Dokumentuaren akzioak
Arte eszenikoen eskolak bost gradu eskainiko ditu Bilbon
2012-2013an irekiko dute, eta lehen urtean Dantzako gradu bat eta Arte Dramatikoko beste bat izango dira soilik
Halaber, eskolak martxa hartu ahala Arte Dramatikoan
beste bi gradu ere emango dituzte: Zuzendaritza eszenikoa eta
dramaturgia eta Eszenografia. Dantzan, orobat, Interpretazioa eta
Koreografia gradua eskainiko dute.
Horretaz gain, Lanbide Heziketako goi mailako modulo bat ere
emango dute, Eszenoteknia teknikariak trebatzeko. Ikasketa horiek egiten
dituztenak zuzeneko ikuskizunetako arlo teknikoan lan egiteko trebatuko
dituzte. Emeki-emeki joango dira graduak gehitzen, eskolaren jarduna
egonkortu eta eskaerak gora egin ahala.
Goi mailako eskolaren inguruko lehen xehetasunen berri Eusko
Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Isabel Zelaak eman du asteon. Eszenika
izango du izena, eta Basurtuko Bami deritzon eraikinean zabalduko dute,
besteak beste, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ogasuna eta EITB eta zenbait
hedabideren egoitzak dauden eraikuntzan bertan.
Eskola eratzeko lanek bospasei milioi euroko kostua izango dute,
Zelaak jakinarazi duenez. Eta 2011ko lehen hiruhilekoan hasiko dituzte.
Urte osoan irautea espero dute, eta 2012ko irailerako prest izatea.
Eskolak 4.000 metro koadro izango ditu, eta bi solairu. Ikasgelak,
lantegiak, agertokiak eta irakasleen bulegoak egongo dira bi solairu
horietan.
«Eredu eleanitza»
Arte eszenikoen sektoreko profesionalen aspaldiko eskakizuna
asebetez sortuko du Jaurlaritzak Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola.
Sektoreko profesionalek eta Hezkuntza Saileko ordezkariek osaturiko
mahaia ari da ikasketen curriculuma jorratzen.
Arte Dramatiko zein Dantzako graduren bat ikasteko, batxilergoko
ikasketak eta unibertsitatean sartzeko hautaproba gainditurik izan
beharko dute ikasleek, edo 25 urtetik gorakoentzako unibertsitaterako
sarbidea. Ez hori bakarrik, Eszenikan ikasi gura dutenek proba
espezifiko bat ere gainditu beharko dute.
Oraindik ziurra ez den arren, lehendabiziko ikasturtean, 25-30
bat ikaslerentzako tokia eskaintzea espero dute. Eta, Zelaak aurreratu
duenez, «graduondokoak eta doktoretzak eskaintzeko bokazioa izango du
Eszenikak». Horretarako, baina, graduen eskaeraren bilakaera aztertu
nahi dute. Hau da, ikusi nahi dute gradua bukatzen dutenak zein
graduondo ikasteko prest dauden. Hori guztiori, ordea, aztertzeko eta
zehazteko dago oraindik.
Baita graduak eta goi mailako modulua zein hizkuntzan emango
dituzten ere. Dena dela, Eszenikak «eredu eleanitza» izango duela
nabarmen dute Hezkuntza Saileko iturriek. Arte Dramatikoko
Interpretazioa gradua euskaraz ziurtatuko dutela esan dute, eta
gainerakoak ingelesez ere emateko aukera aztertzen ari direla.
Ikasketak
GRADUAK
Arte Dramatikoa.
Graduak izaki, lau urteko ikasketak izango dira denak, 240 kreditukoak. Hiru espezialitatate izango dira: Interpretazioa, Zuzendaritza Eszenikoa eta Dramaturgia eta Eszenografia. Interpretazioa lehen ikasturtetik bertatik eskainiko dute; aldiz, Zuzendaritza Eszenografikoa eta Dramaturgia, 2013-14 ikasturtetik aurrera. Eszenografiari dagokion gradua eskaeraren arabera erabakiko dute eskaini edo ez.
Dantza.
Lau urteko ikasketak izango dira, 240 kreditukoak. Bi espezialitate egongo dira: Koreografia eta Interpretazioa eta Pedagogia. 2012-13 ikasturtean, Pedagogia baino ez dute eskainiko. Koreografia eta Interpretazioa eskaeraren arabera ezarriko dute hurrengo ikasturteetan.
GOI MAILAKO MODULUA
Eszenoteknia teknikaria.
2012tik aurrera eskainiko dute. Ez dute erabaki, baina, ziurrenik, urte biko ikasketak izango dira.
Dokumentuaren akzioak