Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Mikel Sarriegi Urtubiren bandera-dantza izan zen Donostiako hori

Dokumentuaren akzioak

Urtubiren bandera-dantza izan zen Donostiako hori

2017/06/14 21:45

Oier Araolazak gogorarazi zigun aurreko batean sarean: banderatxoekin dantzariak agertzen diren argazki sorta honen misterioak argitu gabe jarraitzen duela galdera bota eta 6 urte ondoren, alegia. Orduan zerbait argitzen saiatuko nintzela agindu nionez, neuri modu ez zuzenean botatako enbido moduan jaso dut oroitaraztea, eta ezin lasai gelditu zorra kitatu gabe. Hemen dihoaz azalpenak, bada:

Aurrekariak dantzan.eus-eko lagunek Guregipuzkoan.net-en sareratutako argazki bilduma interesgarriari buruz egindako aipamenean daude, honako artikuluan: Gipuzkoako dantzak Donostiako zezen plazan, baina zein dantza da hau? 

Bertan hainbat bitxitasun azaldu eta interpretatu zituzten: Makil txikiena, uztai handiena izan zitekeen arku-dantza, uztai txikiena, zinta-dantza eta bandera txikiekin egindako beste baten argazkiak agertzen dira bilduman.

Garaiko prentsa-kroniketan aurkitu ditugun datuei esker, orain jakin badakigu dantza-ekitaldi hori, 1906ko uztailaren 14an egin zela Donostiako Zezen Plaza Berrian -Txofreko zezen plaza, 1903an inauguratu zena- ospatutako Euskal Jaien egitarauko Jaialdian ("gran festival euskaro"). "Euskal-dantzari-donostiarrak" izeneko taldeak parte hartu omen zuen 100 dantzariz osatutako konpartsa baten bidez. Badirudi, garai hartan ohikoa zen moduan, Euskal Jaietarako beren-beregi prestatutako talde horietakoa izan zela. 100 dantzariak 5 kuadrilla edo taldetxotan banatuta agertu omen ziren, 1etik 5erako zenbakiekin izendatu zituztenak. Argazkietan ezin da kopuru hau baieztatu, gehienera ere lau talde ikusten baitira aldi berean dantzan. Oraingoz ez daukagu dantza-talde horren berri gehiagorik, hurrengo egunean deitu zituztela besterik ez, beharbada erabilitako arropa edota tresnak itzultzera: “Dantzari-donostiarrak.- se suplica á los grupos 4 y 5 se presenten en las Escuelas del Ensanche Oriental, á las nueve de la mañana, y  los grupos  1, 2 y 3 á las once”.

Dantzari talde erraldoi hau Jose Urtubi dantza-maisuak prestatu eta zuzendu zuen, antza. Garaiko prentsak nabarmen goraipatzen du Urtubi maisuaren lana: "Cuanto se diga de la precisión, gusto y originalidad de los bailes resultaría pálido ante la realidad", “…dirigidos por el señor Urtubi, que ha demostrado tener mucho gusto y sobre todo paciencia para enseñar a cien muchachos en los diferentes bailes.”, “estuvieron muy bien y por tanto felicitamos á su director señor Urtubi que con tanto celo, paciencia y constancia a conseguido hacer tan excelentes bailarines.

Eta iturri berari esker jakin ahal izan dugu banderatxoen dantza misteriotsu eta ezezagun hori Urtubi beraren konposizio, moldaketa edo sorkuntza izan zela: “terminó el espectáculo con el gran baile de conjunto Bandera-dantza, composición del señor Urtubi

Bandera-dantza.CC BY-SA - GureGipuzkoa.net

Arratsaldeko 4etan hasi zen jaialdira oso ikusle gutxi hurbildu zen ("no hubo ni media plaza siquiera"), argazkietan nabarmentzen den bezala, eguraldi txarra egin zuelako (“A pesar de lo desapacible del tiempo hubo una buena entrada”). Hasiera dantzariek eman zioten segizio baten bidez eta ondoren  "makil-dantza",  "balesta-dantza", "arku-dantza" eta "zinta-dantza" dantzatu zituzten ("una variadísima colección de danzas antiguas", “antiguos bailes euskaros”). Kronika batzuen arabera, lehena eta azkena taldetxo guztiek batera dantzatu omen zuten. "Balesta-dantza" aldiz, laugarren taldetxoak bakarrik, eta "Arku-dantza", bosgarrenak. Prentsa-iturriaren arabera, bada "makill-dantza",  "uztai-dantza", "ezpata-dantza" eta "brokel-dantza" ere aipatzen dituenik, zalantzarako bidea emanez; beste iturri baten esanetan, zinta-dantza da bosgarren taldeak bakarrik dantzatu zuena, eta arku-dantza denok batera egin zuten. Egin ziren dantzen deskripzioen arteko nahasmendu hau neurri batean argitzen lagundu dezakete argazkiek:

-          Argi dago uztai txikiena eta zinta-dantza dantzatu zituztenek talde bakarrean egin zutela.

Uztai txiki talde bakarrean. CC BY-SA - GureGipuzkoa.net   Zinta-dantza. CC BY-SA - GureGipuzkoa.net

-          nahikoa garbi dago denok batera dantzatu zuten dantzetako bat kroniketako “makil-dantza” edo makila txikiena dela.

Makila txikiena. CC BY-SA - GureGipuzkoa.net

-          baina zalantza sortzen da denok batera dantzatzen duten loredun uztaiekin egindako laugarren horri zein izen eman dioten kronikek: “uztai-dantza”, “arku-dantza” edo “ balesta-dantza” izan daiteke, iturri desberdinen arabera.

arku-dantza. CC BY-SA - GureGipuzkoa.net

Korapilatsua litzateke deskribapen hauen zehaztasun guztiak azaltzea, eta erraz-bidean, ateratako ondorioa azalduko dut bakarrik: ziurrenik gure egungo uztai txikienari “balesta-dantza” esaten zioten; eta loredun uztaiekin egindako beste horri, aldiz, (ezin jakin zein dantza zen, ez baitaukate gaur egungo uztai handien tamainarik) “arku-dantza” edo “uztai-dantza”.

Tarteko atsedenaldian Arrasateko dultzainero-taldeak saioa egin ondoren, bigarren zatia herri-kirolekin (aizkolari eta jauzilariak) eta dantza-solteko txapelketarekin ("concurso de baile al tamboril") osatu zen. Txapelketan 6 bikotek parte-hartu zuten, irabazleak Ramon Salsamendi eta Gabina Zabala donostiarrak gertatuz.

Lehen aipatutako Bandera-dantzak eman zion bukaera jaialdiari. Argazkietan ikusten diren xehetasunekin batera, dantza honi buruz jakin dezakegun bakarra da 8 irudi desberdin osatu zituztela ("en el que se hicieron ocho figuras diferentes, á cual más difíciles y bonitas", "muy vistosa y de gran efecto pictórico"). Hor ikusten da, besteak beste, talde bakoitza 16 dantzariz osatu zela, nor bere buruzagiarekin, eta gurutze edo diagonal erako irudi eta mugimenduak osatu zituztela.

Bandera-dantza. CC BY-SA - GureGipuzkoa.net

Esan bezala, oraingoz ez daukagu "Euskal-dantzari-donostiarrak" izeneko elkarte horren iraupen eta jarraipenari buruzko daturik, nahiz eta behin eta berriz aipatzen den kroniketan jendaurrean izandako harrera onak mereziko zuela antzeko ikuskizunik errepikatzea: "...la fiesta, que resultó tan entretenida que sería de desear pensara la comisión organizadora en repetirla, si los muchachos que en ella tomaron parte conservan sus trajes...", “el espectáculo satisfizo por completo a la concurrencia, que deploraba no se repitiesen con más frecuencia tan amenas y tradicionales fiestas”, "...gustó tanto á los concurrentes á dicha fiesta que es muy probable se repita."

Buruzagi aritu ziren dantzariak ere izugarri goraipatu zituzten: "El público no se cansaba de aplaudir, especialmente á los jóvenes que dirigían los grupos, que bailaban á las mil maravillas".

