Dokumentuaren akzioak
Gipuzkoako dantzak Donostiako zezen plazan, baina zein dantza da hau?
Aurrekoan aipatu genuen GureGipuzkoa argazki gunea, dantzari dagokionean ere, altxor ederrak sareratzen eta erakusten ari zaigula. Oraingoan, harrigarri gertatu zaigun argazki sorta bat aurkeztu nahi dizuegu. Aurkeztu, eta bide batez, ea irakurleon artean gure jakinmina osatzeko modurik daukagun...
Donostian, zezen-plaza zaharrean, El Txofren ospatutako jaialdi baten irudiak dira. Dantzari sorta ederra ageri da iruditan, 50-60 dantzari inguru. Dantza batzuetan zortzinaka, beste batzuetan hamabiko taldeetan, eta zenbait dantzatan hamasei dantzariz osatuta taldeetan ageri dira antolatuta.
Ikus ditzagun argazkiak, banan banan. Lehengo honetan lau taldetan antolatuta ageri dira dantzariak. Badirudi makil txikiak dituztela eskuetan eta buruzagi bat du talde bakoitzak aurrean. Pentsa daiteke taldeak plazaren erdira sartzen ari direla, edo bestela makil txikiren zortzikoa dantzatzen ari direla.
Bigarren argazki honetan makil-txikiren jokoa dantzatzen ageri dira. Aipatzeko moduak iruditzen zaizkigun zenbait kontu. Batetik, jantziei erreparatu. Praka eta alkondara zuria. Txalekoa, koloreduna aurrean (gorria?) eta zuria atzean. Buruan txapela (gorria?), eta oinetan... ardi-lanazko galtzerdiak eta abarkak. Azken hau deigarria da, izan ere, XX. mendean, 70eko hamarkadararte, eta brokel-dantza eta ezpata-dantza erako dantza taldeetan, ia inoiz ez dira larruzko abarkak agertzen, espartzuzko abarketak baizik. Atentzioa deitzen duen beste kontu bat. Buruzagiak ez dauka "ohiko" buruzagi makila. Ez, zutohial edo estandarte bat dauka. Garai horretako argazkietan ohikoa da buruzagi-makilen eredu aniztasuna, eta tartean, estandarte txikitxo batzuk ere ezagunak dira, baina horrelakorik ez geneukan gogoan.
Ondoko bi argazkietan arku-dantza egiten ageri dira. Uztai handiena izango dela dirudi, lorez apaindutako arkuak baitituzte. Baina berriz ere buruzagiak deitu du gure arreta, taldearen buruan jarrita dantzan ageri baita eta estandartearekin gainera.
Donostia, arku-dantza zezen plazan. CC BY-SA - GureGipuzkoa.net
Donostia, arku-dantza zezen plazan. CC BY-SA - GureGipuzkoa.net
Hurrengo argazkian, aldiz, uztai txiki dantzatzen dabiltzala ikusi daiteke. Hamasei dantzarik osatzen dute taldea eta euren aurrean buruzagia dago. Ez da ohikoena dantza honetan hamasei dantzari ikustea, normalean zortziko edo hamabiko taldeak dantzatzen baitute.
Donostia, uztai txiki zezen plazan. CC BY-SA - GureGipuzkoa.net
Eta halako batean, ezagutzen ez dugun dantza bat. Ez ikusi, ez entzun, ez irakurri. Inoiz ez dugu dantza honen berri izan, eta honek bai sortu digula jakinmina. Hamasei dantzari ageri dira, laukoteka figuraren bat dantzatzen, eta zer darama dantzari bakoitzak eskuan? Banderatxo bat, "banderin" bat. Hau erabat bitxia gertatu zaigu. Ez dugu gogoan inoiz banderatxoekin egin izan den Gipuzkoako edo Goierriko dantza baten berririk izan dugunik. Akaso bibliografia berriz irakurri eta aztertu beharko dugu, baina lehen kolpean ez zaigu okurritzen horrelako dantzaren baten erreferentziarik inoiz inon irakurri dugunik. Ea gure aditu-lagunon artean, inor zerbaitekin akordatzen zareten. Estimatuko genizueke laguntza!
Donostia, dantzak zezen plazan. CC BY-SA - GureGipuzkoa.net
Bigarren argazki bat ere bada banderotxekin dantzan, eta gainera "aspa" erako figura bat eginez. Eibarko Ibarzabal arku-dantzan ezagutu dugun figura bat da hau, adibidez, baina arkuekin egina, ez banderatxoekin.
Donostia, dantzak zezen plazan. CC BY-SA - GureGipuzkoa.net
Azken argazkian zinta-dantza egiten talde bakarra ageri da. Hamasei dantzari ari direla iruditu zaigu honetan ere. Eta hori ere deigarria da, hamabi dantzarik osatutako zinta-dantzak izan baitira ohikoenak azken hamarkadetan, baina hamaseikoak ez horrenbeste.
Horra ba, guregipuzkoako bilduma zoragarri horrek ekarri digun beste perla-kolekzio bat. Badaukagu aztertzeko eta ikertzeko materiala, ea irakurleok argibiderik eskaintzen diguzuen, gu geu, harrituta geratu baikara dantza hauen aurrean.
Dokumentuaren akzioak
ona