Dokumentuaren akzioak
Eraikitakoa deseraikiz
Genero-identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan liburuaz elkarrizketa egin didate Kulturkliken. Gaur, astelehena, abenduak 21, 18:30ean, hitzaldia eskainiko dut Arrasaten, Kulturaten.
Genero identitatea euskal dantza tradizionalean, eraikitakoa deseraikiz
Oier Araolaza dantzariak "genero identitatea euskal dantza tradizionalaren eraikuntzan" ikerketa argitaratu berri du, gure dantza tradizionala gidatzen duten genero-rol eta -estereotipoak azaltzen dituzten mekanismoetara 400 orrialde baino gehiagoko hurbilketa. Egileak berak azterketa honen atzean dauden kezkak azaltzen dizkigu elkarrizketa honetan, baita ikerketa lana garatzeko prozesua ere.
Zein da argitalpen honen jatorria?
Doktore-tesia egin dut gai honen inguruan EHUko Mikel Laboa Katedrarekin, eta ikerketa-lan hori da orain argitaratu dudana UEUrekin. Doktore-tesian Leire Ituarte eta Nerea Aresti izan ditut zuzendari, eta haien laguntzarekin saiatu naiz ulertzen nola eraiki diren genero-rolak eta -estereotipoak euskal dantzetan.
Dantzari izateaz gain, formazioz antropologoa ere bazara. Alderdi horietako bakoitzak -zure esperientzia praktiko eta teorikoak- zer pisu izan du zure ikerketan?
Antropologia eta Informazio Zientziak ikasi nituen, baina ez naiz sentitzen ez kazetari, ez antropologo, dantzari baizik. Dantza Ikasketak (Dance Studies), dantzaren antropologia... horixe da niri interesatzen zaidana. Kazetaritzak eta antropologiak dantzara hurbiltzeko tresnak eskaini dizkidate, baina dantzaren ikasketan esperientzia praktikoa eta teorikoa batera doaz. Dantza egitea ezagutza mota bat da, ikustea, entzutea edo irakurtzea bezala, eta elkar-ordezka ezinak dira: nork bere gorputzarekin dantzan ikasten duena ezin da ikusita edo irakurriz jasotako ezagutzarekin ordezkatu.
Zer iturri mota kontsultatu behar izan dituzu zure azterketa egiteko? Erraza al da horrelako dokumentazioa eskuratzea?
Garai historiko zehatz bati begiratu diot batez ere, XIX. mende bukaera eta XX. mende hasierari. Beraz, dokumentazio historikoa aztertu dut, artxibo, dokumentazio zentro eta hemerotekak arakatuz. Gaur egun inoiz baino eskuragarriago dago era horretako dokumentazioa, baina nire kasuan testigantza ezezagunak biltzeak adinako garrantzia zuen aurretik bilduta zegoena berrinterpretatzeak. Genero ikasketek, teoria feministak orain arteko historia berrikusten laguntzen digu; begirada berri horrekin lehen ikusten ez genituen gauzak, eta dantzaren kasuan, ulertzen ez genituenak ulertzeko marko teorikoa eskaini digu. Niretzat horixe izan da gozagarriena, aurretik bitxikeriatzat jotzen nituen dantza-kontuak ulertzeko modua izan dugula genero ikasketek eskaini dizkiguten teoria nagusien bidez.
Zer ondorio orokor atera dituzu? Harritu zaituen alderdiren batekin topo egin duzu, edo zure aldez aurreko intuizioa baieztatu egin da?
Emakumeen eta gizonen dantzen, janzkeren eta dantzakeren bereizketa noiz eta nola eraiki zen ikusteko aukera izan dut. Garai historiko zehatz batean, garai horretako genero ikuspegien eraginez eta horiek islatuz eraiki ziren dantzan gaurdaino iraun duten genero estereotipoak. Behin hori ulertuta, uste dut luzeegi eraman dugun zama hori askatu eta egungo genero ikuspegietara egokitzea dagokigula orain.
