Dokumentuaren akzioak
Albisteak
1.666 sinadura dantzan.com-en alde
1.573 norbanako eta 93 elkarte/talde/erakunderen atxekimendua jaso du momentuz dantzan.com-en aldeko babes gutunak, eta jarioa ez da oraindik eten. Bitartean, prest daude dantzan.com-en aldeko hurrengo ekimenak.
Dantza protagonista
Egun handia da gaur Durangoko dantzari eta dantzazaleontzat. Eguerdiko 12etan Udaletxeko balkoian izango dira Tronperri, Txoritxu-Alai eta Kriskitin dantza taldeetako ordezkariak pregoia irakurtzen eta txapligoa isiotzen. Gainontzeko partaideok plazan izango gara, pozaren pozez txaloka eta saltoka.
Dantza modernoa eta garaikidea hitzaldi dantzatu batean
Toni Jodar dantzari eta koreografo katalana Leioan izango da urriaren 18an, performance berezi batekin. Hitzaldi dantzatu baten bidez dantza klasikotik abiatu, eta dantza moderno eta garaikidearen bilakaera azaldu eta dantzatzen ditu.
Dantzarien bidea, Zaldibiatik Iruñera oinez, egingo dute berriz Kemen-ekoek
XIX. mendean, Zaldibiako dantzariek San Ferminetan dantza egiteko, Iruñerako bidea oinez, mendiz, egin izan zutela gogoratuz, Irungo Kemen dantza taldeko kideek ibilbide bera egin zuten orain bost urte. Orain, taldearen 40. urteurreneko ospakizunekin hasteko gauza bera egingo dute. Bihar, urriak 12, abiatuko dira Zaldibiatik oinez, igandean Iruñera iristeko asmoz.
Euskaldunak eta Dantza 8. Jaialdia
Munduko Top 100 dantzarien artean auden Alicia Amatriain donostiarra eta Asier Uriagereka mungiarra izango dira aurtengo ekitaldiko izar gonbidatu handiak. Euskaldunak eta Dantza jaialdietan hirugarren aldiz parte hartuko du Uriagerekak, eta emanaldiaren bukaeran ABBE 2012 saria jasoko du. Donostia 1813 balletaren estreinaldia izango da ikuskizuneko gailurretako bat. Jon Ugarrizak egin du koreografia eta Barcelona Ballet-eko Ion Agirretxek dantzatuko du.
Haur folklorea liburu-DVDa, argitaratu da azkenean
Aspaldi egindako lan interesgarria da hau, hainbat arazoren ondorioz, luzaroan kaxoian izan dena argia ikusi gabe. Baina orain bai, Eusko Ikaskuntzaren Folklore Sailaren Jentilbaratz aldizkariaren 13. zenbakiarekin argitaratu da "Haur folklorea Euskal Herrian. Irakaskuntzako materialak", Emilio Xabier Dueñas eta Josu Larrinagaren eskutik.
Bordon-dantzari buruzko dokumentala grabatu du Udaberrik
Tolosako dantza talde taldeak San Joan eguneko dantza-festaren inguruko dokumentala grabatu du eta datorren urriaren 20an egingo du DVDaren aurkezpena. Dantza taldearen 55. urteurreneko ekitaldien baitan egin dute bordon-dantzaren ikus-entzunezkoaren grabaketa eta edizio lana Tolosako dantzariek.
Denok Donapaleurat
“Nafartar Naturalak” taldeak -”Nafarroa Bizirik”kolektiboarekin harremanean- Nafarroaren konkistaren bostgarren mendeurrena markatzeko prestatu dituen ekitaldien artean, urriaren 14an helduko da hitzordu nagusia, “Deskonkista Kolektiboa” antolaturik baita Donapaleun. Egun osoko egitaraua aurkeztu dute eta goizeko Karrika Kurrian hainbat merinalde historikoetako dantza-taldeek parte hartuko dute, besteak beste: Iruñeako Ortzadar, Zangotzako Rocamador, Otsagi, Baxenabartarren Bolantak eta Beasaingo Aurtzaka.
'... Librea ninçana' Donostiako Victoria Eugenia antzokian urriaren 21ean
Memoriaren mapa ostu digute. Eta halere, galduta gabiltzanik ezin esan. Hamaika kontu azaldu digute, nondik gatozen ahantz dezagun. Eta halere, nora goazen argi dugu. Beste iragan bat asmatu digute, oraina neurri horretara molda dezagun, etorkizuna neurri horretan eraiki dezagun. Armen indarrez hartu gintuzten, odola isuri arazi, zapaldu. Ez dugu zer ospatu, baina badugu zer esan. Ez gara iragana, arbasoen memoria soilik aldarrikatzen ari; ez da joandako mendeen malenkonia, etorkizun-irrika baizik. Geurea denez geuk, gure nahierara, eraikiko dugun etorkizunaren irrika, alegia.
Amets Bide, Ordiziako dantza talde eraberritua
Ordiziako dantzari eta dantzazale talde gogotsu bati esker, orain 45 urte sortutako Amets Bide dantza taldea berpiztu da, aro berri bati atea irekiz.
Dokumentuaren akzioak