Dokumentuaren akzioak
Marisa Barrena, kulturartekotasuna eta parekidetasunaren aldeko borrokalaria
Korrontearen kontra aritu behar izan du sarri Marisa Barrenak (Zornotza, 1951) Durangoko Kriskitin dantza taldeko kideak, izan militantzia politikoan, borroka feministan edota dantza munduan. Kausa galdu guztien aldekoa omen da, baina noizbait irabazi ere irabazten du Barrenak; bere borroketako bat ari da argia ikusten, emakumeak dantzari-dantza dantzatzen hasi baitira Durangaldeko zenbait taldetan eta lekutan. Kontu ugari gordetzen ditu Marisa Barrenaren bizitzak eta horietako batzuk jaso dituzte berriki Miel A. Elustondok Berrian eta Danele Sarriugarte Argian egin dizkioten elkarrizketetan.
Duela 32 bat urte hasi zen Durangoko Krisikitin dantza taldean, taldea ahul xamar zegoen nonbait eta Juan Antonio Aromak akuilatuta. Bi helburu nagusi izan dituela azaltzen du: kulturartekotasuna eta parekidetasuna bultzatzea.
Kulturartekotasunari dagokionez, batez ere, gazteei begira aritu da: "ikus zezatela munduko beste tokietan ere egiten dela dantza, tradizionala eta bestelakoa, eta antzekotasunak daudela, ez dela gurea bakarrik, Burgosen ere egiten dituztela antzeko dantzak, edo Polonian".
Parekidetasunean, berriz, dantzari-dantzan emakumeek parte hartzea izan da borroka nagusia: "Durangaldean, Dantzari dantza da gure marka, zazpi edo zortzi dantzaren multzoa da. Hori mantentzeko eta hori bultzatzeko, Gerediaga elkarteak 50 urtez antolatu du Ezpata dantzari eguna. Egun hori antolatzeko bilera batera joan nintzen, eta planteatu nuen emakumeek ere egitea dantzan, eta ezetz esan zidaten: inondik inora! Gero, Kriskitinen, talde mistoa ginenez, asanbladan erabaki genuen ez genuela parterik hartuko jaialdi horretan, neskak eta mutilak joan arte. Eta, horrela, urteak joan dira".
Baina urtetako lana eta borroka ari da fruitua ematen, "2015ean, Durangoko jai nagusian, talde mistoa atera zuen Kriskitinek Dantzari dantzara, eta normaltasun osoz hartu zuen jendeak. 2016an, berriz, Gerediagako Ezpata dantzari egunean hiru neska ausartu ziren dantza egitera gizon guztien artean, eta 2017an, ordea, gure lau neskak egin zuten dantza Iurretako plazan lehenengo aldiz. Egun gogoangarria izan zen benetan, zeren bazeuden 84 gizon eta lau andre. Haientzat izan zen erronka itzela eta niretzat satisfakzio izugarria. Gainera, esan behar da oso ondo egin zutela".
Betaurreko moreekin bizi da Marisa Barrena eta horiei esker aurkitu omen du Maria Francisca Escolastica dantzari durangarra. Durangon famatuak izan dira De la Fuente Bolangero familiako Plateruak (zilarginak), asko idatzi izan da bi anaien inguruan, "batak dantza egiten zuen, eta besteak, berriz, soinua jo eta poemak eta bertsoak idatzi"; baina inork ez zuen ezagutzen beraien arreba dantzaria, "orain berrehun urte Parisen argitaraturiko liburu batean, [Juan Antonio] Zamakolak idatzi zuen Plateru dantzariak arrebarekin egiten zuela dantza, eta pentsatu nuen: bada orduan dantzaria izango zen arreba ere! Elizako paperetan hasi nintzen haren bila, bataio-agirietan, eta seme-alaben artean bera zenez neska bakarra, erraz aurkitu nuen gure Maria Escolastica".
Elkarrizketak: "Askotan egon naiz galtzaileen aldean, baina ez ditut kausa guztiak galdu" (Berria, 2018-08-12); "Irakasleok motibatuta ez bagaude, nola motibatuko dugu parekoa?" (Argia, 2018-12-02).
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Puntapioa
Eguneroko prentsa artaziekin begiratzen duzunean.
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- Oier Araolaza on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- Xabier Etxabe on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- trabudua uriarte on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- trabudua uriarte on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- Oier Araolaza on Dantza hitz egiten dugu
- Aritz Ibañez Lusarreta on Dantza hitz egiten dugu
- Oier Araolaza on Ez dago aurreskurik sokarik gabe 2019/12/16
- Patxi Montero on Ez dago aurreskurik sokarik gabe 2019/12/16