Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Joseba Tapia: "Euskararen munduak ere ez gaitu babesten"

Dokumentuaren akzioak

Joseba Tapia: "Euskararen munduak ere ez gaitu babesten"

2018/02/20 11:05
Joseba Tapia: "Euskararen munduak ere ez gaitu babesten"

Joseba Tapia. Argazkia: Argia/Dani Blanco.

"Bertsolaritza, adibidez, “euskara” da. Gu ez, gu “kultura” gara. Euskalgintzak berak ere ez gaitu aintzakotzat hartzen". Aho bilorik gabe hitz egin du Joseba Tapiak Argiarako Miel Anjel Elustondok egin dion elkarrizketan. Trikitixa musika babes gabe sumatzen duela salatu du, eta esaten dituenak dantzaren mundura ere baliagarriak direla iruditu zaigu guri.

Joseba Tapia trikitilaria, musikaria, sortzailea, artista... Soinu txikiaz eta handiaz, instrumentuak irakasteko metodoaz, lehengo eta oraingo trikitilarien jardunaz edota trikitiaren orainaz eta etorkizunaz aritu da.

Babesik gabe utzi dituztela trikitilariak esaten du Tapiak: "Munduko musika guztietara ireki ditugu geure buruak, eta munduko enpresa eta konpainia handi guztien kontra lehiatu behar dugu, gauza inposiblea. Gure bitartekoak korporazio handiek zuzentzen dituzte, eta ezin dugu hurbildu gure gazteen aurrera ere, multinazional handien musika kontsumitzen baitute, ez gurea. Gure musika kontsumitzekotan, kontzientzia izan beharko lukete, kritikoak izan, eta hau eta hura. Trikitilariok hilda gaude, ez daukagu lehiatzerik, euskararen munduak ere ez gaitu babesten".

Tapiaren arabera, euskararen munduak ere ez ditu babesten trikitilariak, "Bertsolaritza, adibidez, “euskara” da. Gu ez, gu “kultura” gara. Euskalgintzak berak ere ez gaitu aintzakotzat hartzen. Gure txikizioa begi bistakoa da. Euskarazko kantagintza zeharo babesgabetua dago. Azkena noiz entzun duzu euskarazko kantu bat? Non?... Trikitiari lekua egin zaio beste musika batzuetara hurbildu denean, trikipop, trikifolk, trikirock eta beste. Kasu horietan, txalotu egin da trikitia musika horietara gerturatzea, baina gerturatzea txalotu dute kritikariek, esate baterako, ez trikitia bera. Trikitia bera hiltzen utzi dugu, bazterrean. Gaur egun ere, kontsumo giro horretan mugitzen den trikitia onartzen da, ez besterik.

Honakoa da, Joseba Tapiak, soinu txikiari opa dion etorkizuna: "Nik tresna guztiekiko lilura daukat, ez bakarrik soinu txikiarekikoa. Kontua da instrumentuekin zer egiten den. Hor dago koxka. Kontua da zer gertatuko den euskararekin, zer gertatuko den hemen sortzen den kulturarekin… Ez naiz oso optimista ere, baina egingo du, ezkerrera edo eskuinera, baina egingo du. Izango da musikarik. Gainerakoan, ez nau kezkatzen. Guk ere parte hartu genuen lehengo musikaren desagertzean. Garai batean behar jakin batzuk izan zituzten, eta trikitiak bere lekua egin zuen. Hala ere, instrumentuarekiko zorrik ez dut sentitzen, bai ordea, musikarekikoa. Eta musikarekikoa ere, ez modu neutroan, errespetu eta seriotasunean baizik".

Elkarrizketa: Joseba Tapia: "Euskararen munduak ere ez gaitu babesten" (Argia, 2017-12-10)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.