Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Mikel Sarriegi Etxezarreta Ataungo eskua

Dokumentuaren akzioak

Ataungo eskua

Ataungo eskua

Aurtzaka dantza taldea

Euskal komunitate zientifiko -eta ez hain zientifiko- osoa aztoratu duen Irulegiko eskuaren aurkikuntza dela tarteko, banator ni ere jakingarri txiki bat plazaratzera. Gure dantza taldearen ibileran, une jakin batean agertu zitzaigun misterio txiki bat, eta Irulegikoari esker, neurri batean behintzat, argituta geratzeko bidean jarri da kontu hura.

Orain bi hamarkada, Goierriko dantzei buruzko ikerlan batean izan genuen inauterietako dantzetan Lazkaomendin erabili izan zen galtza zuri berezi batzuen berri. Bertako baserri bateko semeak jazten omen zituen, Joxalberto Andres Zurutuza lagunak jakinarazi zidan moduan, eta eskuratu ere eskuratu genituen jantzi horren argazkiak, gerraurrekoak. Itxura batean, inauterietan dantzan egin eta eskean ateratzeko erabiltzen zituzten.

Lazkao, 1940ko hamarkada.

Lazkao, 1940ko hamarkada.

Deigarria eta berezia iruditu zitzaigun, aurreko erreferentziarik ez geneukanez, esku gorriaren irudia izter gainean kokatua, zer sinbologia edota esanahi izan zezakeen arrastorik izan gabe. Misterio txiki bat gertatu zen guretzako.

Jakin genuen, halaber, galtza horien jatorria Ataunen zegoela, bazirela gehiago ere, baina ale bakarra gordetzen zela. Eta horrelaxe erabaki genuen Ataungo mozorro-dantza berreraikitzeko orduan galtza horiek gure jantziteriari gehitzea. Harrezkero, hainbat aldiz erabili ditugu galtzak gure emanaldietan, eta ez dira gutxi izan esku horien esanahiaz galdetu izan digutenak. Gure erantzuna: arrastorik ez!

Aurtzaka 2006

Aurtzaka dantza taldea, 2006.

Izan ere, gerora azaldu zitzaigun Joxe Migel Barandiaranek 1931n egindako aipu bat, non Ataungo eskuen berri ematen zuen, galtzen irudi bat eta guzti:

“Visten, o vestian, en la region de Ataun, a principios de este siglo, pantalon blanco muy ribeteado y con figuras de manos humanas encima de las rodillas…”

Baina hor ez zegoen esku horien sinbologia balizkoari buruzko ezertxo ere.

Irulegikoa ikusita, ordea, hipotesi polit eta sinesgarri bat agertu zaigu oraingoan. Apotropaiko gisa izendatzen den iruditeriarena, hain zuzen ere. BERRIAko Iñaki Lopez de Luzuriagaren artikulua dela medio eta ingelesezko wikipediari esker, munduan zehar eskuaren irudiak dituen senitartekoen berri izan dugu. Ipar Afrikako eta Ekialde Hurbileko kulturan begizkoa eta erasotzaileak uxatzeko ikur eta kuttun oso ohikoa zen:

… bost atzamarrak zabalik dituen eskuin eskuak begizkoa eta erasotzaileak uxatzen omen ditu. Bosteko eskuaren antzeko tradizioak oso antzinakoak dira, baina judu sefardiei egotzi zaie kuttun hau erabiltzen lehendabizikoak izatea, alegia, Iberiar penintsulako juduei; horiek ere begizkoan sinesten zuten. Bada, bistan da orain ez zirela lehendabizikoak izan. 

Gerora, espainiar agintari erlijioso katolikoen arbuioa piztu omen zuen eta XVI. mendean debekatu baldin bazuten ere, oraindik Mediterraneoko kristauen artean erabiltzen omen da Mariaren esku berrizendatua, zoriona ematen duelakoan. 

Aipatutako horiek guztiak bat datoz guk geuk geure dantza ibilaldietan izan dugun ezustekoren bat argitzeko orduan. 2006an Zagreb-eko dantza-jaialdian Afrikako Tanzaniatik etorritako musika-talde bateko kideari gure esku-xaflaren oso antzekoa ikusi ez genion ba galtzetan! Ez da, beraz, Afrikako iparraldera mugatzen sinbologia hori.

Zagreb-eko 41. Nazioarteko Folklore Jaialdia, 2006.

Horiek guztioriek ezagututa, Ataungo inauterietan esku gorri horiekin mozorrotuta etxez etxe kantuan eta dantzan joaten ziren gazte haiek, oso antzinakoa dirudien kode baten bidez zoriona opa zutela pentsatzea samur egiten zait une honetan. Beste upel bateko sagardoa izango da ataundarren eskua bertako jentilei, Irulegiko baskoiei ala Lizarrustiko mendatean behera galdutako judutarren bati zor zaion ebaztea…

Dokumentuaren akzioak

2022/11/21 11:08
Ona Mikel! Hau da hau esku-dantza!

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.