Dokumentuaren akzioak
Ezkututik argira, bazterretik erdigunera, dantzan argitu dira Gipuzkoako aldairak: Sarriegiren liburuaren aurkezpenaren kronika
Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak: Mikel Sarriegiren liburuaren aurkezpena Beasainen, Beasain, 2024-03-09, Argazkia: Josu Garate, CC-BY-SA
"Ausartzen naiz esaten gaur hemen bildu direnen argazkia historikoa dela, Gipuzkoan dantzan erreferente direnak hemen biltzea lortu duzu Mikel", adierazi dio Leire Artola Beasaingo alkateak Mikel Sarriegiri. 10:00etarako hasi dira Gipuzkoako hainbat herritako dantzariak Igartzara hurbiltzen eta elkar-agurtze eta instrukzioen ondoren hartu du Sarriegik ekitaldiaren gidaritza; txistulariei agindua eman die, abarketak jotzen hasteko, gero sokan dantzatuko dutenaren entsegua egiteko.
Igartzako ezpata-dantzak egin eskaini die bildutakoei ongi-etorria. Sarriegi, garaiko dantza-maisuen trazan, dotore agertu da taldearen alboan: txapela beltza, blusa zuria, txaketa beltza, galtza grisak eta abarketa zuriekin. Jauregitik atera da ezpata-dantza. Andoni Zaballos, Iban Irazustabarrena eta Xabier Sarasola txistulariak aurretik dituztela, ezpata-dantza gidatuz Xabier Ruiz de Azua buruzagi ageri da, Agurtzane Agirre, Uxue Sarriegi eta Oihane Sarriegi dira kapitainak edo azkendariak, eta ezpata luzeekin dira Nikolas Sarriegi, Jakes Aldasoro, Miren Sarriegi, Nerea Mendizabal, Iñaki Kortaberria, Maider Arruabarrena, Olatz Etxezarreta, Tere Garziandia, Mariaje Alvarez, Gema Urzelai, Javi Arroyo, Mikel Redondo, Mikel Escalante, Jaione Barandiaran, Alazne Elorza, Naiara Zubeldia eta Ane Gereñu. Zubia gurutzatu eta dolare aurrean eskaini diete ezpata-dantza gonbidatuei.
Liburu baten aurkezpena izateko ez-ohikoa izan da martxoaren 9an Beasaingo Igartza jauregiko ekitaldia. Liburua ez-ohikoa da, ordea, eta ekitaldia ere tamainakoa gertatu da. Kokapena, Igartza monumentu multzoa ez da soilik dekoratu polit bat. Mikel Sarriegi auzoan bizitzeaz harago, historiaren bilakaerak bazterrean utzitako aztarnak jaso, txukundu eta irizpide egokiz zein maitasun handiz eguneratu eta transmititzeko lan-moduaren erakusgarri da. Igartza nola, Gipuzkoako aldairak hala. Beraz, lan-modu eta jokamolde beretsuak dituzteten monumentu multzoa eta liburutzarra batu dira ekitaldian. Eta bietan Aranzadi zientzia elkartearen babesa eta akuilu lana.
Ezpaten arkupetik jauregira sartu direnak
Zubitik segizioan joan dira jauregiko atera eta ezpaten arkua osatu dute atean gonbidatuak azpitik pasa daitezen. Hango eta hemengo dantzariak, dantza-maisuak, euskal dantzaren inguruko erreferente ugari pasatzen hasi dira arkupetik jauregira sartzeko. Bai ordezkari instituzionalak, bai eta Mikel Sarriegiren familia eta lagunak ere. Euskal dantzari buruzko liburu baten aurkezpenera batu den erakundeetako ordezkaritzaren zerrenda ere bada zerbaiten adierazgarri: Eider Mendoza, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia; Maria Jose Telleria, Gipuzkoako Diputazioaren Kultura Zuzendaria; Leire Artola, Beasaingo alkatea; Adur Ezenarro, Ordiziako alkatea; Mikel Serrano, Zumarragako alkatea; Ioritz Berra, Zaldibiako alkatea; Izarra Urdaileta, Segurako alkatea; Iñaki Olalde, Oñatiko kultura zinegotzia; Mariola Pascual, Beasaingo kultura zinegotzia; Adur Ugartemendia, Beasaingo alkate-ordea; Mikel Apaolaza, Beasaingo udalaren komunikazio arduraduna. Aranzadi zientzia elkartearen ordezkaritza ere bete-betekoa da: Jokin Otamendi Aranzadiko lehendakaria, Juantxo Agirre-Mauleon idazkari-nagusia, Eider Conde komunikazio arduraduna eta Olatz Ezeiza komunikazio teknikaria.
