Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Kezka dantza taldea 10 Goya besapean dator Handia asteburuan Eibarrera

Dokumentuaren akzioak

10 Goya besapean dator Handia asteburuan Eibarrera

2018/02/21 12:05
10 Goya besapean dator Handia asteburuan Eibarrera

Handia (2017). Zuzendariak: Jon Garaño eta Aitor Arregi. Argazki zuzendaria: Jabier Agirre.

Kezkako dantzari talde batek Handia pelikularen errodajean parte hartzeko aukera izan genuen. Opari bat izan zen guretzat. Pelikula batean, horrelako pelikula batean gainera, parte hartzea izugarrizko goxokia izan zen. Pelikulan zehar gertatzen den ezkontza baten festan, ezteietan familia eta lagunen taldean sartu, eta bazkalosteko dantzaldia prestatzeko enkargu polita egokitu zitzaigun.

1847an eztei dantzaldi bat nola ote zen?

XIX. mende erdialdean kokatuta dagoenez filma, garaiko moldera egokitu behar izan genuen gure parte hartzea eta erronka benetan polita gertatu zen: janzkeraz ez genuen arduratu behar Saioa Larak Goya saria eskuratu du jantzi diseinuan egindako lan bikainagatik!―, baina bestelakoekin nahikoa lan izan genuen: musika, erritmoak, doinuak, dantzak, dantzakera, musika tresnak... Ez zen edonolako erronka. 1847an kokatutako eztei baten tankerako dantzaldia egin behar genuen, eta horrek gure dantzaren historian sakondu eta izugarri ikasteko aukera eman zigun.

Handia: dantza entsegua 03 Artelekun 2016
Handia filmerako dantza entsegua Artelekun.

Familia tankera eman nahirik, Kezka, Haritz eta Argiako zenbait ume, gazte eta helduekin osatu zen dantzarien taldea: Fernando Aristizabal, Mertxe Ibañez, Ainhoa Larrañaga, Josu Garate, Eire Vila, Oier Araolaza, Olaiz Agirrebeña, Esther Kareaga, Enrike Izagirre eta Ane Sarasketa dantzariak; Izar Araolaza, Izaro Bernedo, Ekain Araolaza eta Maule Bernedo umeak; eta Joxemari Irastorza txistulari eta Beñat Lopez atabalari lanetan. 

Handia dantzari eta musikariak.
Handia filmaren errodajean parte hartutako dantzariak eta musikariak, Beizama, 2016-04-25.

Eibarren gure hamaika dantza ekitaldi grabatu dituen kamerari eibartarra, Jose Antonio Roige ere aritu zen Handia filmaren errodajean. Steadycama erabiltzen artista da (horretan ere!) eta tramankulu horrekin hainbat eszena grabatzen aritu zen. 

Handia: steadycam
Jose Antonio Roige, kameraria Handia filmaren errodajean Steadycam-a erabiliz.

Handiaren lantaldearekin

Filmaren prestaketa fasean, lehendik ondo baino hobeto ezagutzen genuen etxe batera joatea tokatu zitzaigun, Arteleku izan zenaren eraikinera. Han izan baitu produkzio fasean koartel nagusia Handia filmak. Artelekun izan zen Dantzagunea hainbat urtez, eta makina bat dantza entsegu egindako gela berean jardun genuen Handiako lantaldearekin ezteietako dantzaldia prestatzen. Bertan ezagutu genituen Aia Kruse aktorea, eta Saad Kaiche gorputz bikoizketa egiten zuen benetako erraldoia. Eta haiekin jardun genuen dantzaldia prestatzen, gurekin batera dantzatzen baitzuten eszenan.  

Handia filmaren errodajea ezkontza
Handia filmaren errodajea. Argazkia: David Herranz.

