Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea San Juanak Aunitz Urtez

Dokumentuaren akzioak

San Juanak Aunitz Urtez

2016/11/03 12:20
San Juanak Aunitz Urtez

Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan CC BY-SA

Ekainaren 24an, San Juan egunaren azken hondarrean, ohi baino dantzari gehiago elkartu ginen Untzaga plazan. Ezpalak jaialdian Iruñeko Duguna dantza taldeko lagunekin egitekotan ginen Aunitz Urtez ezpata-dantza zapuztu zigun euriak, eta egin ezinik gelditu ginen. Haren ordainetan San Juan gauean berriro ere gonbidatu genituen nafarrak, eta orduan bai, Kezkak urtero egin ohi duen soka-dantzaren aurretik dantzatu genuen denok batera Aunitz Urtez ezpata-dantza.

Iruñeko Aldapako San Ferminekoa eta Arratekoa batzen dituen ezpata-dantza da Aunitz Urtez. Juan Antonio Urbeltzek zuzendutako izen bereko ikuskizunerako prestatu zen bi ezpata-dantzak uztartzen dituen koreografia eta San Juan gauean, gaueko 23:15ean, ekin genion hura dantzatzeari. Arrateko ezpata-dantzariak egin genuen lehenengo sarrera, atzetik Joseba Lorenzo, Iruñeko dantzarien banderaria, zetorkigun gertu, guk plaza utzi bezain pronto bandera-arbolduz dantzatzan jartzeko. Ederra da benetan zetazko bandera musikaren erritmora olatuak eginez dantzan ikustea.

2016 06 24 Eibar San Juan Aunitz Urtez ezpata dantza soka dantza 6861 IZ
Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan CC BY-SA

Banderaren dantza geldituta Dugunako dantzariek indartsu hartu zuten plaza. Aritz Ibañez taldearen buruan zuten eta Leire Leza, Julen Fagoaga, Mikel Tristan eta Ainara Ranera berriz, azkendari aritu ziren San Fermin Aldapakoaren ezpata-dantzan.

San Juan ezpata-dantza eta soka-dantza. FL-6693
Argazkia: Felipe Loiola - dantzan CC BY-SA

San Juan ezpata-dantza eta soka-dantza. FL-6707
Argazkia: Felipe Loiola - dantzan CC BY-SA

Nafarrek plaza utzi aurretik egin genuen Kezkako dantzariok bigarren sarrera,eta hauekin gurutzatuta Ander Garitagoitia, Luken Aranburu, Miren Hazas eta Jone Saez azkendariek hartu zuten aurrealdea.

Argazkia: Felipe Loiola - dantzan CC BY-SA

San Juan ezpata-dantza eta soka-dantza: FL- 6729
Argazkia: Felipe Loiola - Dantza CC BY-SA

Arrateko ezpata-dantzako zotzikoa egin ostean elkarri ezpatak emanda, ilara luzean antolatu genuen taldea, eta berdin egin zuten Dugunako dantzariek. Untzaga plazaren alde banatatik, paraleloan, bi taldeetako dantzariak danborraren erritmoa jarraituz hurbildu ginen erdialdera, bi parrilla osatu genituen orduan eta Oier Araolaza eta Aritz Ibañez horien gainean dantzan jarri genituen. Kapitainak alturan jarri orduko bi taldeetako azkendariak prest zeuden Gipuzkoako ezpata-txikirako. Eibartik Luken Aranburu, Miren Hazas, Ander Garitagoitia eta Eider Agirrebeña aritu ziren fin lanetan, eta Iruñetik aldiz, aurrekoek errepikatu zuten, Leire Leza, Julen Fagoaga, Mikel Tristan eta Ainara Ranerak.

Parrillak korrika desegin eta zubiak egin genizkion elkarri; Kezkakoen zubiaren azpitik pasa ziren Dugunakoak eta azken hauen azpitik pasata utzi genuen guk plaza.

2016 06 24 Eibar San Juan Aunitz Urtez ezpata dantza soka dantza 6938 IZ
Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan CC BY-SA

San Juan ezpata-dantza eta soka-dantza. FL- 6792
Argazkia: Felipe Loiola - dantzan CC BY-SA

Utzi bai, baina nafarrek egindako hurrengo zubiaren azpitik, txapela jantzita berriro ere plazara ziztu bizian sartzeko. Oraingoan ezpatak utzita, eta elkarri eskua emanda. Pasa den urtean aurkeztutako San Juan soka-dantza berriturako prest ginen. Sokak korrika Plaza hartu zuenerako, Luken Aranburu aurreskua eta Eider Agirrebeña atzeskua izan genituen berriro ere desafioan nor baino nor.