Beasaingo alkateak esan bezala Gipuzkoako eta Euskal Herriko dantzen ordezkaritza zabala eta anitza batu da Igartzan Sarriegin liburuari harrera egiteko. Bertaratu diren dantzaren alorreko kideen zerrendak lagundu dezake Sarriegin lanaren garrantzia dimensionatzen. Banan-banan joan dira ezpaten arkupetik pasa eta jauregira sartzen hainbat herritako dantza-maisuak eta testigantza eskaini duten dantzariak: Mikel Arrese (Zaldibia), Mari Arrieta (Zumarraga), Luis Gurrutxaga (Elgoibar), Jabier Mendizabal (Bergara), Laureano Telleria (Segura), Jose Maria Zinkunegi (Lizartza), Jose Alberto Ansola "Elgoibar), Iñaki Arregi (Andoain), Ion Arrieta (Elgoibar), Jose Luis Bastida (Beasain), Juan Cacho (Beasain), Joxemi Garikano (Tolosa), Jesus Mari Garralda (Zumarraga), Iñaki Gil (Elgoibar), Txutxin Irizar (Oñati), Sebas Larrañaga (Elgoibar), Jon Legorburu (Antzuola), Jon Lizarralde (Elgoibar), Joxema Mendiola (Añorga), Josu Mujika (Elgoibar), Angel Murua (Legazpi), Jexux Nazabal (Berastegi), Javier Salvarredi (Berastegi), Ramon Santxez (Irun), Jose Luis Sanz (Ordizia), Josean Sarriegi (Beasain), Luis Mari Sarriegi (Beasain), Jose Ramon Urruzola (Tolosa), Migel Urteaga (Zumarraga), Jose Luis Vallejo (Tolosa) eta Xabier Etxabe (Zarautz), besteak beste.
Liburuaren prestaketan laguntza eskaini dute dantza-adituak ere bertan izan dira, hala nola Carles Mas i Garcia antzinako dantzan aditua den katalandarra, Sabin Egiguren Bizkai Folklor Elkartekoa edo Jon Iruretagoiena Maritzuli konpainiakoa, bai eta musikarekin lagundu duen Aitor Furundarena, hizkuntza orrazketak egin dituen Edurne Aldasoro, inprimatze-etxeko Nagore Mitxelena eta editore aritu den Emilio Xabier Dueñas ere. Dantzan-eko lantaldetik Amaiur Aristi, Josu Garate, Eire Vila, Gari Otamendi eta Oier Araolaza bertaratu dira.
Hango eta hemengo dantzari, dantza-maisu, dantza-maistra eta dantza-zaleak ere hainbat hurbildu dira, hala nola Sabin Bikandi (Aiko taldea), Izaro Intsausti (Amets Bide), Xanti Nazabal (Udaberri), Maite Irizar (Oñatz), Aitor Sorazu (Sahatsa), Patxi Montero (Herrixa Dantzan), Larraitz Goikoetxea, Jon Olazkuaga (Maritzuli), Jon Fernandez (Gasteizko Udal Folklore Eskola), Aritz Salamanca (Goizaldi), Ane Labaka (Goizaldi), Ane Ibargoien (Goizaldi), Lide Arana (Argia), Malentxo Arrospide (Otsolar), Ion Lizarazu (Oinarin), Lurdes Odria (Haritz), Anartz Ormaza (Itxas-Alde), Ane Gallo (Bizkai) Josune Zubeldia (Otsolar) eta Arkaitz Sarasola (Otsolar) beste hainbaten artean. Antolaketan laguntzen, dantzan eta behar zen guztirako bertan izan dira Amaia Aldasoro Mikelen bikotea, Uxue, Nikolas eta Oihane seme-alabak, eta Aurtzakako dantzari eta Sarriegin gertuko lagun Agurtzane Agirre, Izaskun Salazar, Nerea Mendizabal eta Xabier Ruiz de Azua dantzariak ere, beste hainbat lagun eta seniderekin batera.
