Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Oier Araolaza Dantzaz eta libertimenduaz, Antton Luku gaur Donostian

Dokumentuaren akzioak

Dantzaz eta libertimenduaz, Antton Luku gaur Donostian

2014/12/12 10:55
Dantzan Ikasi programan Antton Lukuren mintzaldia antolatu dugu gaur Donostian, Koldo Mitxelenan, 19:00etan. Azken urteotan dantzaz, kulturaz, sorkuntza, tradizioaz, herrigintzaz, euskaraz, antzerkiaz eta oro har gure zera honetaz irakurri ditudan gauza interesgarrienetakoak idatzi ditu Antton ...

Dantzan Ikasi programan Antton Lukuren mintzaldia antolatu dugu gaur Donostian, Koldo Mitxelenan, 19:00etan. Azken urteotan dantzaz, kulturaz, sorkuntza, tradizioaz, herrigintzaz, euskaraz, antzerkiaz eta oro har gure zera honetaz irakurri ditudan gauza interesgarrienetakoak idatzi ditu Antton Lukuk. Euskal Kultura? liburua zorrotza eta ausarta izan zen, Libertitzeaz mamitsua eta argigarria, besteak beste.

Zaila gertatzen zait liburuaren mamia hitz gutxitan adieraztea. Eta aipuak jarrita ere konturatzen naiz ez diodala justiziarik egiten, gogoeta konplexu eta sakon baten ertzak erakustea, ertz zorrotzak izanda ere, diskurtsoa desitxuratu eta karikaturizatzen dutelako. Baina hala ere jarri egingo ditut aipu batzuk, gaur arratsaldeko hitzaldirako gonbidapena idatzi nahi bainuen, eta liburuaren mamia laburtzen saiatzean desitxuratze larriagoak egin ditzakedala sumatzen baitut. Horra ba:

Antton Luku: Libertitzeaz (Pamiela, 2014)

"Libertimendua politikaz mintzo da, horrek ematen diolarik indarra eta batzuetan, ikuspegi artistikotik, ahulezia. (...) Euskal Herri honetan dantza eta politikaren arteko lotura betikoa bezain aldakorra da. Dantza trabesa da politikarako eta norabide guzietara baliatua."(134.orr)

"Orain mutikoak eta neskak eskolan dira elkarren ondoan jarririk. Ber xede eta ber ametsekin. Feminitate eta maskulinitatea borratu gabe heziketa bera zor diegu. Eskatzen zaie gauza bera orain eta neskak behar ditu politikak. Bolanten artean dantzatu behar dute. Nonbait neska bolantek hori dute erran behar plazan. Libertimendua ez da ederragoa baizik izanen". (127. orri)

"Libertimendua heziketa sistema da. Dantza maite dute izigarri Garazin oraingo ere. Zer nahi indar egiten du jendeak, ezantza upeltaraka erretzen, haurra dantzaria izan dadin. Euskarak baino balio gehiago duela salatu dugu behar baino gehiagotan. Dantzak gaitu hemengo jendarteko eta plazako egiten. Integratzen gaitu eta mundu orori aurkezten. Gizona finitzen du. Bitxikeria horrek, dantza euskara baino lehenago ezartzeak, folklorekeria ekarri duke. Ez diogu jendeari dantza maite izatea egotziko. Formak duen eraginak dudarik ez du uzten, baina lastima da sentsua galdu izana. Lan honen funtsa da honen oroitaraztea." (125-126.orr)

"Jokalaria bere antzerkiarekin solidario izan behar baita kontsentsua lortu behar da eta dimentsio politiko oso handia dauka. Hor sortzen den espazioak Oteizaren mairu baratzeen hutsarekin badauka egite, suaren partea da. Profesionalizatzeak hau du kentzen jendeari. Honentzat ziren toberak muntatzen eta ez bordela sakatzeko alarguntsa bati. Antzerkia espazio hutsa da, bai, ez dut Brook handia dudan ezarriko, baina gure eskala ttipian beti izan da espazio askea. Erakunde guzien kontra beharko dugu defenditu. Antzerki jende baziren ere." (101. orr.)

"Hizkuntza minorizatuetan nehor ez daiteke euskaraz bizi errotik. Antzerkian baizik. Mundu poetiko hori fundamentala da. Errealitate bat ematen baitio, posible bat, ezin denari." (99. orr)

"Jendeek kilometroak egiten dituzte haurrak dantzan ikas dezan, fortunak xahutzen musika eta soinu ikas dezan. Urtero aldatzen dute soinuz eta hondarrean uzten deus ikasi gabe. Gure arte popularrak, libertimenduaren osagaiak, bata bestearen ondoan irakatsiak behar dira. Zuberotarrak beha. Lehen ikasten dira moneinak, pentsatua da pedagogia finez, sozializatzen du eta moldean sartzen." (476. orr.)

"Eta mintzo euskaraz. Hau guztia euskaraz pasatzen baita alabaina, horretako dut euskaraz idazten, euskaraz pentsatua eta aplikatuko delako. Arras posible delako dantza euskaraz erakustea euskara ez dakien bati". (477. orr.)

"Orain ere lehen bezala gazte guziak dantza taldeetan dira, izan daitezen normal den bezala beste gisan errugbilari, besta egile edo onddo biltzaile lehiakorrak. Beren dantzan sinesten ote dutea? Ez dakit baina ez naiz hain segur. Eta ene ustez ondarearekiko durduza horrek bultzatzen ditu denak sorkuntzara. Sorkuntza bada egiten den hori. Ez dugu orain beste eztabaida irekiko, ez naiz hona jina dantza ikuskizunen kritikaren egiteko, aski etsai egin ditut mementoko. Dantza ikuskizun muntaketa da taldeetan entzuten den helburua. Ikuskizunaren moldea, formatua, orain lehen bezala Frantziako sareek diktatuak da. Areto teknika edo, savoir faire bat bada amateurra bazara gehiago oraino inposatzen zaizuna. Ikuskizunak orain tematika behar du eta esanahia agerian utzi behar da, afitxatua bezala, nehor ez bada hortaz ari ateratzean baina performantzia eta estetika hutsez. Aitzakia behar da eta "antzerkiarekin nahastu" entzuten da. Dantza antzerkia ez balitz bezala. Bere mintzoa ez balu bezala". (484. orr.)

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.