Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Albisteak Eszenika egiteko lanak bertan behera geratu dira

Dokumentuaren akzioak

Eszenika egiteko lanak bertan behera geratu dira

2013/02/12 15:00
Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola izatekoa zen Ezsenika, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Bilbon ezartzeko asmoa zuen zentroa, baina oraingoz ez da gauzatuko. 2012an ireki behar zituen ateak, baina hainbat atzerapen eta arazoren ondoren, etenda zeuden lanak, eta gaurko EHAAn argitaratu da espedientian atzera egiten dela egindako kontratatzioak indarrik gabe utziz.

Legebiltzarrean, oposizioan zela, bere gain hartu zuen Isabel Cela PSE-EEko kideak Arte Eszenikoen Goi Mailako eskola martxan jartzeko plataformaren proposamena. Hezkuntza sailburu izendatu eta eskola martxan jartzeko asmoa erakutsi zuen, eta horrela 2010ean Eszenikaren aurkezpena egin zuen Bilbon, EITBren egoitzan, haren azpian egitekoa baitzen zentro berria. Bertan adierazi zuenez, 2012ko irailean irekiko zituen ateak Eszenika eskola berriak eta bertan antzerkia, dantza eta eszenoteknia ikasketak eskainiko ziren.

Eraikina prestatzeko lanek 5-6 miloi euroko aurrekontua zuten eta 2011ko lehen hilabeteetan hastekoak ziren lanak. Baina denbora aurrera joan eta lanak atzeratzen joan dira hainbat arrazoi medio. Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskolei babesa ematen zien dekretuak kolpe latza jaso zuen Madrilen, Auzitegi Konstituzionalean, Jaurlaritzak lokartzen utzi zuen proiektua, eta halako batean iratzarri nahi izan zutenerako, legealdia agortzear zuten, eta presaka hasi ziren.

Zentroa eraikitzeko kontratazioak salbuespeneko izaeran oinarrituta presaz egin zituen Jaurlaritzak, baina Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak errekurtsoa aurkeztu zuen, salbuespeneko izaera hori justifikatuta ez zegoela argudiatuz. Gaur Euskal Herriko Agintzaritza Aldizkarian argitaratu den iragarkiak jakinarazten du: "Bilboko Eszenika Goi Mailako Arte Irakaskuntza Eszenikoen Zentroaren eraikuntzarako oinarrizko proiektua, exekuzio proiektua, jarduera proiektua, dagokion obra burutzeko proiektua, eta obra gauzatzeko kontratazio espedientea" atzera botatzen dela, ez delako egiaztatu kontratazioaren salbuespenezko izaera.

Orain, Jaurlaritza berriaren esku geratzen da proiektu hau berriz abiatu ala bere horretan uztea. Abenduan, Arte Eszenikoan Goi Mailako Eskolaren aldeko plataformak agerraldia egin zuen eskolaren aldeko aldarria eginez, eta "egon diren zailtasunek ez dute zuritzen hitzartutakoa ez betetzea" salatuz.

Dokumentuaren akzioak

2013/02/12 15:42
Dantzariok, antzerkilariek eta teknikariek behar dugu eskola bat. Premia benetakoa da. Eta abiatuta zegoen proiektu hau hutsean geratzea galera larria izango da. Lehen bultzadan dantza tradizionala ez zuten aintzat hartu Eszenikarako, baina bazegoen aukera aurrerago bidea egiteko bertan. Orain askoz zailagoa izango da.

Proiektua bultzatu behar zenean lokartu, eta gero, azken orduan, gauzak presaka eta gaizki egitearen ondorioz bertan behera geratu da Eszenika. Baina bai Hezkuntza sailaren aurrean eta baita eskolaren aldeko plataformaren aurrean salatu dudan moduan, Eszenika Bilbon jarri nahiak, eta horretarako eraikin berri bat prestatu nahiak lagundu du horretan. Eraikin bat hutsetik eskola bihurtzeko 5-6 miloi euro xahutu beharrean bazeuden beste aukera batzuk lehendik dauden beste azpiegitura batzuetan eskola martxan jartzeko. Isabel Celari berari jakinarazi zitzaion 2009 urtean, bazituela beste aukera batzuk, 2009an bertan eskolako ateak irekitzeko moduan. Lantaldea antolatu beharra soilik zuen. Ez zeukan gainera egoitza definitiboa izan beharrik, abiatu zitekeen toki batean, eta egoitza definitiboa prest zegoenean aldatu tokiz. Baina eskola lehen egunetik Bilbon jartzearekin tematuta zeuden eta beste aukerak aintzat hartu gabe egin zuten aurrera.

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.