Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Arte eszenikoak, prestigio txikiko eta prekarietate handiko arteak

Dokumentuaren akzioak

Arte eszenikoak, prestigio txikiko eta prekarietate handiko arteak

2024/12/16 08:00
Arte eszenikoak, prestigio txikiko eta prekarietate handiko arteak

Ura jaten azaleko irudia: Sara Galan Alonso

Prestigio gutxiko sektoreak dira antzerkigintza, dantza... agerikoa da prekarietatea nagusi dela arte eszenikoetan. Kulturatik bizitzea ia ezinezkoa da, baina Garazi Lopez de Armentiak alde onik ere ikusten du baldintza kaskar horietan:

Beharrek eta dirulaguntza faltak tresna propioak sortzera bultzatu gaituzte, besteak beste. Nik hori asko eskertzen dut, etengabe gure egoeraren birplanteatzea egitera behartzen gaituelako: hartara, benetan nahi duguna egiten dugu.

Eta Idoia Zabaletak profesional vs. amateur gaiaren aurrean bigarrengorako hautua egiten du Maddi Goikoetxeak egindako elkarrizketan:

Idoia Zabaleta: Niri amateurismoa asko gustatzen zait, beti izan naiz oso zalea, izan ere, amateurrek gauzak pultsioagatik bakarrik egiten dituztela esan genezake: egiteko desiragatik eta egite hutsaren plazeragatik. 
Maddi Goikoetetxea: Burura etorri zaidana amateur kontzeptuari lotutako gutxiespena izan da: hau da, hobbyekin erlazionatuta, pixka bat infantilizatuta...
GZ: Nik amateur mundua balorean jartzen dut, horrenbeste baldintzapenik ez duen etapa bat dela iruditzen zaidalako. Aurrekoan sortzaile gazte bati zera entzun nion: arteaz bizitzea ez lortzea porrot moduan irakurtzen dela. Baina errealitatea da oso artista gutxi bizi direla beren artetik. Porrot hori onartu behar dugu. Ni, adibidez, Azalako kudeatzaile izatetik bizi naiz, artea eta sorkuntzarekin guztiz lotuta dago baina ez naiz artista, ez naiz neure sorkuntza artistiko propioetatik bizi, eta ez naiz biziko. Denbora asko pasa dezakezu hori disimulatzen.

 

Kulturaren desprestigiatuta dagoela sumatzen da. Askotan ekonomikoki errentagarria ez dela uste baita; hori, ordea, balorea aitortzen ez zaiolako da. Gizarte batean arteak garatzearen garrantzia azpimarratzen du Idoia Zabaletak, bere ustez gizartean aurrerapena egon dadin, lehenik, arteetan eman behar da garapena:

artistok aurreratu egin behar gara. Arteak garatzen ez badira, zer aukera ematen diogu gizarteari garatzeko? Gauza horietaz ez konturatzea larria da, arteei beren eginkizuna ez aitortzea gizarte galdu baten seinalea baita. (...) Agerikoa da kulturak ez duela prestigiorik gizarte mailan, eta are gutxiago politikarien artean: azkenetan azkena da, ez dago inondik inora ere baloratuta, eta berdin gertatzen da estatu mailan ere. Nire ustez horrek jatorri historiko bat dauka: Espainian diktadura bat izan dugu, ez da benetako trantsiziorik egon. Horren ondoren, 90eko hamarkadan Europan izan zen prozesuak eragina eduki zuen: kultura debekatuta edo diktaduraren menpe egotetik, “liberalizazio” eta globalizazio egoera batera igaro zen. Diktadurarik izan ez duten herrialdeei begiratzen badiegu aldea nabarmena da: Frantzian, adibidez, kultura askoz ere baloratuagoa dago. Euskal Herriak zenbait alorretan Estatu espainiarraren historiatik kanpo egon nahi badu ere, horren parte izan da, eta erabat baldintzatuta dago.

Garapenerako, ordea, garrantzitsua da arte eszenikoen eta arteen garrantziaz jabetzea, eta diru-laguntza publikoak kudeatzen dituen administrazioaren eta artisten artean arrakala ikusten du Lopez de Armentiak:

Ez dakite sakonean gizartearen testuinguruan duten zentzua, eta niretzat hori da banatzen gaituen lehenengo gauza. Batzuetan produktu bat bezala ikusten gaituzte, eta ez nago horrekin ados. Guk artisautzat dugu geure burua, proiektuak poliki egostea gustatzen zaigu, laborategi izaera dugu, hau da, esperimentala. Hori kontuan hartuta denboraren kudeaketak ez du zentzu askorik: lehen bi urterako dirulaguntza bat jasotzen genuen, eta horrek gaitasun handiagoa ematen zigun. Egun, dirulaguntza gehienak urtebetekoak izaten dira. Orokorrean, prozesuko denborari ez zaio garrantzirik ematen; bai, aldiz, lanak atzerrian erakusteari eta teknologia berriei.

“Antzerkiak prestigio sozialik ez duen artean, prekaritatera kondenatuta dago” hipotesitik abiatuta hainbat elkarrizketa sakonak egin ditu Maddi Goikoetxeak Euskal Herri osoan zehar. Batez ere antzerkigileekin aritu da; baina arte eszenikoak bere osotasunean hartuta, tartean, Garazi Lopez de Armentia (Gasteiz, 1984) eta Idoia Zabaleta (Gasteiz, 1970) dantzariak ere elkarrizketatu ditu Ura jaten liburuan.

Liburua: Ura jaten, Maddi Goikoetxea Juanena, Susa, 2023. Elkarrizketak: Garazi Lopez de Armentia Olabe, Idoia Zabaleta Moran

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.