Dokumentuaren akzioak
Arrateko dantzak: hamargarrena
Konturatu orduko hemen da hamargarrena. 2005ean abiatu genituen Arrateko Amaren dantzak, eta itxaropena genuen hamar urteren buruan errotuta izango zirela bere festan. Gaur egun Arrateko eguneko argazki ohikoetakoa da ezpata-dantzariena, komunikabideetan behintzat. Hamar urteotan irailaren 8ko goiz eta eguerdiko ospakizunek apur bat behera egin dutela ere sumatzen dugu. Ulergarria da. Aurten ere astelehen buruzurian egokitu da Arrate eguna, eta dantzarion artean ere asko dira lanean izanik jai hartzeko modurik ez dutenak. Lanean hasi berriak ditugu batzuk gainera, eta horiek oraindik zailago lanean hasi eta astebetera jai eguna eskatzea. Eta hala ere 40 lagunetik gorako ezpata-dantza plazaratuko da aurten ere Arraten.
Aurretik ere izan dira dantzak
Bai horixe. 2005. urtea baino lehenago ere makina bat dantzari, talde, txistulari eta dantza plazaratu izan dira Arraten. Hain zuzen ere, Arraten dantzak ezinbesteko osagai zirela ohartu ginelako erabaki genuen ezpata-dantza eta trokeo-dantzak bertarako prestatzea. Arrateko dantzak prestatu aurreko urtean, 2004. urtean zer dantzatu zen Arraten? Gipuzkoako ezpata txiki-en dantza eta prozesioaren ondoren agurra. Horra 2004ko Arrate eguneko bi argazki, bietan Josu Garate ageri da, meza nagusian ezpata-dantza egiten eta prozesio ondoren elizaren atarian agurra dantzatzen.
Aurreko urte eta hamarkadetan Zumarragako ezpata-dantza eta Gipuzkoako ezpata-dantzak izan dira gehien dantzatu direnak Arraten irailaren 8an. Bi ezpata-dantza hauek egiterakoan, baina, ezpata txikien partea soilik egiten zen Arraten. Dantzari bakarra batzuetan, bi beste batzuetan, eta talde handiagoak, baita zortzikoak ere beste batzuetan, baina ezpata luzerik gabe, ezpata txikiekin soilik.
Eta aurretik? XVIII. mendekoa omen den Arrateko grabatu batean ageri den soka-dantza da ezagutzen dugun irudi zaharrena Arraten egiten ziren dantzei buruz, eta dakigunez XX. mende hasieran ere soka-dantzak ohikoak ziren orandik, erromerietako dantza nagusia baitzen garai horretan soka-dantza.
Prozesio eta erritualen orduan ostera, ezpata-dantzen irudiak dira ohikoenak. XX. mendean durangaldeko dantzari-dantza egin zen askotan, eta zortzi ezpata-dantzarik lagundu ohi zuten Arrateko Ama Birgina prozesioan, eskuineko argazkiak ikus daitekeen moduan. 1940ko hamarkadako argazkia da, Educacion y Descansoko dantzariak dira, eta horien artean [lepoa oker eginda duena] Dabid Arriola dantzaria ageri da.
Hango eta hemengo dantzak beraz, eta baita propio Arratera sortutako dantzak ezartzeko ahaleginak ere. Horixe da adibidez 1968ko kontua, Jon Oñatibiak dantza bat propio sortu baitzuen Arraterako eta Galdakaoko Andra Mari dantzari taldea etorri zen dantza hori egitera. Dantza horren xehetasun koreografikoak idatziz utzi zituen Jon Oñatibiak eta 2005ean ezpata-dantza prestatzen aritu ginenean Eresbilen jaso genituen dantza horri buruzko idatziak eta aztertu genituen. Kepa Artetxek, Galdakaoko Andra Mari dantzari taldeko dantza-maisuak Arraten dantzatu izana ere gogoan du Jon Oñatibiaren sorkuntza hartan.
Gonbidatuen soka
Garai batean, beste herrietako dantzariak norberan herriko festa eta dantzetan parte hartzera gonbidatzeko ohitura izan zela sumatuta, Arraten ere beste horrenbeste egiten hasi ginen 2005ean. Adibidez, Jose Antonio Olano, Juan Inazio Iztuetaren ikasle izandakoa, Zumarragan, Antion ezpata-dantza egitera gonbidatu zuten 1882an. 65 urte zituen ordurako Olanok, baina hala ere, dotore dantzatu zuela jaso zuten garaiko kronikek.
Honako hauek izan ditugu gonbidatu Arrateko dantzetan orain arte:
- 2005 Iñaki Arregi, Mikel Sarriegi. Ohorezko gonbidatuak: Juan Antonio Urbeltz eta Mari Angeles Arregi.
- 2006 Jon Lizarralde, Lurdes Odriozola, Abel iriondo, Mikel Legorburu.
- 2007 Jexux Larrea, Jokin Otamendi, Fernando Aristizabal
- 2008 Mikel Goitia, Egoitz Krutxaga, Goizane Olea, Iraitz Barandiaran. Ohorezko gonbidatua: Kepa Artetxe
- 2009 Aritz Ibañez, Garikoitz Otamendi
- 2010 Lisa Corcostegui, Enrike Corcostegui, Andoni Iriondo, Jon Olano
- 2011 Claude Iruretagoiena, Jon Iruretagoiena, Aritz Iglesias
- 2012 Soiartze Artetxe, Fernando Rojo, Xabier Etxabe
- 2013 Izaskun Salazar, Nerea Mendizabal, Jaione Barandiaran
2014ko Arrate egunean Arrateko dantzetan bakarlari lanetan arituko diren bi gonbidatu bereziak Nagore de las Cuevas eta Arkaitz Pascuas dira.
Arrate 2014 ordutegia
Irailaren 8an, astelehenean, ohi bezala meza nagusian izango dute Arrateko dantzarien kofradiako kideek lehen agerraldia Usartza txistulari taldeko musikarien laguntzarekin. Ondoren prozesioa, ezpata-dantza elizaren atarian, eta segidan ezpata-dantza eta trokeo-dantzak Arrateko zelaian. Hona ordutegia:
11:00 Meza nagusian Arrateko ezpata-dantza
12:00 Prozesioa eta Arrateko ezpata-dantza elizaren atarian
12:30 Arrateko ezpata-dantza eta trokeo-dantzak zelaian
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Kezka dantza taldea
Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.
Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.
2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.
Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.
1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.
Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com
Jasotako azken erantzunak
- Dantzan on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Xabier Etxabe on Dantzaren Nazioarteko Eguna 2022 Eibarren: gogoeta, kronika eta bideoa
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka dantza taldea on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Yolanda Urzelai on Eibarko Dantzari Eguna 2021 online
- Kezka on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- Juana Goikoetxea on Bi sarrera zozketan larunbatean Martin Zalakain ikusteko 2017/12/13
- oier on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
- Patxi Montero on Aurresku bat Usartzan 1932an 2017/01/19
erreferentzia izan zaituztegu talde bat baino gehiagok. Merezitakoa urtebetetzea. Ondo pasa astelehenean eta segi hortxe pixkor pixkor!