Dokumentuaren akzioak
Maria Pilar Urriza: "Zortzikoa soilik dantzatzen dut mozorrotuz gero, bestela ez"
Lantzeko zortzikoa ere irakatsi diezu askori eskolan. Nola ikasi zenuen?
Nagusiei begira ikasi nuen, gaztetan. Dantzan ikusten nituenean, gustatzen zitzaidan, eta nagusien artean baziren oso ongi dantzatzen zutenak. Navarra las cuatro estaciones [Nafarroa lau urtaroak] dokumentalean ongi ikusten da, bukaeran: zaharrak kaleko jantzita ageri dira dantzan. Itxura, mugimendu eta jarrera diferentea dute oraingoarekin alderatuta. Nik neuk ere, nahiz eta hori dantzatu, jarrera hori ez dut. Urratsak eginen ditut, erritmoa jarraitu, baina haiek bazuten erritmo edo gauza berezi bat.
Inauteriak debekaturik izan ziren 36ko gerraren ondoren. Erabat desagertu ziren?
Inauteriak 1964an hasi ziren. Hala ere, beti ospatu ditugu inauteriak igande, astelehen eta asteartean. Gizonek bazkariak eta puska biltzeak egiten zituzten etxerik etxe. Txistorra, xingarra eta arrautzak ematen zizkieten, ostatuan bazkariak eta afariak egiteko. Merenduak etxerik etxe egiten zituzten. Orduan, emakumeek ez zuten parte hartzen otorduetan. Guretzat dantzaldia akordeoilariarekin, eta haiek jan eta jan. Gerora, etxez etxe lau-bost laguneko kuadrilletan joatearena kendu zuten, oraingo inauteriarekin hasi ginenean jende anitz etortzen zelako. Bazkariak mantendu zituzten, eta hasi ziren txistuarekin eskean joaten, baina talde bakarrean; orain etxeetan sartzen dira 40 inguru batera. Buelta horren ondoren mozorrotzen dira, eta, batzuk oso kontent daudenez, ba, berandu ateratzen dira beti.
Frankismoan ez ziren mozorrotzen, beraz?
Ni txikia nintzenean, mutilak tapatu egiten ziren, maindireekin bada ere; lasterka ateratzen ziren kalera, eta gure atzetik ibiltzen ziren. Ni behin etxe bateko eskailera batean gora harrapatu ninduen mozorro batek, eta esan zidan: «Ez zaitez beldurtu, ez zaitez ikaratu, 'ez dakit nor' naiz». Noski, estalirik heldu ziren, ba, beldurra ematen ziguten! 10 urte nituen! Dena den, esaten zutenean: «Guardiak heldu dira!», orduan denak ezkutatzen ziren. Hemen beti saiatu dira beztitzen. Miel Otxin ez zuten egiten, noski, hori asko ikusten da, baina beztitzen ziren, bai. Baina, guardiak etortzen baziren, mozorroa kendu behar zuten.
Nola hasi zineten emakumeak inauterietako komitiban parte hartzen?
Bai, gogo handia genuen ateratzeko. Egia esan, hemen ez zen inolako problemarik izan emakumeak onartzeko, beste toki batzuetan gertatu den bezala. Besterik gabe, gu bestetan dantzatzen ginen gaztetatik. Naturalki egin genuen, ez genuen hitz egin ere. Lehenbiziko aldiz, 40 urte ingururekin jantzi nintzen inauterietan. Eta bazkarietan parte hartzearena, hori bai, hori berriagoa izan da. Guk ez genuen ostatuan bazkaltzen, baina hasi ginen bestetan emakumeen bazkaria prestatzen. Geroago, neska gazteak nagusiekin batera sartzen ziren inauterietan; jende gutxi zegoen, eta gazteak ere sartzen ziren. 20 urteak pasa zituztenean, esan zuten: «Eta guk zergatik ez dugu ostatuan bazkalduko?», eta horrela hasi ziren.
Elkarrizketa osoa: «Zortzikoa soilik dantzatzen dut mozorrotuz gero, bestela ez» (Berria, 2018-06-24)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Puntapioa
Eguneroko prentsa artaziekin begiratzen duzunean.
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- Oier Araolaza on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- Xabier Etxabe on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- trabudua uriarte on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- trabudua uriarte on Sabin Bikandi: "Gizakiak berezkoa du dantza egitea, baina gure gizartean zikiratu egin dugu erantzun hori"
- Oier Araolaza on Dantza hitz egiten dugu
- Aritz Ibañez Lusarreta on Dantza hitz egiten dugu
- Oier Araolaza on Ez dago aurreskurik sokarik gabe 2019/12/16
- Patxi Montero on Ez dago aurreskurik sokarik gabe 2019/12/16