San Juan ezpata-dantza eta soka-dantza. FL-6807
Argazkia: Felipe Loiola - dantzan CC BY-SA

San Juan ezpata-dantza eta soka-dantza. FL-6811
Argazkia: Felipe Loiola - dantzan CC BY-SA

San Juan zortzikoaren erritmora dantzatzen dugu soka-dantza honen zati bat. Tarteka soka hainbat zatitan hausten da, eta nork-bere gustuko aldairak dantzatu ondoren ber-osatzen da soka aurresku eta atzeskuaren erakustaldiak jarraitzeko.

2016 06 24 Eibar San Juan Aunitz Urtez ezpata dantza soka dantza 7020 IZ
Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan CC BY-SA

2016 06 24 Eibar San Juan Aunitz Urtez ezpata dantza soka dantza 7110 IZ
Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan CC BY-SA

Urtero lez Usartzako txistulari taldeko kideak  izan genituen lagun soka-dantzan. Enrike Montero, Ainhoa Urkizu, Asier Castelos eta German Ereñaren txistu, danbolin eta atabalak jarri gintuzten dantzan aurtengoan. Musikariekin batera urteko omenduak ere San Juan soka-dantzako partaide garrantzitsu izaten dira, eta oraingoan Asier Serrano eta Eibarko Kalamua Judo taldeko kideak izan dira protagonismoa hartu eta sokan sartuta omendutakoak. Horretarako Oier Araolaza, Miren Hazas, Ander Garitagoitia eta Olaiz Agirrebeña zerbitzari lanetan hurbildu ziren aipatutakoengana.

San Juanezpata-dantza eta soka-dantza. FL- 6853
Argazkia: Felipe Loiola - dantzan CC BY-SA

San Juan ezpata-dantza eta soka-dantza. FL-6851
Argazkia: Felipe Loiola - dantzan CC BY-SA

Aurresku eta atzeskuak agurra eskaini zieten omenduei eta honen ostean sokan sartuta dantzari bilakatu ziren hauek ere. Dugunako lagunak ere gonbidatu genituen orduan sokan sartzera. Zubiak egin ostean, fandangoa eta arin-arina egin genituen soltean, eta urtero lez kalejiran utzi genuen denok plaza azkenekoz, hasi bezala, Untzaga plazan San Juan egunez ohikoa den baino dantzari gehiago bilduta.

2016 06 24 Eibar San Juan Aunitz Urtez ezpata dantza soka dantza 7148 IZ
Argazkia: Iñaki Zugasti - dantzan CC BY-SA

San Juan ezpata-dantza eta soka-dantza: FL- 6924
Argazkia: Felipe Loiola - dantzan CC BY-SA

Aunitz urtez ezpata-dantza eta San Juan soka-dantzako partaideak (Kezka dantza taldea)

Buruzagia ezpata dantzan: Oier Araolaza
Azkendariak ezpata dantzan:  Ander Garitagoitia, Luken Aranburu, Miren Hazas, Jone Saez (Arrateko zortzikoa) eta Eider Agirrebeña (Gipuzkoako ezpata-txikia)
Aurreskua soka-dantzan: Luken Aranburu.
Atzeskua soka-dantzan: Eider Agirrebeña.
Zerbitzariak soka-dantzan: Oier Araolaza, Miren Hazas, Ander Garitagoitia eta Olaiz Agirrebeña.
Talde osoa: Egoitz Blanco, Maider Otaola, Ainhoa Larrañaga, Amaia Rodriguez, Olaiz Agirrebeña, Joanez Plazaola, Maite Gonzalez, Leire Andikoetxea, Maitane Fariñas, Irati Egiguren, Jone Saez, Ekhi Zugasti, Unai Txurruka, Julene Usobiaga, Jone Lahidalga, Endika Arrillaga, Joen Amuategi, Esther Kareaga, Idoia Lahidalga, Amaia Gorrotxategi, Naroa Arrizabalaga, Maddi Alberdi, Maialen Zabala, Olatz Mandiola, Oier Ibarbia, Oier Araolaza, Miren Hazas, Eider Agirrebeña, Jone Saez, Ander Garitagoitia eta Luken Aranburu.

Argazki gehiago ikusi nahi badituzu hona Felipe Loiolaren sorta zabalago bat:

Aunitz Urtez ezpata-dantza eta soka-dantza, 2016.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com