Eskrima eta euskal dantza ezpatek lotuta
Bosgarrenean bitrinan, hirugarrenean dantzan
Eibarko Armagintzaren Museoan bertan gordeta diren arma zuriak katalogatu dituzte Iker Alejo eta Patxi Peña eskrima adituek. Behin lan hori burututa erakusketa antolatu dute museoan bertan: Museoko ertz zorrotzak. Museoko arma zuriak. Portalea kultur etxearen bosgarren pisuan dago museoa eta hor dago ikusgai arma zurien erakusketa.

Armagintza museoan dauden ezpatez gain Arabako Arma Museotik ekarritako zenbait pieza daude erakusketan. Adibidez Briquet sablea. Bitxia izan da Briquet sablea bitrinan ikustea. Izan ere, bi solairu beherago, 3. pisuan, dantza gela dago, eta bertan ezpata berbera darabilgu dantzarako, eta zehazki aste honetako entseguetan era horretako ezpatekin aritu gara.
Erakustaldi didaktikoa museoan
Erakusketa estatikoaz gain, ezpatak "dantzan" ikusteko aukera izan da, Gasteizko CSE eta Donostiako Ignota antzinako eskrima elkarteetako kideek erakustaldia eskaini baitute Museoan Iker Alejo eta Patxi Peñaren gidaritzapean. Ezpata motak erakutsi eta bakoitzaren ezaugarrien arabera zer nolako mugimenduak egiten diren azaldu dute. Museoko gelan borrokarik ezin zela egin azaldu dute, tokia txikia baita, baina mugimendu batzuk "dantzatu" dituzte. Uda ostean toki handiago batean beste erakustaldi bat egiteko ideia entzun diogu museoko zuzendari Marina Barrenari. Mereziko luke.
Ondoren, Iker Alejo eskrima ikertzailearekin izan gara, argitaratu duen "Ezpata eta daga eskrima" liburua erosi diogu eta eskrima eta dantzaren arteko mugimendu eta tratatuen harremanaz aritu gara berarekin.
Eskrima eta dantza
Eskrimarekiko interesa dantzatik etorri zaigu. Baina ezpatak erabiltzeaz harago partekatzen al dugu beste ezer? Bai, ez da ezpata erabilera bakarrik, mugimendu tradizio oso bat partekatzen dugu. Dantzaren forma historikoak berregin ahal izateko ezinbestekoa izan da eskrimaren mugimendu sistema ezagutzea. Eskrima eta dantzaren arteko loturaren berri orain 30 urte izan genuen Juan Antonio Urbeltzen eskutik. Dantzaren historian mugimendu nagusiak eskriman erabiltzen ziren berak izan direla azaldu zuen Urbeltzek Bailar el Caos liburuan. Ideia hori Juan Esquivel Navarro dantza-maisuaren tratatuan nola agertzen den ere jaso zuen Urbeltzek aipatutako liburuan:Los Movimientos del Dançado son cinco, los mesmos que los de las Armas, que son estos: Accidentales, Estraños, Transversales, Violentos, y Naturales. Juan Esquivel Navarro (1642) (Urbeltz, 1994, 86. orr.).
Ha auido muy pocos que dancen, que no hayan frequentado las armas; (...) el dançar y juego de armas los tengo por hermanos, porque ambas cosas en un sujeto se dan mui bien las manos. Juan Esquivel Navarro (1642)
Nineteenth Century: A Brief Overview of Issues".
"...el bayle, picadero, música, esgrima, &. Estas habilidades favorecen infinito la perfección de nuestra educación en lo físico y moral." (1790eko aipua, Jon Bagues-ek bildua).
Bi diziplinen arteko lotura hori ere ageri zaigu orain gutxi Mikel Sarriegik egin duen Gipuzkoako dantzari buruzko lanean. Horretarako, gipuzkoar dantza lengoaia sistematizatu ahal izateko antzinako dantzan aditua den Carles Mas-en laguntza izan du. Mas-ek azaldu dizkio Sarriegiri zer diren dantza eta eskrima historikoan ageri diren mugimendu horiek: akzidentalak, zeharkakoak, biolentoak...
Makila borroka: euskal eskrima?