Dokumentuaren akzioak
Baztan-dantza, bideo biral bat ziberespazioan kateatuta
Gaur iritsi zait uda osteko lehen emaila txinatarrak euskal dantza egiten erakusten duen bideoarekin. Noizean behin gertuko zein urruneko lagun edo ezagun baten emaila jasotzen dut. Teklatuan dituen harridura keinu guztiekin batera, zur eta lur utziko nauen bideo bat bidaltzen didala esaten dit: "Txino batzuk euskal dantzak egiten!". Orain lau urte hasi zen hau gertatzen, eta gutxienez hilean behin errepikatzen da ordutik. Beti daukat lagun edo ezagunen bat nirekin akordatzen dena eta bideoa bidaltzen didana.
Nik pozik hartzen dut. Horri esker, badakit inoiz horrelako beste bideoren bat agertzen bada bidaliko didatela, eta beraz, laguntzaile finak dauzkadala inguruan.
Lau urte sarean
2009ko irailaren 9an argitaratu genuen 巴士登之舞_巴斯克山谷_Baztan Dantza izeneko bideoa dantzan.com-en. Bideoarekin batera honako testua idatzi genuen: "Horra japoniar talde bat euskal dantza bat egiten. Baztan Dantza deitzen diote eta berez Baztango mutil-dantza bat da, Billantziko hain zuzen ere, baina nahiko modu berezian dantzatua. Munduko dantzen nazioarteko zirkuitoan bidea egin duen dantza da hau eta hainbat errepertoriotan agertzen da. Irudiak bitxiak dira benetan".
Sarean dantzari buruz argitaratzen diren kontuen berri izateko zenbait tresna desberdinetan egindako bilaketetara harpidetuta gaude, eta horri esker izan genuen bideo bitxi horren berri. Bideoa irailaren 6an argitaratu zuen Youtuben gpknh erabiltzaileak, eta handik hiru egunetara argitaratu genuen dantzan.com-en. Argitaratu genuenean bideoak dozena bat ikustaldi baino ez zituen.
Japoniar talde bat euskal dantzak egiten, txorakeria horrek ikusmina sortu zuen eta berehala hasi zen zabaltzen kontua. Biharamunean (irailak 10) Sustatun argitaratu zen eta irailaren 12an Euskalkultura.com-en. Hiru aste pasata, Iñigo Astiz-ek erreportajea argitaratu zuen Berrian: Txinan dago Baztan. Patxi Montero elkarrizketatu zuen Astiz-ek, euskal dantza bat Txinaraino nola iritsi ote zen jakin nahirik, eta horrez gain, Jhonny Kuang Bonding, Hong Kong-eko dantza irakaslearen hitzak ere jaso zituen.
Emailez email
Hortik aurrera oraindik bukaerarik izan ez duen emailez emaileko bideari heldu zion bideoak. Lehenengo astetan pipertu ere egiten nintzen, zenbait lagun eta ezagunek Youtubeko lotura bidaltzen zidatelako, bideoari oihartzuna dantzan.com-en eman geniola jakin gabe, eta ondorioz, dantzan.com ez zutela irakurtzen frogatuz :-( Oraindik ere, pena ematen dit horrek, bideo hori ikustera sartutako zenbaitek, akaso gustuko beste eduki batzuk aurkituko zituelako dantzan.com-en, baina horren ordez, youtubera bideratzen ditugulako... Honekin gertatutakoa ikusita ulertzen dut zergatik komunikabide batzuk youtubetik bideoak hartu eta beraien bideo-sisteman jartzen dituzten. Baina horrelakoa da sarea, eta geuk ere egingo genituen halakoak oharkabean...
Emailez email, tarteka komunikabideetako lankideen postontzietara iristen da bideoa, eta horiek ere bitxikeria zale direnez, artikuluak argitaratzen dituzte. Dantzan.com-en argitaratu eta 15 hilabetera, 2010eko abenduan, Diario de Noticias de Navarran argitaratu zen: "La 'Mutildantza del Baztan' 'arrasa' en el país del sol naciente", eta hor bideoarekin lehen aipatutako jokaldia egin zuten, beraien sistema propiora pasa, youtubekoa jarri beharrean. Lau hilabetera, 2011ko martxoan, eitb.com-en ingelesezko bertsioan argitaratu zuten, Japanese students practice Basque dance from Baztan, hauek ere bideoa beraien sistemara eramanaz. Berriki, 2013ko ekainean, SudOuest egunkarian argitaratu dute: "Quand les Chinois s'essaient à la danse traditionnelle basque". Noski, tartean blogetan eta sare sozialetan behin eta berriz argitaratu da.
Lau urteotan 77.000 ikustaldi izan ditu bideoak, euskal dantzari buruz Youtuben dauden bideoen artean bigarren ikusiena da, Gipuzkoako zinta-dantzaren bideo honen ondoren. Gpknh-ren Youtubeko kanalean ere Baztan dantzaren bideoa da arrakastatsuena.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Oier Araolaza
Dantzaria naiz. Eibarko Kezka eta Donostiako Argia taldeetan aritzen naiz batez ere, eta Elgoibarko Haritz taldean ikasi nuen zenbait urtez. Dantzan elkartean egiten dut lan, dantzan.eus editatzen, eta dantzaren komunikazioa, dokumentazio, formakuntza eta kudeaketa lanetan oro har.
Blog honetako testuen lizentzia: CC-BY-SA
Alegia, kopiatu, aitortu eta baldintza beretan zabalzazu!
Jasotako azken erantzunak
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Nekane Barandiaran on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Alex Hormaechea Wray on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Patxi Montero on Dantza utzi du lagunek burla egiten diotelako
- Oier Araolaza on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Patxi Montero on "Dantzaren industria" oximoron bat da
- Oier Araolaza on Eta orain zer?
- Xabier Etxabe on Eta orain zer?