Aranzadiko Eider Conde-Egiak aurkeztu eta gidatu du ekitaldia, ikerketaren testuingurua kokatu eta hizlari guztiei bidea emanez. "Beasain euskal dantza tradizionalaren topaleku eta erreferentzia bihurtzea dugu helburu. Tokiko dantza tradizionala egonkortu, finkatu eta horren ezagutza edatzea. Gaurko ekitaldia mugarri da", dio Leire Artolak bertaratutakoei ongietorria eginez. "Katon-liburua" moduan izendatu Sarriegik berak, Gipuzkoako dantza sistemaren gramatika eta hiztegi etimologikotzat ere jo baitaiteke. "Euskara dantzaturik bada, gipuzkera dantzatuaren gramatika da liburu hau" ebatzi du Jokin Otamendi Aranzadiko presidenteak,
Juan Inazio Iztuetak zaldibiarrak Gipuzkoako dantzen liburua idatzi (1824) eta hain justu 200 urtera dator, beste goierritar batek, Mikel Sarriegik, idatzitako Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua. Liburua argitaratu aurreko hamarkadan Iztueta zertan ibili ote zen jakinmina agertu izan dute zenbait adituk. "Nik badakit zertan ibili zen", erantzun du umorez Sarriegik, "liburua idazten". Ez baititu alperrik hogei urte eman beasaindarrak liburu hau ontzen.
Dantzari eta ingeniari lana
Sarriegi dantzaria da afizioz eta pasioz eta ingeniaria ofizioz, "batek baino gehiagok esan dit horrelako lan bat borobildu ahal izateko ingeniari baten izpiritua behar dela". Gure gorputz hizkuntza letra eta irudi bidez era zientifikoan eta sistematikoan jaso duela dio Otamendik, "gorputz-mugimendu bakarra zegoen tokian bost edo sei identifikatu ditu, eta guztiak xehetasun osoz definitu ditu argitalpen mardulean".
Lanerako ohikoa duen zorroztasunaz gain familiatik jaso duen dantza zaletasuna ere beste giltzetako bat izan da, "aita, osabak eta lehengusuak dantzari eta dantza maisuak oso gertutik izan ditut umetatik. Molde zaharrean aritzen ziren, eta horri esker piztu zitzaidan alarma eta garatu zitzaidan ziurrenik ere sentsibilitatea".
Dantza ondare dugula argi du Otamendik, "baina batez ere emozioak bizitzeko eta transmititzeko tresna da". Eta emozio horiek iritsi zaizkio nonbait Eider Mendozari, barre txikiarekin honela hasi baitu hitzaldia: "Hemen gauza askoren artean ikusi dugu ingeniari bat emozioa transmititzen". Izan ere, etxekoen lore eskaintza eta besarkadarekin begiak dir-dir ikusi dugu Sarriegi. Ikerketako bi kontu azpimarratu ditu Mendozak: lan korala izan dela, testigantza asko jaso baitira eta dantzaren balioa aldarrikatu dela.
Sarriegik bide beretik jendearen ekarpenetan oinarritzen dela lana esan du, "lan honen zutabe nagusi izan zarete hemen bildutako guztiek zuen ezagutza eta eskarmentua oparitu didazue berriemaile zuzen eta zeharkakoek". Eta Sagasetaren hitzak ekarri ditu: "Zenekiten dena eman didazue eta gozamen hutsa izan da".
Bazterrekoen aberastasuna
Sarriegik Gipuzkoako dantza sistemaren aberastasuna agerian ipini du, sarri baztertu eta itzalean utzi diren eredu eta dantzak jaso eta dagokien balioa eman die. Azaldu du Iztuetak dantzarako erabiltzen ziren hamabi bat mugimendu deskribatu zituela eta beste askoz gehiago zirela adierazi zigula, "hemen elkartu garen dantza maisuoi eta dantzarioi esker lau dozenako zerrenda edo hiztegi hori biderkatu egin da eta gutxienez 20 dozenakoa bilakatu da".
