Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Elkarri ebatute Anbren dantzan

Dokumentuaren akzioak

Elkarri ebatute Anbren dantzan

2025/12/19 09:15
Elkarri ebatute Anbren dantzan

Aldeko Bixente Aranburu eta Etxebarriko Bixente Aranburu, Bengoko Eugenio Aranburu eta Bengoko Gregorio Aranburu, eta Isidro Bekutei. Argazkia Eneritz Aranburuk utzitakoa.

Mallabiko (B) Anbre tabernari buruzko artikulu ederra argitaratu du Eneritz Aranburu dantzari, pandero-jole eta kantariak Ermua-Mallabiko Drogeteniturri aldizkarian. Izen bitxiko taberna horren inguruko kontu politen artean, dantzarako giroa ere izaten zela bertan irakurri diogu eta artikuluan gizon batzuk tabernan dantzan erakusten dituen argazkia ere jarri du Aranburuk. Tartean, bi gizonezko elkarri lotuta, helduta edo "ebatute" artikuluan idatzi bezala.

Anbre taberna, bizitzaren joan etorrixen testigu

Testua: ENERITZ ARANBURU

Aldaketa haundixek jasan dittu inguruek: bidie zabaldu, aparkalekue kendu, autobus geltokixek lekuz aldatu, Izartza erreka gainien zubixe egin, Anbreko bolatokixe zana aparkaleku bihurtu, Mallebiko lehenengo semaforuek be obra hau dala eta ipini ditxue Goitxondoko etxie baino goratxuago. Segurtasune dala eta biherrezko zien aldaketek baina, urte askuen baserri girotik industrializaziorako jauzixan testigu izen dan Anbreko tabernie be aldatu erain dabe.
Angel Zelaieta bertako semiek idatzi baten kontatzen dabenez “Diputazioan peoe-kamireñu ziharduen gazte heldu xamarra ezkontzen zen, etxean neskame zeukaten neskatila gaztearekin”. Josepa Gisasola eta Damian Zelaieta ezkondu zirenien, dote dexente samarra eduki ei eben. Halan, Damianek eta Josepak bidegurutze baten egin eben etxea Arrangizgana bidean. 
1933. urtea zan. “Bidegurutzea zegokion deitura” dino Anjel semeak bere idatzian, baina etxeari gailurra emoterako orduen arte-adarra josi eta afaria edo montxorra egittie tokokatzen zala-eta, “ez zutela ezkonberriok, edo euron gurasoek afaririk eskaintzen ez iragarten, eta, luze eginda, bromatan edo, “honetxi etxeoni Anbre ipini bijotzau izena”, esaten ei eben etxagintzan ziherduen abadiñar langiliek. Eta halan, 90 urte baino gehixago pasatu diren honetan Anbre edo Hambre izenez ezagutzen da taberna eta baitte industri poligonoa bera be.
Taberna bat baino gehixago
Ume umetatik ezagutu dot Anbre tabernie. Etxien entzuten genduzan pasadisuek gure amama Josepak eta gure aitxe Santosek kontatute. Taberna izetiaz
gain, postarixek kartak bertan izten zitxun, okinek ogixe, barberue be egoten zan zapatu gabetan. Urizar Etxebarriko Gregorio Txurrukak egitten eban barberu, eta mutilek eta gizonak zapatu gabetan ulie ebatera jueten zien. Behin ulie ebaitte, “musien egitten eben gizonek, hori bai, andrak eta neskak etxien”, dino Santos Aranburuk. 
“Bonanza ikustera jueten zien domeka arratsaldetan, Bonanza ikusi eta kakahuesak jaten genduzan”, kontatzen dau Santosek, inguruko lehenengo telebisinue Anbren ipini eben-eta. Ezkontzeko sasoien egozan gaztien despedidak be egitten ziren bertan. Afaldu eta gero dantzan Iñusiñako Modesto Solozabal soinuleri zala, inguruko baserrixetako mutil eta neska gaztien ezkontzak ospatzeko. Argazki zaharrien dantzan diherdue Aldeko Bixente Aranburuk eta Etxebarriko Bixente Aranburuk alkarri ebatute. Eskuman ageri da Bengoko Eugenio Aranburu eta lepoz gure aittitte, Bengoko Gregorio Aranburu. Jarritte dauena Eskineko morroie Isidro Bekutei da. 
Uda sasoien be jente asko etorten zala esaten dau gure aitxek. Etxaurreko zelaixen plataneruek eta mahaixek euezan eta “ermuarrak askotan etortzen ei zien bertan mahaixetan bazkaldu eta errekonduen egune pasatzera”. Txakurrek bakunatzera be Anbrera erueten zien sasoi baten, eta agrariako ikastaro eta
batzarrak be egitten ziren bertan. 
Autobus geltokixe
Anbrera bizikletan bajatu eta gero autobuse hartzen eben baserrixetako mutil gaztiek, baserritxik fabriketara lanera hasi zienien. Bizikletak gordeteko zerbitzue be emoten hasi zien Anbren. Etxian atzekaldien eukitten zittuen bizikletak gantxuetan txintxilizke eta motorrak be bai, hantxe gordeta harik eta mutilek etxera bueltatzeko ordue heldu arte, autobusek barriro Anbrera ekarten zitxuen arte. Eta 80-90 hamarkadan ume ginenok Mallabiko eskolara juateko autobusaren zain bertako etxaurrean dauan hormigoizko jarlekuen, ilaran jarritte luze auzoko hamar ume, neu nagusixena. Hasi Atxitxetik eta Aniñogoittiraino, hamar ume.
Han egoten zan Rosita Anbreko goiz goizetik langiliei kafie eta pintxuek emoten. Eta gu berakin eta bere txakur Zurikin egoten ginen harik eta autobuse etorri
arte. Behin, karnabaletan nire neba Arakitz bakero, Atxitxeko Iratxe pailazo eta ni zíngara jantzitxe juen ginen. Rositak kotxien hartu ginuzan eta Irudire erun
argazkixek ataratzera. Perretxiko haundi batzuen gainien atara euskuzan argazkixek Irudiko Javi San Ildefonsok. Rositak tabernie laga ebanien Sandrinik hartu eban, eta berak ipini eutsen gaur egun etxeko fatxadan “Bar Restaurante Hambre” letra haundi eta gorrixetan.
Bihotz bi, gerrako kronikak
Institutoan irakurri neban Ramon Saizarbitoriaren Bihotz bi, Gerrako kronikak liburue. Zelako sorpresie niretzat Anbre taberna aittetzen dabela irakurri nebanien! Anjel Zelaietak bere idatzixen aipatzen dau “taberna honetaraxe bildu zen euskal eskritoreen belaunaldi berria, 60. hamarkadako azkenetan”. Besteak beste, “Ramon Saizarbitoria eta beronen emaztegaia. Eibartarra berau eta, batzar egunez gain ere, joan ohi ziren Hanbre tabernara, arrautzak txirixoarekin jaten”. Gaur egun poligonoko enpresetako langiliek, kamiolarixek eta pasiantiek ikusiko doguz bertan arrautzak txorizoarekin jaten edo kafetxo bat hartzen. Eta inguruko auzoetako gizonak egunero bazkalosteko kafia hartzen, pelota kontuak, baserriko zereginak eta eguneroko pasadizuak komentatzen.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.