Filmean zuzendari laguntzaile lanetan ziharduen Telmo Esnal-en eskutik iritsi zitzaigun proposamena, eta berarekin lehen zirriborroa prestatu ondoren Handiaren zuzendariekin, Jon Garaño eta Aitor Arregirekin kontrastatzeko aukera izan genuen. Harrigarria horrelako pelikula batean, eszena bakoitza, plano bakoitza, zer nolako pazientziarekin eta inteligentziarekin pentsatua, aztertua, eztabaidatua eta adostua den. Aitor eta Jon-ek atentzio osoz entzun eta ikusi zuten gure dantzaldi zirroborroa, galderak eta iradokizunak egin zituzten, eta erabat adeitsu zoriondu eta eskertu zuten gure ahalegina.

Handia: dantza entsegua Artelekun 2016
Handia filmerako dantza entsegua Artelekun.

Beizaman, Lete baserri ederrean izan zen errodajea. Produkzio lan-talde atseginak airean ibili gintuen batetik bestera, gainontzeko teknikari eta aktore taldea ezagutzeko aukera izan genuen, eta eztei-bazkaria eta bazkalosteko dantzaldia hainbat aldiz egin genuen, une bakoitzaz disfrutatuz. 

Handia: Ane, Aia, Ainhoa
Handia (2017). Zuzendariak: Jon Garaño eta Aitor Arregi. Argazki zuzendaritza: Jabier Agirre.

Montaje onenaren Goya saria

Handia pelikularen azken muntaketan ez da eztei-dantzaldiaren arrasto handirik. Segundu gutxi batzuk. Gure koreografia lanak gordeta geratu dira. Guri asko ikasteko balio izan ziguten, eta hor ikasitako gauza batzuk baliatu ditugu ondoren, adibidez Martin Zalakain-en. Pena bakarra, horren ondorioz ez garela koreografia onenaren saria jasotzeko aukerarik izan. Kar, kar, kar.

Handia filmaren errodajea 2016 - 739
Handia filmaren errodajea Beizamako Lete baserrian. Argazkia: Jose Mari Irastorza.

Trukean, guraiziak ongien erabili dituenaren saria eskuratu du pelikulak. Izan ere, gauza jakina da 10 Goya eskuratu dituela Aitor Arregi eta Jon Garañoren Handia filmak. Horietako bat Muntaketa onenaren saria da, Laurent Dufreche eta Raúl López-ek eskuratu dutena. Kasualitatea, asteburu honetan, Martin Zalakain Baionan eskaini dugu, eta dantza saioa ikustera hurbilduz da Laurent Dufreche. Berak gu (emanaldiagatik) eta guk bera (Goya sariagatik) zorion-agurrak trukatu ditugu.

Sariak eta aitortzak

Handia (2017) afitxa
Handia (2017). Zuzendariak: Jon Garaño eta Aitor Arregi.
Produktoreei eta banatzaileei mesede egiten diete sariek, zabalkundean laguntzen baitute. Sortzaileek errekonozimendua eta oihartzuna jasotzen dute sariei esker. Baina pelikula nola egin den (lagin txiki bat besterik ez bada) ikusita eta filmea bera pantaila handian ikusita, gaude, errekonozimendu horiek ez dutela sarien menpe egon behar. Handia pelikula handia zen Goya saririk ez zeukanean ere, eta bakarra ere ez balu jaso ere, berdin mereziko luke euskal eremu honetako komunikabide, ikusle, kultur sistema eta erakundeetako ordezkarien aitortza eta errekonozimendua. Harrera beroa izan zuen Donostiako zinemaldian, baina pena ematen du kanpoko errekonozimenduaren zain egotea bertakoa eskaini ahal izateko. Horrek gutxitasun konplexua adierazten du. Izan gaitezen ausart eta zintzoak euskal sortzaileekin, kanpoko homologazioari itxaroten ibili gabe. 