"Guk beti Zarautzen izan ditugu bi bide edo tradizio. Bagenuen estandarra Goizalditik edota txapelketetako ereduetatik jasoa eta gero bagenuen beste bat hor irauten zuena urtean bitan, San Joan bezperan musika plazan egiten zen aurreskuan eta San Pelaio jaietako aurreskuan", azaldu digu Xabier Etxabek. Sumatzen zuten ezberdinak zirela, baina orduan ez zuten azalpenik. Mikelen lanari esker ikuspegi zabalagoa eta egitura zabalagoan sartzeko bidea ikusi zuten, "poz handia eman zigun ikusteak horrek bazeukala azalpena eta bi bideak osagarriak zirela". Izan ere, dantza klasikoak izan du prestigioa eta hegemonia, eta haren aldean, "gure berezko dantzakerak gure dantza kategoriaren barruan ez zeukaten aparteko lekurik. Kontu berezi edo anekdotiko moduan ikusten genuen, bigarren mailako bezala kontsideratzen genituen. Gure ustez bestea zen dantza landuagoa eta hau degradatzen zihoan zerbait".
Elgoibarren, berriz, galdu egin dela plazan tokiko dantzakera azaldu digu Josu Mujikak. "Dantza ez da zerbait hila, denboraren eta jendearen poderioz aldatzen doa, prozesu naturala da. Elgoibarren hamaika arrazoiengatik beste dantza bat hartu da eredu bezala eta pena da, ze nik uste dut Elgoibarko nortasuna erakusten duela guk egiten genuen aurreskuak". Emozionatu egiten da pentsatzean bost hamar kilometroko distantzian dantzatzeko era zenbat aldatu daitekeen, eta horrek daukan aberastasunarekin. Hizkuntzarekiko paralelismo argia nabari du, "garai batean batua, batua, batua eta gero ohartu ginen euskalkietan altxor ikaragarria dagoela eta mantendu behar dela. Orain biak egiten dira. Dantzan ere herri bakoitzak berea mantendu behar du. Ezagutu, normalizatutakoa ere bai".
Aldaerak jaso eta deskribatzeaz gain, horiek sisteman kokatu ditu Sarriegik. Hau da, frogatu du maiz desitxuratutako eraldaketak zirelakoan gutxietsi diren formak sistemako parte direla eta sistemari zentzua ematen diotela, eta zenbaitetan, sistemaren erro eta koherentziatik gertuagoa ere daudela eredutzat erabiltzen diren beste batzuk baino. Ondorioz, lan honekin bazterreko singularitate moduan hautematen zirenak Gipuzkoako dantza sisteman kokatu ditu Sarriegik.
Hala ikusi du Maite Irizarrek, "guk orain arte Gipuzkoako sistema Goierriko zonaldera enfokatu izan dugu. Ikerketa hau interesgarria da konturatzeko, nahiz eta aldaera ezberdinak dauden eta toki bakoitzean berezkotasunak, Oñatiko dantzek ere Gipuzkoako dantza sistema horretatik edan dutela. Horrela, hizkuntzarekin gertatzen den moduan, "erreferente moduan duzu orokortasun hori, baina honek ikustarazten dizu ezberdintasunek balioa dutela eta balioan jarri behar direla".
Errenazimentuko dantzen oinorde
Sarriegik dio ikerketak balio izan duela frogatzeko gure dantza moldeak badituela erro komunak orain 500 urte Europan zabaldu ziren eskola-dantzetako dantza kultuarekin. Gure erreberentzia edo aurresku ezagunak, esaterako, pabana izeneko genero dantzen egitura bertsua erakusten duela. Eta hitzetatik dantzara pasata, argiago ikusi dugu Carles Masek Aitor Furundarenaren soinuaren doinura Kataluniako eskola maisuen XVI-XVII. mendeko dantza zati txiki bat dantzatu duenean.
Masek azaldu digu Aitor Furundarenak jotako musikaren doinura dantzatu duen pabana adibide bat besterik ez dela, "ilusio berezia egiten zidan ekartzea Mikelen lana omentzeko. XVI. mendetik datorren genero garrantzitsua da, Katalunian XIX. mendera arte txertatua aurki dezakegu beste estetika batekin tradizio popularrean. Ikaragarria da, dantza iberiarra da eta Katalunian bost mendetan dokumentatua dago. Oraindik ere ezagutzen da".
