gaian adituak diren hainbat lagun ere elkarrizketatu dituzte, Jone Guenetxeak gidatu ditu elkarrizketak. Iurretako dantzariei buruzko lana bada ere, ikuspegi orokorragoa bat eman nahi izan diote ikerlari eta beste dantzarien ekarpenekin.

Generoa eta tradizioa

Nahiz eta iurretarrak generoari dagokionez dantzan pausoa ematen lehenak ez diren izan, Guenetxeak azaldu du balio sinboliko izugarria izan zuela 2018an San Migel egunez neska-mutilek osatutako taldea ateratzeak, Iurretako plaza dantza munduan berezia baita, "talde hori natural atera zen, baina ez berez". Neskak plazara ateratzeko egin den bidea eta aurtengo Urrijena oinarri hartuta, Iurretako dantzarien historia eta tradizioa eta generoaren inguruko gogoetak kontatuko dira dokumentalean.

Dantzari-dantza Iurreta
Dantzari-dantza, Iurreta, 2018-09-29. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Dantzarien eta adituen ekarpenak eta azken urteko Iurretako eta auzoetako dantza irudiak jaso dira. Urrijena jaian jarri dute fokua eta entseguak, prestaketak eta egun handiko irudiak grabatu dituzte, "gai eta ertz asko ditu dokumentalak" dio Xabi Zabalak. Esturo oso gustura agertu da orain artekoarekin, dokumentalari esker 150 urteko historia jasota geldituko dela ikusten du, "oraindik ez gara ohartzen lan honek duen balioz".

Dantzari-dantza Iurreta
Neska-mutilez osatutako Iurretako lehenengo zortzikotea, Iurreta, 2018-09-29. Argazkia: Eire Vila - Dantzan CC-BY-SA

Azken lanak

Lau bost elkarrizketa egitea besterik ez zaie falta grabaketak amaitzeko. Behin horiek bukatuta gidoia zehaztu eta aukeraketa eta edizio lanak faltako lirateke. 2020 erdi alderako bukatuko dutela espero dute eta orain Durangoko azokan aurrerapentxo bat aurkeztuko dute. Abenduaren 7an, larunbata, eguerdiko 14:30ean Irudienean izango da emanaldia.

Jantzariak dokumentala

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.