Handia filmaren errodajea Beizaman 2016 kotxean
Handia filmaren errodajea Beizaman. Argazkia: Oier Araolaza - dantzan.eus CC by-sa

Asteburu honetan Eibarren

Handia pelikula 2017ko irailean, Donostiako zinemaldian estreinatu zen, eta urrian Eibarren ikusteko aukera izan zen. Ez dakigu Ane Urkiola kultur sustatzaile eta ikusentzunezkoen alorreko profesional eibartarrak xaxatuta, edo bestela ere hala pentsatuta zutelako, baina filmaren banatzaileak otsailaren 24an eta 25ean, alegia, larunbat eta igande honetan, Handia Eibarko Coliseo antzokian eskainiko du. Oraindik ikusi gabe baldin baduzue ezin duzue galdu. 

Handia (2017) Eibarren, Coliseo antzokian.

  • Otsailak 24, larunbata: 17:00, 19:45 eta 22:30
  • Otsailak 25, igandea: 17:00 eta 20:00
  • Otsailak 26, astelehena: 20:30

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Kezka dantza taldea

Kezka dantza taldea

Herrian bertan egiten diren festak, erritoak eta dantza ekitaldiak ditu Eibarko Kezka dantza taldeak bere lehentasun nagusia. 1958an Eibarko Klub Deportiboaren baitan sortutako dantza taldeak inauterietan koko-dantzekin abiatu ohi du urtea, eta Santa Kurutzetan, San Joanetan, San Andresetan eta bere burua akonfesionaltzat duen herriko santoral egutegiko festa guztietan dagokion dantzaz arduratzen dira Kezkako dantzariak.

 Valladolideko Gure Txoko euskal etxeak gonbidatuta Arrateko ezpata-dantza eta trokeo dantzak aurkeztu genituen 2015eko irailaren 26-27ko asteburuan Gaztela Leongo hiriburuan. Euskal Jaia ospatzen zela eta, bertako euskaldunen gonbidapena jaso ostean, 27 pertsonako taldea osatu genuen Kezkako dantza...

Arrateko santutegian ezpata-dantza eskaini ohi du urtero irailaren 8an, tradizioak eguneratu eta antzokia eta plazaren arteko lotura egiteko ahaleginean, Argia dantzari taldeak eszenatokian egindakoaren ordaina plazan errotzeko konspiratuz.

Koko-dantzak 2014: taldeko argazkia

2008an York-en, Ingalaterran, ospatu zen Sword Spectacular, munduko ezpata-dantzen jaialdi handienean euskal ezpata-dantzen ordezkaritza gorpuztu zuen: zahar-itxuran aurkeztutako ezpata-dantza nazioarteko ezpata-dantzen adituei irentsaraziz, ontsa plajiatzeko metodoa aplikatzen denean sorkuntza eta tradizioa txanpon beraren aldeak baitira.

 2015eko maiatzaren 30ean eta 31n ospatu zen Ezpalak jaialdia Eibarren eta Iruñean.  Nafarroako jaialdiaren kronika  orain bi hilabete argitaratuta, Eibarkoa genuen zorretan eta hemen gatoz berarekin. Soka-dantzak izan ditugu ardatz Ezpalak jaialdiaren 10. ekitaldian (Eibarren, 9. Iruñean), eskuz ...

Iruñeko Duguna taldearekin elkarlanean Ezpalak dantza tradizionalaren nazioarteko jaialdia antolatzen du Kezkak, euskaldunok zilborra dugula munduari erakutsiz, eta euskaldunoi munduko zilbor guztiak enbor berera lotuta ditugula iradokiz.

Argazkia: Fernando Retolaza

1990. urtean Elgoibarko Haritz dantzari taldearen eskutik Donostiako Argia taldea ezagutzeko zorteak dantzari buruzko etengabeko ikasketan murgiltzera eraman du Eibarko taldea, inoiz bukatzen ez den ikasketa sorgi-gurpilean jira-biran dantzan aritzeko zorionera kondenatuta.



Kezka Dantza Taldea
Portalea Kultur Etxea
Bista Eder kalea
20600 Eibar
Tfnoa: +34 605 71 14 29
kezka@dantzan.com