Sarriegiren ekarpen nagusia mugimenduen identifikazioa izan dela dio Masek, "Konplexua izan da. Batzuetan izen berak mugimendu ezberdinak izendatzen ditu edo mugimendu ia berek izen bera har dezakete". Uste du sistematizazioak argitzen duela baita ere Katalunian dantzarekiko dugun begirada, transmisioaren konplexutasuna ikus dezakegu. Ikuspegi historikoak eragin handia du nola ikusten ditugun aurreko mendeak. Garai batean dena sinpleagoa zela uste izan da eta eboluzionatu egin dela, baina kritiko da ikuspegi horrekin Mas, bere esanetan beti egon baita dibertsitatea eta homogeneotasuna da arraroa.
Bide berriak irekitzeko atea
Atzerako begirada ezinbestekoa izan da ikerketa honetan, baina aurrera begiratu nahi du orain Sarriegik, eta horretarako baliabideak behar direla aldarrikatu du, "etorkizunerako baliagarri izango badira aipatu eta jaso ditugun kontu denak ezagutu egin behar dira, eta ezagutu ahal izateko ikertu beharra dago, eta ikertu ahal izateko baliabideak behar dira".
Landa lan izugarria egin duela Sarriegik aitortu du Iñaki Arregi andoaindarrak, Argiako dantza maisuak. Bilketaren ondoren badugula lana dio: "nik uste dut behartzen duela dantzarion artean Gipuzkoako diziplinan gure markoa errebisatzera. Orain digeritu egin behar da eta gero ondorio batzuk atera". Uste du lan honek laguntzen duela lehen ikuspegi zabala izaten saiatzen zen jendeari ikuspegi hori sendotzen, "espero dut horretan jardungo den jendeak liburua irakurtzean bere irizpidea gehiago sendotzea". 1000 orriko liburua edozeinek ez duela irakurriko argi du, "baina idatzita egongo ez balitz inork ere ez". Arregik ikusten du Juan Antonio Urbeltzek bere garaian ireki zigula unibertso interesgarri bat eta Europako fondo komunaren aurrean jarri gintuela, "lan honek egiten du hori luparekin begiratu, sakondu eta detaileetara jo. Eta detaileetara jotzen denean aurretik aurreikusi dituzun gauza batzuk berrinterpretatzen hasten zara".
Maite Irizarrek uste du transmisioan asko lagundu dezakeela, "hor bada euskarri handi bat, gero baldintzatuko du talde edo norbanako bakoitzak zenbat tirako dion, baina mahai gainean badugu". Xabier Etxabek, hark ere hizkuntzarekin alderatuz, "batua inportantea eta beharrezkoa da, baina tokian tokiko euskalki eta aldaeran garrantzitsuak dira. Honek lehengokoak onartu eta bide berriak irekitzeko aukera ere eman dezake". Erreferentetzat jotzen du lana, baina gauza hauek ikerketa, patxara, kontzientzia... eskatzen dutela. "Inertzia honek jarraituko du, interesa eta gogoa daukan jendeari eskainiko dio tresna bat dantza zaharrak errekuperatu eta baita berriak sortzekoa ere".
Sokan eskuz esku euskalkiak dantzan
Dantza gaietan aditua ez dela aitortu du Eider Mendozak, baina argi ikusten du dantzak herria kohesionatzen laguntzen duela eta herria eraikitzeko balio duela, "mintzagai izan daitezela gure dantza eta gure herria. Komunitatea eraikitzen joan gaiten guztiok esku hartuta etorkizunean ere. Jarrai dezagun emozioak transmititzen eta soka hau osatzen". Eta halaxe, eskuz esku bertaratutako guztiok sokan batu gara. Otamendik esan bezala, "eskuz esku, soka berean, baina bakoitza bere herriko edo eskualdeko esamoldeekin". Iza ere, "euskal dantzak dira dantzatutako euskara. Eta euskarak aldaerak eta euskalkiak dituen bezala, dantzak ere bai".
