Dokumentuaren akzioak
Iñaki Mugerza oroimenean
Herenegun utzi gintuen Iñaki Mugerza Ormazabalek (1938-2021). Dantzari bikaina izana eta Euskal Dantzarien Biltzarraren sortzaileetako bat izan zelako ezaguna. Enpresari arrakastatsua izan zen Iñaki, baina, aldi berean, dantzak bizi zuen, txiki-txikitatik, aitaren eskutik lehen aldiz Pujanatarren Donostiako dantzari taldea brokel-dantzan ari zela ikusi zuenetik, 1945 urte inguruan.
Aita txistularia zuen eta bera ere txistulari gisa hasi zen Juventud Cordimariana taldean 10 urte zituela. Berehalaxe hasi zen dantzan ere, ordezkapenak egiten, eta erakutsi zuen abileziak ibilbide luzeari eta oparoari hasiera eman zion. Bioztun taldean aritu zen 50eko hamarkada hasieran sortu zenetik eta Inozenzio Urkia, Iñaki Urain eta Oinkari taldekoak izan zituen dantza-maisu. Bioztun taldea desegitearekin batera, Biarritzeko Oldarra taldeak deituta urte askoan aritu zen haiekin, Europa osoan hainbat eta hainbat ekitaldi eta jira arrakastatsu gauzatu zituen.
Emazte izan zuen Alicia Rivero ere dantzaria izan zen. Mª Elena Arizmendiren Izarti dantza taldeko dantzaria zela ezagutu zuen, eta, ondoren, urte luzez dantzatu ziren elkarrekin.
Ardura handiko pertsona izan zen EDBren eraketan eta antolaketan, hasiera-hasieratik, bere ekarpenik baliotsuena kudeatzaile gisa egin zezakeela jakitun.
Orobat, Iñaki dantzari fina zen eta hala egiazta dezakegu 1983. urtean TVEk Donostiako Gaztelubide elkartean hartutako irudi polit hauetan, Gene Yurre ezagunak eskusoinuz jotako Agurra dantzan. (37:50)
Iñakik oso gogoan gordetzen zituen bere ibilbide luzean bizitako hainbat pasadizo: Philippe Oyhamburu Etorki taldearekin batera bera ere Estatu Batuetara eramaten saiatu zenekoa, edota Kirk Douglas aktoreari Donostiako Zinemaldian elkarte gastronomiko batean Zuberoako dantzak egiten irakatsi zionekoa, besteak beste.
Badut irudipena gaur egungo euskal dantzari apartak direnak, asko eta asko munduan barrena barreiatuak, zorionez, neurri batean gutxienez belaunaldi berrientzako ezagunak zaizkigula, eta dantzarion komunitatean badutela halako miresmen maila gutxieneko bat. Beste kontu bat da herritarren artean eta bestelako sektoreetan horrelako aitortzarik ez izatea. Aldiz, eta, aldi berean, badut irudipena orain hamarkada batzuk gaur egungo dantzari sonatu hauen aurrendari izan ziren hainbat eta hainbat jende oso isilean eta konturatu gabe joaten ari zaigula, apenas euren lanaren aitorpen ondrosorik jaso gabe. Geure memoria kolektiboaren kaltetan, badaukagu hor transmisioaren aldetik eten handi bat. Soka bereko adibide bat gehiago dateke Iñaki Mugerza, eta ez bedi horrela izan.
Nik, behintzat, ez dut geratu nahi bere adeitasunagatik eta egindako lan eskergagatik esker ona adierazi gabe. Ezagutu zintugunok zor dizugu eta gogoan izango zaitugu, Iñaki!
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Mikel Sarriegi Etxezarreta
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Ataungo eskua
- Aritz Ibañez Lusarreta on Iñaki Mugerza oroimenean
- Oier Araolaza on Dantza-espezie bat galzorian? 2019/06/24
- Mikel Sarriegi on Urtubiren bandera-dantza izan zen Donostiako hori 2017/06/14
- Oier Araolaza on Urtubiren bandera-dantza izan zen Donostiako hori 2017/06/14
- Oier Araolaza on Maixuaren irribarrea ispiluan 2015/07/24
- Aritz Ibañez Lusarreta on Maixuaren irribarrea ispiluan 2015/07/24