Iurretan 1995ean andreek soka-dantza nola plazaratu zuten idatziz jasoa du Jon Irazabalek. Izan ere, 1837ko San Migel jaietan emakumeek osatutako aurreskua dantzatu zela ikusita, arrasto haiei jarraika, kopla doinuz lagundutako soka-dantza ikasi eta kaleratu zuten Iurretako emakumeek.
Dantza eta dantzari: Plazaratze bat
Gerediaga Elkarteko lanak direla eta, sarri Bilbora joan beharra izaten nuen. Betebeharrak bukatu ondoren, ia beti Particular de Euskalduna kalean Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak zuen egoitza izaten zen azken aurreko parada, Jon Gaminde, Iñaki Irigoien eta Jon Pertikari bisita egitera. Honelako egunetariko batean, 1995ean, Iñakik aipatu zidan RSVAPeko boletin batean irakurri zuela nola Edward Bell Stephens izeneko kazetari ingeles batek lehen karlistada gerrako bere bizipenak liburu baten bildurik argitaratu zituela, eta bertan Iurretan 1837ko San Migel jaietan neskak plazaratutako sokadantza kontatzen zuela. The Basque Provinces: Their Political State, Scenery, and Inhabitants; With Adventures Among the Carlists and Christinos izenburuko liburua 1838an Londresen aipatutako Edward Bell Stephensek argitaratuta zegoen. Hainbat jirabira ondoren, azkenik Edwarden liburua Madrilen Espainiako Biblioteka Nazionalean aurkitu nuen. Ostiral batean hartu autobusa Bilbon eta Madrilera, Biblioteka Nazionalera, eskuratu dokumentazioa eta berriz etxera. Liburua ingelesez idatzia, eta, nire ingelesa eta Txirritarena antzerakoak izanik, Rosa Lejardik gaztelerara itzuli zizkigun liburu haren Iurretari buruzko orriak.
Merezi zuen, 1972an domingilluarekin egin zen bezala, saiakera bat egitea sokadantza hau berreskuratzeko. Iurretako neska dantzariei proposatu, eta hasiera batean ez zuten euren burua kapaz ikusten erronka horreri aurre egiteko, baina azkenik animatu ziren saiakera bat egitera. Hasieratik dantza taldeko neskek eta baita bultzatzaileek ere ez zuten nahi andreen sokadantza mutilen sokadantzaren kopia bat izatea. Bere pertsonalitate propioa izan behar zuen. Joseba Agirre Iketza-k eta Antton Mari Aldekoa-Otalorak, ekin zioten dantza prestatzen eta neskei erakusten. Eurek biek neskekin batera erabaki zuten txistuaren ordez Humbolt-ek XIX. mendearen hasieran batutako San Sebastian koplak kantatuz dantzatuko zutela.
Aurreskuan:
Abarketak urratuta
zapatarik ez,
Bermion gelditu naz
oiñetako miñez.
Hauxe dok egia, zortziko barria, hiru txiki pagaturik librako ogia...
Eta atzeskuan:
Hauxe da San Sebastian, orai dantzau gaitian,
ia goaz erdian aurrera...
Udaberri eta uda hartan Iketzak eta Anttomarik lan handia egin zuten neskek bai kantuak eta bai dantza bera ikas zitzaten. Arratsalde asko eman zuten Iurretako egiten. Ez zen belaunaldi batetik beste batera transmititzea dantza bat, baizik eta sokadantzaren inguruan ezagutzen genuena eta eskuratutako datuekin galduta sokadantza, eskuratutako jakingarrien bidez, berreskuratzea. Kasu hauetan zenbat eta gehiago ezagutu gutxiago dakizula konturatzen zara. Azkenik, hainbat ordu sartu ondoren, neskak prest zeuden sokadantza plazaratzeko. Janzkerari buruz, lehen momentutik argi zeukaten neskek, ahal bazen, ez erabiltzea gorulari dantzako arropak. Ez zegoen arropa berriak egiteko denborarik.
Nola konpondu? Ba... betiko bidea. Basurtura hurbildu eta Beti Jai Alai dantza taldeko Jon Pertikari abuztuaren 15ean Begoñako aurreskuan erabiltzen zituzten arropa batzuk uzteko eskatzea.
Neskek erabaki zuten aurreskua Ziortza Aldekoa-Otalorak egitea. Ziortzak San Migel eguna baino egun batzuk lehenago istripu bat izan zuen, eta Estik, bere ahizpak, hartu zuen sokan bere tokia. 1995eko San Migel egunean, arratsaldez, Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldeko jantziekin apaindu ondoren, Karmelo Barruetabeñaren txistuaren deiari erantzunez, Estibaliz Aldekoa-Otalora aurreskulari zelarik, plazaratu ziren sokan Ziortza Aldekoa Otalora, Agurtzane Jaio, Miren Arroi- tajauregi, Alaitz Gerediaga, Miren Abasolo, Eider Abasolo, Leire Areitio, Amagoia Zuazo, Itziar Belar, eta, atzeskulari gisa, Leire Aldekoa-Otalora. “Abarketak urratuta zapatarik ez...” kantatuz dantzatu zen aurreskua, eta ondoren, “Hauxe da San Sebastian...” doinuarekin, atzeskua. Aurreskuan Jose Javier Abasolo Tiliño atzeskuan Jose Antonio Artze, Zamalloatarren Bargundia baserrian gonbidatu zegoen euskal olerkari, ikerlari eta musikaria, plazaratuz. Soltean dantzatu eta biribilketak burutu ondoren, txosna ostera joan zirenean neskak euren mutilekin ohiko kopoa egitera, konturatu ginen Iurretako neskek plazaren beste zati bat berreskuratu zutela berriz.
Hau da, pauso txikiekin ere bide luzea egitea posible dela.
Iurretako berbeta eta literatura: sator hegalariak liburuan. XIX. mendetik gaur arte Iurretan euskaraz idatzitako kontuak biltzen dituen liburua editatu dute Joseba Sarrionandiak eta Xabier Bovedak berriki eta dantzari aurreko lerroetan jaso dugun buruzko ataltxoa agertzen da 360-361 orrietan. Jon Irazabalek 2021ean Kañupen argitaraturiko Dantza eta dantzari kronikak: Plazaratze baten kronika artikulua da. Irazabal aurtengo abuztuan hil da; Gerediaga Elkarteko kide eta Durangoko Azokako zuzendaria ia 30 urtean. Durangaldeko historiaren inguruan ikerketa ugari egin zituen, besteak beste, folklore eta dantza tradizionalari lotuak.