Intuizioari buruz, kar, kar, barregura ematen dit, ze nire zuzendariek esaten didate hasieratik garbi nuela nik dena, eta ez da batere horrela, hori uste nuen, baina ikerketa hasi nuenean ez nuen ezer ere ulertzen. Gertaera nagusien berri nuen, baina Arestik eta Ituartek emandako pistekin ulertu dut gertatu zena. Haien laguntzarik gabe ez dut uste esku artean nituen galderak erantzutea lortuko nuenik.
Zein dira testuinguru historiko eta ideologiko jakin bati erantzuten dion dantzaren segregazioa bezalako eraikuntza bat desaktibatzeko beharrezkoak diren mekanismoak?
Eraikuntza dela ulertze hutsa laguntza handia da desaktibatzeko. Arazoa da eraikuntza hori, generoei lotutako estereotipoena, ez dagoela dantzan bakarrik. Gure kultura osoan dago, beraz, dantzan geruza batzuk desaktibatu arren, gurekin daramatzagu batera eta bestera, eta horiek askoz gehiago kostatzen da gainditzea. Dantza gorputzarekin egiten dugun praktika izanik eta gorputzaz gaur egun egiten dugun eraikuntza sexuatua hain zurruna izanik, aurreiritzi eta motxila asko dauzkagu oraindik kentzeko. Eta txarrena da, alde batetik kendu ahala, alegia, emakumeek edozein dantza egin dezaketela ikustarazi ahala, beste aldetik estereotipo berriak eraikitzen ditugula; izan ere, gizonezkoak gero eta urrutiago daude dantzaren mundutik, nagusitzen ari den maskulinitate eredu berrian dantza emakumeen ezaugarritzat jotzen baita, eta binarismoa esklusibotasunean oinarritzen denez, gizonezkoek dantza egitea tabu bihurtzen ari da.
2020. urtea oso zaila izan da kultura-jarduerarako. Nola eragin dizu COVID-19ren krisiak, ez bakarrik argitalpen honi dagokionez, baita Kezka Dantza Taldeko zure praktikari dagokionez ere?
Argitalpenari dagokionez liburua pandemia betean, bigarren olatuan argitaratu da. Ezin izan dugu aurrez aurreko aurkezpenik egin, Durangoko Azokan ezin izan da standean erakutsi... aurtengo argitalpen guztiak bezala, zabaltzeko zailtasun handiekin. Dantzaren praktikari dagokionez, hasieratik ohartu ginen covid-19aren kontagio bideak ikusita, dantza arrisku praktika nabarmena zela, baina aldi berean, dantza egitea gorputza eta burua osasuntsu izateko premiazko ariketa dela milaka herritarrentzat. Beraz, Kezka dantza taldean ahalegin handia egin dugu babes neurri guztiak hartuta, aireztapena bermatuta, musukoak jarrita, distantziak gordeta, errepertorioak egokituta kontaktu fisikoa saihesteko eta taldeak txikituta, baina dantza bizirik mantentzen. Une batzuetan ezinezkoa izan denean eten dugu, baina posible den unean berriz berrartu dugu, ahalegin handiarekin, hori bai, eta gastu ekonomiko handiekin.
Zeintzuk dira euskal dantza tradizionalaren etorkizuneko erronka nagusiak?
Egituratze premia handia du. Sistemaren parte handiena dantza talde amateurrek sostengatzen dute; kulturgintza, ondare eta herrigintza lan ikaragarria egiten dute, errekonozimendu eta babes oso txikiarekin, bai gizartearen eta bai erakundeen aldetik, nahiz eta ekarpen horren onura hori denek baliatzen duten. Baina orain 25 urtetik eskatutako minimoak ere ez zaizkio eskaini euskal dantzari. Hutsune larriena eskola ofizial baten falta da. Oso mingarria da Dantzertirekin gertatu dena, dantza eta antzerkia ikasteko zentroa jarri du Bilbon Eusko Jaurlaritzak, baina ez ditu euskal dantzako ikasketak eskaintzen, lau urteko karreran ikasgai solte batzuk baino ez. Espainiar eta frantses filologia eskaini, baina euskal filologiarik ikasteko aukerarik ez izatea bezalakoa da hori.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?