Bereziki ematen du atentzioa "balesta-dantza"ren izendapen edo aipamen horrek. Gipuzkoako brokel-dantzen sailean XIX. mendean behin baino gehiagotan agertzen den dantza-izendapena da (Arcos y ballestas/gueciac, J.I. Iztueta, 1840; Baile de ballestas, J.A. Olano 1858) eta beti pentsatu izan dugu uztai txikien dantzari zegokiola. XX. mendearen hasieran Errenteriako dantzarien brokel-dantzen sailean ere izen horrekin agertzen da, esate baterako. Kronika eta argazki hauek baieztatuko ligukete uztaiak elkar joz egiten zen dantzari Gerraurrera arte behintzat Balezta-dantza esaten zitzaiola. Eta ezaugarri horrek bereiziko luke beste uztai-dantza edo arku-dantzetatik.

Azken batean, eta ondorio gisa, bai uztai-dantza bai bandera-dantza hauei buruz jasotako gorabehera hauek erakusten dute, kontradantza formapean ezagutu izan diren dantza hauen izaera, uste orokorrak adierazten duena baino malguagoa izan dela denboran zehar. Une eta garai desberdinetan sortu, garatu, moldatu eta desagertu izan direla. Denok ezagutzen ditugunak finkatu eta egonkortu egin zaizkigu izen eta aldaera jakin batekin, baina horrek ez du esan nahi haien ingurumarian beste asko izan ez direnik. Eta beti egongo zen neurri batean edo bestean, dantza-maisuren bat bakoitzaren atzean.

2017/06/15 11:37
Bikain Mikel!!!! Aupa zu! Mila esker egindako lan eta misterioa argitzeagatik. Ez dantza bakarrik, dantzaldia, data, dantza-maisua, beste dantzen inguruko xehetasunak. Oso interesgarria eskaini diguzun informazio guztia.

Ohi bezala erantzun batek galdera gehiago ekartzen dituenez, ezin ukatu Jose Urtubi dantza-maisuaren izenak jakinmin handia eragin didala. Bilaketa azkar batek Jose Urtubi kantu-sortzailea eta Donostiako orfeoiaren sortzaileetakoa izan zela erakutsi dit, baina dantzarekin lotuta ez dut besterik aurkitu.

Balezta-dantzari dagokionez, bat nator diozunarekin. Nik ere uztai txikien dantza identifikatu izan dut balezta-dantza izenarekin, baina ohartu gabe nengoen egin duzun interpretazio horrekin. Alegia, akaso uztaiak elkar joz egiten zen dantza beste arku-dantzetatik bereizteko erabiltzen zutela balezta izena.

Dena den, uztai, gezi, arku eta balezta artean, gero eta nahasmen handiagoa daukat (buruan). Lau aipu:

1828. Juan Antonio Urbeltzek (Dantzak : notas sobre las danzas tradicionales de los vascos. Caja Laboral Popular, 1978: 159) ezagutzera eman zuen 1828ko brokel-dantzaren deskribapen batean ez arkurik, ez baleztarik ez da ageri, eta ordea, geziak aipatzen dira.

1840. Bergarako besakardaren urteurreneko festa programan ( https://dantzan.eus/albiste[…]kadaren-urteurrenean-1840an ) euskaraz "gueciac" aipatzen dira, eta gazteleraz "arcos y ballestas".

1858. Jose Antonio Olanok Bilbon 1858an eskainitako emanaldiaren programa aipatu duzu (Irigoien, Iñaki. «Troqueados en Vizcaya». Txistulari 146 - Dantzariak (Ext) (1991): 5–24.) eta hor balezta-dantza ageri eta uztai txikien dantzarik ez.

1858 (?) Joxemiel Bidadorrek ezagutzera eman zuen Jose Antonio Azpiazuren 1858ko deskribapenean berriz, "Los arcos" aipatzen da dantza moduan, baina ondoren, brokelen dantzan, dio brokelak hartzen dira "en vez del arco y la ballesta".

Niri bururatzen zaidana funtsean erabiltzen zituzten tresnak arkuak izan zitezkeela, eta beste guztia (baleztak, geziak, e.a.) erretorika eta literatura dela. Baina auskalo!! Hari hau ere benetan interesgarria!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz edo zure Twitter edo Facebook kontua erabiliz.

Urtubiren bandera-dantza izan zen Donostiako hori

Bandera-dantza Donostiako zezen-plazan, 1906.CC BY-SA - GureGipuzkoa.net

Mikel Sarriegi

Mikel Sarriegi

Dantzan 40 urte baino gehiago, Aurtzaka taldean ia beste hainbeste, uzteko asmorik gabe.


Babestu dantzan.com