Dokumentuaren akzioak
Martin Zalakain bideetara itzuli da
Larunbat honetan Portugaleten eskainiko da berriz ere Juan Antonio Urbeltzen eta Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizuna. 2020rako hamar emanaldi hitzartuta zeuden eta lehen biak egin ondoren hirugarrenaren bezperatan lehertu zen pandemia. Pasa den abenduan, bi urteko etenaren ondoren eszenaratu da Beasainen. Emozio handiz bizi izan dugun emanaldi horretakoak dira hemen ikus daitezkeen argazkiak.
Bizkaian dabil Martin Zalakain
Datozen hiru emanaldiak Bizkaian izango ditu Martin Zalakainek: Portugaleten asteburu honetan eta Zornotzan eta Getxon maiatzean. Hona hiru datak:
- 2022-03-19 20:00 Portugalete, Zubi Alde Kiroldegia
- 2022-05-07 20:00 Zornotza, Zelaieta pilotalekua
- 2022-05-15 19:00 Getxo, Muxikebarri
Bi urteko etenak ez du hoztu Martin Zalakainek sortzen duen berotasuna. Beasaingo Antzizar kiroldegiko harmailak erabat bete ziren eta harrera bero-beroa eskaini zioten ikusleek. 2017an estreinatu zenetik 16 herritan 19 aldiz eskaini da Martin Zalakain eta ikusleengan eragiten duen zirrara ahoz aho zabaltzen denez emanaldietako sarrerak eskuratzea gero eta zailagoa gertatzen ari da. Portugaleten bi ordutan agortu dira sarrera guztiak.
Euskal Herria dantzan
Argia eta Artedramaren zuzendaritzapean, hango eta hemengo dantzariak elkar hartuta aritzen dira Martin Zalakainen. Donostiako Argiaren itzalean Iruñeko Duguna, Eibarko Kezka, Elgoibarko Haritz, Añorgako Arkaitz, Astigarragako Astigar, Baiona-Biarritzeko Maritzuli eta Portugaleteko Elai Alai taldeetako dantzariak, eta Argia, Ezpelur eta Plectro taldeetako musikariak aritzen dira.
Dantza taldeen eta herrialdeen arteko lankidetza horrek ere berezi egiten du ikusgarria. Emanaldiak, errepikak eta prestaketak ere bilkura berezi bihurtzen dira, handik eta hemendik batutako ehun lagunen festak bere horretan.
Ordezkapenak eta talde-lana
Pandemia osteko Martin Zalakainen ibilbideak dakartzan berritasunen artean aipagarria da kontakizunaren gidari egiten duen On Pio [Baroja] nobelagilearen papera, Josu Camarak gorpuzten duela orain, lehen txanpan bai aktore lanetan, bai eszenaratzea zuzentzen aritu zen Ander Lipusen tokia hartuz.
Horrelako lantalde handian ordezkapenak maiz gertatzen dira, baina bakoitzak ematen dion nortasun desberdinarekin hazten jarraitzen du ikuskizunak, talde-lana baita batez ere Martin Zalakain, Urbeltzen gidaritza eta bisioa eszenaratzen duen talde zabalaren gorpuztea.
Eta ordezkapenez ari garela, Onintze Azpeitia min hartuta izanik Portugaleten Kattalinen paperean Eider Agirrebeña arituko da, Martinen papera jokatzen duen Josu Garaterekin bikote eginez.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19