Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HARITZ EDT Pausoka pausoka, bagoaz aurrerantza

Dokumentuaren akzioak

Pausoka pausoka, bagoaz aurrerantza

2010/10/07 18:44
Euskal Herriko ezpata-dantzarik gazteena izango da gurea, baina aurreraka goaz pausoka-pausoka. Domekan, urriaren 3an, eskeini genuen bigarrenez Errosarioko Amaren ezpata-dantza, eta iaz baino jende gehixeago hurbildu zitzaigun, Lezon ospatu ziren Kilometroen konpetentzia nabaritu arren. Eguraldi aldetik ere estreinaldiaren aldean ondo, eguna hego haize zakar eta zeru grisekin esnatu arren ateri iraun baitzuen.



Goizeko hamarretan geratu ginen igandean, entsegu txiki bat egin eta azken detailetxoak zuzentzeko asmoz eta eguerdiko hamabiak alderako jantzita eta prest geunden denok parrokiako arkupeetan, meza nagusian dantza egin behar baitzuten ezpata-txikiek.

                   




12:30etan, berriz,  talde osoa eliza atarian geunden, udal batza bertatik noiz aterako, ezpata-dantza lehen aldiz egiteko. Handik San Bartolome eta Errosario kaleetan zehar egin genuen ibilbidea, Altzolatarren Dorretxe parean eta Errosarioko Amaren irudiaren aurrean berriz ere dantza eginaz. Bukaera Udaletxeari begira burutu genuen, ezpata dantza dantzatuz eta iaz ez bezala agintariei zubia eginaz.



                   



Nahikoa izerdi bota ostean, garai bateko usadioari jarraituz udaletxeak pastak eta ardo goxoa eskaini zizkigun eta hantxe egon ginen mokadutxoaren bueltan tertulian, gero dutxatu eta bazkaritarako bidea hartzeko.



Bazkalostean Errosarioko Amaren Kofradiako akta liburuaren irakurketa egin genuen. Pasa den urtean hastea zen asmoa, baina estreinaldiaren presa eta urduritasunekin pasa egin zitzaigun arren, aurten asmoari berriro heldu diogu. Egunaren kronikatxoaz gain eskerrak eman nahi izan genizkien Errosarioko Amaren ezpata-dantzaren sorkuntza lanetan jardun dutenei. Pello Arrieta eta Koldo Lizarralderen ikerketa lana, eta Juan Antonio Urbeltz eta Iñaki Arregik emandako laguntza gogorarazi nahi izan genuen era horretan.





Izan zen ordea sopresarik ere, gure taldekide izan den Abel Iriondori oparitxo bat eman baikenion. Bi hamarkadatik gora Haritz euskal dantzari taldeko kide izan da, eta oraindik ere baiezkoa ematen digu laguntza eskatzen diogun bakoitzean, eta ezpata-dantzarako ere hala izan zen, zerbitzari lanetan jardunez. Guztiaren esker onez Errosarioko Amaren dominatxoa eman genion. Behin testua irakurrita dantzari, txistulari, arkabuzari eta sorkuntzan aritutakoek gure sinadura utzi genuen liburuan.





Eguna anekdota polit batekin bukatu genuen gainera. Izan ere, Andoni Iriondo eta Idurre Aranberri Debako Gure-Kai dantza taldeko kide eta lagunen alaba txikiak, Izarok, arratsalde hartantxe eman zituen bere lehenengo pausoak. Metafora polita! Urte luzetan segi dezagula oinez bai Izarok eta baita Errosarioko Amaren ezpata-dantzariok ere!

2010eko Errosarioko Amaren ezpata-dantzako argazki gehiago.

Dokumentuaren akzioak

Xabier Urresti
2010/10/22 14:43

Kaixo Haritz taldeko lagun guzioi.

Prensan jakin izan det Errosario amaren ezpata dantzaren berri.Lehenngo eta behin zorionak, jo ta ke jarraitzeagatik gure dantzak mantentzen eta indartzen.Aurpegi ezagun batzuk ikusi ditu ere....eskuminak haiei.

Oso kuriosoa iruditu zait Irun Hondarribiko kantineraren pareko ezpata dantzan parte hartzen duen emakumearen figura.Zer dela eta azaltzen da ezpata dantzan? 

Norbaitek bi hitz idatziko balira eskertuko nioke.

Mila esker eta besarkada bat.

Xabi Urresti ( Goizaldi eta Kemeneko dantzari ohia )

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

HARITZ EDT

HARITZ EDT

Haritz Euskal Dantzari Taldea

ELGOIBAR | 1973

Posta Kutxa: 183

20870 Elgoibar

Kontaktua:

Tfnoa: +34 686 63 31 78

Email: haritzdantza@gmail.com

Instagram: @haritzedt