Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HARITZ EDT Elgoibarko Nazioarteko XXVIII. Folklore Jaialdia

Dokumentuaren akzioak

Elgoibarko Nazioarteko XXVIII. Folklore Jaialdia

2014/07/10 14:15

Datorren uztailaren 24an, Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 28. edizioa ospatuko dugu. Urtero bezala, Portugaleteko Elai Alai taldearekin elkarlanean egiten dugun jaialdia da honako hau. Olaizaga kiroldegian izango da gaueko 22:30ean eta aurten bada berrikuntza bat, izan ere aurtengo jaialdia dohainik izango da. Gainontzean, beti bezala, nazioarteko bi talde arituko dira Haritz dantza taldeko dantzariekin batera. Batetik, Ipar Osetiako Gorets taldea izango dugu gurean, eta bestetik Costa Ricako Tierra y Cosecha taldea. Hona hemen taldeei buruzko informazioa.

Ipar Osetia: Gorets

Gorets taldea, 1961ean sortu zen eta ordutik, Osetiako koreografia eta ohiturak garatzen eta lantzen aritzen da. Bere ikuskizunetan, dantzariek Osetiako bizimodua, ohiturak eta arima erakusten diete ikusleei.

Trebetasun handia eskatzen duten dantzen programa aurkezten dute. Mugimendu anitzeko eta zaileko dantzak eskeintzen dituzte. Taldearen errepertorioaren oinarri Osetiako herri-ondarea eta herri-musika dira, baina Georgiako eta Azerbaijaneko jatorriko dantzak ere badituzte.

Costa Rica: Tierra y Cosecha

Tierra y Cosecha (Lurra eta Uzta) folklore taldea 1974. urtean sortu zen eta gaur egun, Costa Ricako folklorearen ordezkaririk garrantzitsuenetakotzat aitortua dago. Eduki historiko ugarikoa da taldearen errepertorio artistikoa, beren nazioko hainbat toki eta garaitako gertaerak berreskuratu baitituzte.

Gaur egun taldearen gidaritza, M.A. Marvin Santos Varelak du. Bera da  zuzendaria eta koreografoa, eta haren  ezagutza zabalari eta etengabeko lanari esker eskuratu ditu taldeak orain arteko lorpenik handienak.

Haritz Euskal Dantzari Taldea

Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdiaren 28. edizioa da honako hau. Haritz dantzari taldearen lehen emanaldian Elgoibarko eta inguruko doinu, dantza eta tradizioetan oinarritutako saioa eskainiko dugu. Hainbat osagai erabili dira saio hau prestatzeko. Soka-dantzarekin hasiko gara, baina San Bartolome eguneko soka-dantza dotorea baino, XX. mende hasieran Gabon Zahar egunean egin ohi zen soka-dantza libre, bihurri eta jostalaria irudikatu nahi izan dugu. Elgoibarko hainbat belaunaldik kantatu eta dantzatu izan duten Artzai buru zuriren doinua agertuko zaigu pasarte batean, Juan Antonio Urbeltzek eta Argia dantzari taldeak galaien esku-dantzarako erabili izan duten moduan. Horrez gain, Resurrección Maria de Azkuek XX. mendearen lehen zatian Toribio eta Mariano Iriondo elgoibartarrei jasotako dantza-doinu ezagunak, Horra hor goiko, Dantzadu daigun sonbrailu eta Aldapeko sagarraren agertuko zaizkigu, bai dantza moduan, bai esku-joko eran, eta baita Markina-Xemeinen egin ohi den mahai-gaineko dantza moduan ere. 

Haritz Euskal Dantzari Taldeak, jaialdiaren bigarren zatian, Cortesko paloteadoa eskainiko du. “Paloteadoa dantza baino gehiago” dela idatzi zuen Jimeno Jurio ikertzaile nafarrak, eta halaxe da, dantzez gain, bertso errezitatuak eta kritika sozial eta politikoa biltzen dituen antzerkia biltzen baitira bertan. Nafarroako Erriberako paloteado hau herriko zaindaria den San Migel egunean, irailaren 29an egiten da. Guk plazaratuko ditugunak, honako dantza hauek dira: Paseo, Cortesias, Vals, Trenzado doble eta Jota.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

HARITZ EDT

HARITZ EDT

Haritz Euskal Dantzari Taldea

ELGOIBAR | 1973

Posta Kutxa: 183

20870 Elgoibar

Kontaktua:

Tfnoa: +34 686 63 31 78

Email: haritzdantza@gmail.com

Instagram: @haritzedt