Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Itziar Mendizabal: "Royal Balleten irakasle izan naiteke, baina Donostiako eskolan ez"

Dokumentuaren akzioak

Itziar Mendizabal: "Royal Balleten irakasle izan naiteke, baina Donostiako eskolan ez"

2019/10/08 08:15
Itziar Mendizabal: "Royal Balleten irakasle izan naiteke, baina Donostiako eskolan ez"

Itziar Mendizabal. Argazkia: Berria

Oin puntetan bizi da Itziar Mendizabal (Hondarribia, Gipuzkoa, 1981) lau urte zituenetik. Ballet klasikoa ikasten hasi zen Hondarribian eta hamalau urterekin Madrilera joan zen dantzara; hamasei urterako profesional gisa ari zen. Europako hainbat konpainiatan dantzatu ondoren, egun Royal Balleteko lehenengo dantzaria da. Bere dantza ibilbideaz, eguneroko lanaz edota Euskal Herriko dantzaren egoeraz aritu da Ainhoa Sarasolak Berrian egin dion elkarrizketan.

Hondarribia, Madrid, Zurich, Leipzig eta azkenik Londres. Mendizabalek duela bederatzi urte arte ez zuen imajinatu ere egiten horraino iritsiko zenik. Leipzigeko konpainian ari zela ea Royal Balleteko frogarik egin al zuen galdetu zion koreografo batek, "Ezetz esan nion, hara ez zelako kanpotik inor sartzen; normalean eskolatik joaten dira karrera egitera, edo munduko izarrik hoberenak hartzen dituzte, baina bestela...". Sarbidea zaila izan arren, koreografo hark Mendizabalen bideo bat erakutsi zien Royal Balletekoei. Astebetera froga egiteko deitu eta lehen bakarlari kontratua eskaini zioten.

Printzesa baino nahiago sorgin

Eguneko zortzi ordu dantzari eskaintzen dizkio: beroketak, klaseak, entseguak eta ikuskizuna; "Badago jendea uste duena iristen garela gauean, ikuskizuna egin, eta, gainerakoan, egun osoa libre izaten dugula [barrez]. Baina ez, egun osoa ematen dugu entseatzen". Normalean izaera indartsukoak edo dramatikoki indartsuak diren rolak interpretatzen dituela azaldu du, "Gaizto rolak, printzesarenak normalean ez [barrez], edo prostitutarenak bestela". Antzezpena eskatzen dute, baina hori omen da Mendizabalen puntu fuertea. Gustuko ditu paper horiek, dibertigarriak direla dio, "Egia esan, printzesarena baino, nahiago sorginarena egin [barrez]".

Gabeziak Euskal Herrian

Euskal Herriko dantza munduan hutsuneak ikusten ditu Mendizabalek. Dantza klasikoan ibilbidea egin nahi duten gazteak atzerrira joan beharrean aurkitzen direla dio edota Euskal Herrian ez dela askorik programatzen uste du. Dantzari profesional batek irakasle aritzeko ere mugak ditu, lehen pertsonan ikusi du hori, "Duela gutxi Donostian lan poltsa bat atera zen dantza eskolarako, eta ezin izan dut parte hartu, ez dudalako titulurik". Euskal Herrian dantzari karrera ez da kontuan hartzen, Europako zenbait lekutan ibilbide profesionala aurkeztuta titulua eskuratzen da. "Royal Balleten irakasle izan naiteke, baina Donostiako eskolan ez".

Elkarrizketa osoa: Bizitza oin puntetan (Berria, 2019-08-13)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.