Dokumentuaren akzioak
Txinan dago Baztan
Hamaika txokotara heldu dira euskal urratsak, munduko dantzak izeneko dantza motei esker. Baztango mutil-dantza bat dantzatzen du, esaterako, Txinako dantza talde batek.
«Izen generiko bat da munduko dantzak delako hori, saloi dantzen
modukoa», azaltzen du Patxi Montero munduko dantza irakasleak. «Bateko
eta besteko dantza tradizionalak sartzen dira zaku horretan.
Hawaiikoak, Israelgoak, Bulgariakoak..., eta baita, noski, Euskal
Herrikoak ere». Edozein dantza tradizional izan liteke dantza saio
horietan sar litekeena, baina biribilean egiteko dantzak eta ikasteko
erraz xamarrak direnak dantzatzen dira gehien.
Konferentzia eta ikastaro bereziak izaten dira munduan zehar,
halakoak ikasteko. Portugalen ospatzen den Andanzas izeneko jaialdi
erraldoia da horren adibide. Tailerrak izaten dira egun osoan, eta
milaka parte-hartzaile.
Ispilu joko bat sortzea da halako ikastaroetan lortu nahi
dena. Dantza irakasle batek munduko txoko bateko dantza tradizional bat
irakasten die ikasle gisa dituen beste irakasle batzuei. Irakasle
horiek beren ikastaroetan irakasten dituzte dantza berri horiek, eta,
agian, haren ikasleek ere beste inori erakutsiko dizkiete dantza
horiek. Ispilu joko baten antza baino gehiago, ordea, telefono
hautsiaren jolasaren antz handiagoa hartzen dute saio horiek
zenbaitetan.
Zergatik? Bada, sarritan, sorterrikoak ez diren beste irakasle
batzuengandik jasotzen dituztelako dantzak. Hala azaldu du prozesua
Monterok. «Gogoratzen telefonoaren jolasa? Kate batean jarrita, ume
batek hurrengoari belarrira hitz bat esaten zion, eta, katearen
amaierarako, hasierakoa ez beste bat da hitza. Ez dut esan nahi
ohikoena hori denik, baina batzuetan gertatzen da».
Horregatik, irakasle bakoitzari dagokio, Monteroren ustez,
jatorrizko iturrietara jo, eta berak ikasitako dantza jatorrizko
harekin alderatu, eta haren arabera moldatzea. «Urratsak bai, baina
dantzatzeko era erakustea ere garrantzitsua da», dio.
Dantza enbaxadore
Jhonny Kuang Bonding Western Folk Dances taldeko kideak
dioenez, badaki dantza ez dutela zehazki hemen dantzatzen den moduan
dantzatzen. «Ziur aski, gaizki dantzatuko dugu», dio, «horregatik,
zinez eskertuko genuke dantza ezagutzen duen inor Hong Kong inguruan
balebil, edo etortzekotan balitz, gurekin harremanetan jarri, eta klase
pare bat emango balizkigu». Taldearen email helbidea utzi du
horretarako: bondingkyc@yahoo.com.hk.
Monterok dioenez, kontua ez da, ordea, ongi edo gaizki
dantzatzea soilik. Dantzatzea bera ere bada zerbait. «Ez dute, agian,
jatorrizko dantza gehiegi errespetatzen, baina dantzatu egiten dute,
halere»; eta haren ustez, dantzatzea sentitzea da. «Baztan Txinan
dago», dio, horregatik, «eta txinatar horiek dantzaren bitartez, Baztan
ari dira sentitzen. Ez dago dantza baino enbaxadore hoberik lurralde
bat ezagutarazteko».
Dokumentuaren akzioak