Eider Mendozak ireki du soka, Mikel Sarriegi atzetik duela. Igartzako jauregiko patio nagusian itzulia eman eta Gipuzkoako herrietako ordezkarien txanda iritsi da abarketen zatian. Bakoitzak bere herriko jatorrizko moldean dantzatu du. Mikel Sarriegik boz-goraz iragarri ditu dantzari bakoitzaren jatorria: "Andoain!" Oihu egin du Iñaki Arregik erdigunea hartu duenean. Goizaldin eta Argian dantzari eta dantza-maisu ibilbide luzea eta oparoa egindakoa da Arregi, eta gaurko aldairetan Andoainen Lizar-makil taldearen baitan jaso zuten dantza-moldera itzuli da. Arregiren dantzakeran dotorezia eta karakterra nabarmendu dira. "Antzuola!" iragarri du Sarriegik eta Jon Legorburu eta Ion Lizarazu antzuolarrak hasi dira dantzan, Mairuen alardeko trokeo-dantzetan zein festetako aurreskuan gorde dituzten aldaira ederrak nerbio biziz dantzatuz. Gari Otamendik Añorgako moldean dantzatu ditu abarketak eta Berastegiko aldaira eta dantzakera bereziak ekarri ditu Jexux Nazabalek. Aurrera eta atzerako mugimenduak, besoak airean orain, segan arituko balitz bezalako mugimendu biziak eginez gero, Gipuzkoako dantzaren aniztasun eta edertasunaren adibide ederrenetako bat indar betez dantzatu du berastegiarrak.
Gipuzkoako dantzen tradizioan erreferentzia handia izan den Donostiako Goizaldi taldeko ordezkari, dantzakera estilizatu eta doitua ekarri dute Ane Lamarka, Ane Ibargoien eta Aritz Salamankak. Soraluze eta Eibarko dantza-molde zaharretan oinarritutako abarketak egin dituzte Josu Garatek eta Oier Araolazak. "Elgoibar" iragarri du Sarriegik eta dantza ibilbide profesionala egindako Josu Mujika elgoibartarrak orain 50 urterarte zerabilten moldea plazaratu du presentzia ikusgarriz. Lizartzako moldean aritu dira Josune Zubeldia eta Arkaitz Sarasola, eta Tolosako gaur egungoan Xanti Nazabal. Izaro Intsaustik eta Maite Irizarrek, Ordizia eta Oñati batu dituzte elkarrekin dantzatuz. Zarauzko Iñurritzako aurreskuan gorde den dantza-moldea eskaini du Xabier Etxabek. Bizi-bizi dantzatu du Jesus Mari Garralda zumarragarrak, urte gutxitan abiaduran ere izan daitezkeen aldaketak agerian jarriz. Kataluniako dantza-tradiziotik abarketak nola dantzatu daitezkeen erakutsi du Carles Mas-ek. Etxekoek borobildu duten esku aldatzeko doinuaren sekuentzia, Luis Mari Sarriegi, Agurtzane Agirre, Xabier Ruiz de Azua, Uxue Sarriegi eta Oihane Sarriegi beasaindarrak aritu baitira azken aldairak eskaintzen herriko moldean. Guztiei laguntzen, batzuei azkarrago, besteei motelago, laburrago edo luzeago joz, danbolinteroen egokitzeko gaitasun erakustaldia eginez jo dute txistua, danbolina eta atabala Andoni Zaballos eta Iban Irazustabarrenak. Soka-dantzaren eta ekitaldiarekin bukatzeko, Mikel Sarriegik saltokako zortzikoa dantzatu du eta bere sasoirik onenetan egin ohi zuen gisan borobildu du: salto, buelta eta artaziarekin.
- Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak. Oinordetza ezkutua [argitalpena]
- Gipuzkoako dantza-maisuen ezkutuko oinordetza jaso du Mikel Sarriegik liburu batean [albistea]
- Mikel Sarriegi: "Desorientazio maila altua daukagu gaur egun Gipuzkoako dantza taldeetan" [elkarrizketa]
- Gipuzkoako dantza-maisuen puntuak eta aldairak: Mikel Sarriegiren liburuaren aurkezpena Beasainen [bideo erreportajea]
-
Gipuzkoako aldairak: Abarketak [bideoa]
Dokumentuaren akzioak