Dokumentuaren akzioak
Fandango sentsuala
Izan liteke fandango bat sentsuala? Eztabaida hori izan nuen aspaldi ikastaro bateko partaide batekin. Haren ustez, ezinezkoa zen trikitixaz edo txistuz lagundutako fandangoa eta arin-arina dantza xalo, azukretsu eta folklorikoa baino askoz gehiago izatea. Sentsuala izateko, merengea dantzatu behar zen.
Estereotipo kontu bat izango da. Herrialde latinoak umoretsuak eta euskaldunak langileak garen moduan, merengea sentsuala da, eta geure dantzei zimaur usaina darie. Zortzi abizen euskaldunei buruzko zinematografiak laguntzen digu ikuspegi hori sendotzen.
Hortik aurrera, gehienez ere, geure aldarrikapen-liturgietan Agurra transzendentalak dantzatzeko balio du euskal dantza tradizionalak.
Asko dira gaur egun akademietara joaten direnak aretoko dantzak eta bestelakoak ikastera. Hiper-estimulatutako gizarte batean bizi gara. Dibertitzeko zerbait berria behar dugu etengabe, eta gure dantzak ahaztu nahi dugun iraganaren parte dira. Are gehiago, gure konplexuen ispilua dira.
Baina geure transmisio sistemikoaren barruan daude fandangoa, arin-arina edo pasodoblea. Ez merengea. Barneratuta dauzkagu, baina ez ditugu onartzen. Ezin dugu onartu estetikoki zalantzagarria eta manierismoz betetako dantza zail bat denik dibertitzeko eta sozializatzeko euskal dantza.
Euskal dantzaren hurbileko historian, erromerietako dantzak ikuskizun bihurtu ziren lehenik. Txapelketen loraldia iritsi zen segidan. Esan liteke txapelketek hedatutako sueltoko estiloarekin aireratu zirela fandagoa eta arin-arina. Gozatzeko dantza, plazako dantza parte-hartzailea, ikuskizun hutsa bihurtu zen publiko handi batentzat.
Ez da beti hala izan. Duela bi mende Bartolome Madariaga fraileak erromeria bat deskribatu zuen, eta hala zioen: “noiz aurpegiarekin, noiz besoekin, noiz sabelekin, noiz alboekin” elkar ukitzen eta jotzen, “bai neska eta mutil, keinu lizun eta lotsagarriak galdetu gabe egiten elkarri”. Fandagoari eta arin-arinari buruz ari da.
Frai Bartolomek bazekien dantzak funtzio garrantzitsua betetzen zuela polisaren espazioan. Hain zuzen, eliza etengabe saiatu zen plazako dantzen alderdi ludikoa eta seduktorea zikiratzen. Bikoteko dantza eta kontaktua hautsi, eta dantzakideak elkarrengandik aldendu zituen. Saiakera arrakastatsu horren oinordekoak dira gaur egun plazetan ikusten ditugun korro handiak.
Ardura guztia elizari leporatzea ez da zilegi dena den. Dantzariok eta dantza-taldeok ere badugu arduraren beste zati bat. Plazan bereiztu genituen dantzan zekitenak, eta ez zekitenak. Eta plaza bera ere erakustaldietarako gunea eta unea bihurtu genuen. Bizkarra eman genien graziari, estiloari eta gustoari.
Izango ez da bada, fandangoa sentsuala? Horretarako bi ezaugarri behar ditugu: fandangoa dantzatzen jakitea, eta sentsuala izatea.
Fandangoa, jota, arin-arina… Plazako dantzak lurtartzen ari dira berriz, eta erraz eta azkar ikasteko moduko ikastaroak gaur egun badira nonahi. Sentsualtasuna ordea, ez da dantzari berez dagokion ezaugarria. Norberak egin beharreko ariketa da. Ariketa ederra.
Horretan lagunduko digu mandioko argi-fokuak itzaltzeak, musikaren bolumena gutxitzeak, eta dantzakidearengana arrimatzeak. Begiradaz eta usainez betetako gorputzen komunikazio dantzatuak.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Gari Otamendi
Añorga, 1980
Añorgako Dantzariak eta Donostiako Argia taldeetako dantzaria. Gaur egun dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz lanean Gipuzkoako Dantzagunean. Musikari gisa, dantza gozatu nahi dutenentzat arrabita jotzen gozatzen dut Errebal taldean.
Twitterren @arrabita naiz, eta Facebooken ere aurki nazakezue.
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on Duintasunaren sarrailak 2018/02/27
- Patxi Montero on Ez da kasualitatea 2017/05/11
- Patxi Montero on Egia gordin bat 2017/01/16
- Iñaki Zugasti on Kolakau dekonstruitua 2016/04/06
- Oier Araolaza on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
- Xabier Etxabe on Guillermo Altuna dantza-maisua hil da 2014/10/03
-
oier on Quinto, levanta
oier2008/09/14
-
aritz on Quinto, levanta
aritz2008/09/14
-
gari on Horrelako gehiago egin behar dira
gari2008/06/11
-
oier on Horrelako gehiago egin behar dira
oier2008/06/11