Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Sabin Egiguren, bizitza euskal folklorearen alde

Dokumentuaren akzioak

Sabin Egiguren, bizitza euskal folklorearen alde

2018/05/08 10:25
Sabin Egiguren, bizitza euskal folklorearen alde

Sabin Egiguren. Argazkia: Marisol Ramirez/ Foku/ Berria

"Esan diezadala norbaitek nork dantzatzen dituen dantza tradizionalak! Lehengo baserritarrek bezala dantzatzen dituzte? Egun, barra klasikoa asko egiten da, behin eta berriz, eta dantzatzeko modua aldatu du horrek." Sabin Egiguren omendu dute euskal folklorearen alde egindako lanagatik. Omenaldiaren aitzakian, Berria eta Deia egunkariek Egiguren elkarrizketatu dute, bere ibilbide oparoaren eta dantza erakusteko norabidearen inguruan.

Oraindik ez du bere jarduna alde batera uzteko inongo asmorik, klaseak ematen eta elkartean lanean jarraitzen du. Kultur ondare aberatsa aurki daiteke Bizkairen artxiboan: Euskal folklorearen 4.000 orduko grabazioez gain, milaka dokumentu, kartel, liburu, euskal dantza tradizionaleko materiala… Egunen batean material horrek esku publikoetara iritsi beharko duela dio Egigurenek, baina ez dagoela bere esku. Kultura erakundeek euskal folklorea behar bezala ez baloratzea salatzen du.

68 urte dantzan

Bittor Olaetarekin hasi zen dantzan 10 urte zituela, 1950. urtean. 19 urterekin Bizi Nai taldera joan zen eta 1962an Gaztedi taldean hasi zen. Uztailaren 25 batean, Garaiko (Bizkaia) jaietara joan eta han aurkitu omen zuen  “benetako” euskal dantza tradizionala. Horrela hasi zen euskal folklorearen ikerketan murgiltzen. Hainbat dantza taldetan eta folklorearen bilketan ibili zen ondorengo urteetan, 1960ko hamarkada amaieran Euskal Dantzarien Biltzarraren sorreraren bultzatzaileetakoa izan zen. 1976an, Euskal Dantza Herrikoiaren Santutxuko Eskola sortu zuen, egun BIZKAI euskal dantza tradizionaleko eskola deitua, ordutik euskal dantza tradizional eskolak ematen dihardu. Hil honetan, adibidez, Durangoko merindadeko folklorearen XVII. ikastaroa antolatu du.

Garaiko dantzak mugarri

Esan bezala, Garaiko dantzak Egigurenen ibilbidearen mugarria izan dira. Zur eta lur geratu zen, "Aurresku eta atzesku erabat ezberdinak ikusi nituen, eta horrek ikuspegia aldatu zidan; niretzat bataio bat bezala izan zen. Liburutegi bat egitea pentsatu nuen, eta dantzan heztea erabaki nuen". Asko irakurtzen zuela dio eta beti onenaren bila joaten zela, Euskal Herri osoan zehar ibili da tokiko dantzak behar bezala ezagutzen. "Nik dantzak ziren bezala ezagutu nahi nituen, ez dantza talde batean dantzatzen zen moduan". Horrela, Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketa Nagusia antolatzen jardun zuen. "Ez nuen folklorea ez zen beste ezer bilatzen, baina Euskal Herriko azken muturreraino joaten nintzen hemen sekula aurkeztu ez ziren gauzak erakusteko".

Egiguren eta ingurukoak asko mugitzen ziren dantzak ikastera, baina ez omen zuten aukerarik horiek taula gainera eramateko. Jende falta ere bazegoen, eta orduan pentsatu zuten helduentzako dantza eskola sortzea. Dantza eskola sortu zutenean, esaten omen zieten utopia zela, baina errealitate bihurtu zuten. “Kaleko jendeak eman zuen izena, 150 bat ikaslek. Edozein adin zein ogibidekoak".

Elkarrizketak: "Egun, barra klasiko asko egiten da, eta dantzatzeko modua aldatu du horrek" (Berria, 2018-05-06), Utopia baten 40 urte (Deia, 2018-04-22)

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.