Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Puntapioa Becky Siegel: “Kultura baten parte izateko modurik onena kultura horretako jendearekin dantzatzea da”

Dokumentuaren akzioak

Becky Siegel: “Kultura baten parte izateko modurik onena kultura horretako jendearekin dantzatzea da”

2020/09/22 12:00
Becky Siegel: “Kultura baten parte izateko modurik onena kultura horretako jendearekin dantzatzea da”

Becky Siegel. ARgazkia: IÑIGO URIZ / @FOKU

Sorkuntzak zoratzen du Becky Siegel (Denver, Colorado, AEB, 1959) dantzaria, koreografoa eta zuzendaria. Sei urterekin balleta ikustera joan eta kolpean maitemindu zen dantzarekin. Aurrena klasikoan eta jarraian garaikidean formatu zen. 18 urterekin bizkarrean min hartu eta ezin izango zela berriro dantzatu esan zioten, baina lesio hark hobeto lan egiten lagundu zion, eta teknika berriak ikasi zituen. Iker Tubia dantzari eta kazetariak elkarrizketatu du Berria egunkarian. Dantzan, sortzen eta irakasten izan dituen esperientziak azaldu dizkio. Egun dantzaren alor terapeutikoan dihardu, edonori dantzarako ateak irekitzen.

Iruñera sortzera

Cunninghamen eta Martha Grahamen eskoletan ikasi zuen eta Columbiako unibertsitatean dantza titulua atera zuen Becky Siegelek. Bizitzak AEBetatik Bartzelonara eta handik Euskal Herrira ekarri zuen; Iruñera iritsi zen 1992an. Bere izaeragatik leku ezin hobea dela dio, komunitatearen parte sentitzen da. Iritsi zenean sortu egin nahi zuen eta horretarako jende ezin hobea aurkitu eta Tempomobile konpainia sortu zuen: “Lan egiteko jende ezin hobea aurkitu nuen, aurreiritzirik gabekoa. Izan ere, Bartzelonan eta New Yorken esnobismo pixka bat dago. Sorpresa ederra izan zen: New Yorketik heldu nintzen, baina, hemen, kontatzeko nuena ulertzen zuten”.

Denek ulertzeko moduko lengoaia garatzen saiatzen dela uste du; “publikoarengana ailegatu nahi dut”. Hala ere, lanean ez du horrekin pentsatzen, kontzeptu unibertsalak lantzen, eta obrak egitura koreografiko ulergarrien gainean osatzen saiatzen dela dio. “Horrekin batera, dantza izan dadila indartsua, erraietan sortua, zirraragarria, osoa... Dantzaren lengoaia erraietatik ateratzen da, eta estetikoa da; gorputzetik gorputzera doa”.

Dantza laguntzeko, salbatzeko

Aurreko urtera arte Nafarroako Antzerki Eskolan dantza irakasle aritu da eta azken urteetan dantza modu terapeutikoan lantzen dabil. Dantzari buruzko barne-hausnarketetan zebilela Master bat egin zuen eta Sakratua eta profanoa dantzan izenburuko amaierako lana aurkeztu zuen, “Dantzaren historian eta haren atal guzietan bidaia zoragarria egin nuen, eta uste dut hor piztu zitzaidala besteak dantzaren bidez laguntzeko gogoa”.

“Edozer zela ere, dantzak beti salbatu ninduen ni”. Horrela, Esklerosi Anizkoitzaren Nafarroako Elkartearekin hasi zen kolaboratzen eta sekulakoa izan zela dio: “Ongizatea eta mugikortasuna hobetu zituzten”. Parkinsona dutenekin, elbarriekin, ikusmen arazoak dituztenekin, zaharrekin... ere aritu da dantzan, “beste pertsona batzuei mundu bat ireki zaie, eta gorputza berriz ere lotu dute harmoniarekin eta gozamenarekin”.

Dantzaren indarra

Euskal Herrira iritsi bezain pronto hasi zen euskal dantzak ikasten, “kultura baten parte izateko modurik onena kultura horretako jendearekin dantzatzea baita”. Ederrak iruditzen zaizkio baina, “jotak oinetako mina ematen dit, eta, gero, gorputzaren zurruntasuna... Gorputza eusteko modu hori miresten dut, baina nik egiteko ez da gehien maite dudana”.

Siegelen esanetan dantza espazio baten sorkuntza da, dantzariak bere gorputzarekin espazio eraldatzen du; hortxe dantzaren indarra. “Dantzari bat estudio batean sartzen denean eta kontzienteki bere gorputza espazio batean sentitzen duenean, dantza dago. Berdin aulki gurpildunean: beren gorputzaren kontzientzia dute espazioan; beraz, espazioa eraldatzen dute”.

Artikulu osoa: Becky Siegel: «Kontatzeko nuena ulertu zuten hemen, New Yorketik etorri nintzen arren» (Berria, 2020-09-13)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.