Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea HARITZ EDT Dantzan eta abesten gogoratuko zaitugu, Abel

Dokumentuaren akzioak

Dantzan eta abesten gogoratuko zaitugu, Abel

2021/08/30 14:55
Dantzan eta abesten gogoratuko zaitugu, Abel

Abel Iriondo. 2001. Markina-Xemeingo ezpata-dantza

Haritz Euskal Dantzari taldeko kideok doluan gaude gure dantza taldeko kide zen Abel Iriondo joan zaigulako. Gazterik joan zagu Abel, 55 urte besterik ez zituela. Dantza maisua eta dantzari bikaina izateaz gain, alaia eta edozeini bere intentziorik onenarekin laguntzeko prest agertzen zen beti.  

Gazte gaztetatik murgildu zen Abel euskal dantzagintzaren munduan dantzarako eta kantugintzarako zaletasun handia erakutsiz. Bere arreba Irune ere dantzan aritu izan da urte luzez. Abelen aita zena Angel Iriondo ere Haritz euskal dantzari taldeko pieza garrantzitsua izan zen, gure emanaldietan aurkezle lanetan aritzen baitzen, baita ahal zuen guztietan laguntzen eta dantzarien lana txalotzen ere. 

Abel Iriondo. 2004
2004ko Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdia

Abel Elgoibarko Izarra izeneko dantza taldean aritu zen hainbat urtez Sebas Larrañaga irakasle zuelarik. Ondoren, 1981ean, 15 urte zituela, Haritz Euskal Dantzari Taldearekin bat egin zuen Jon Lizarralde lagun zuelarik eta dantza taldeko partaide garrantzitsu bilakatu ziren. Izan ere, 20 urtez jardun zuten elkarrekin San Bartolometako Elgoibarko Soka dantzako aurresku eta atzesku lanetan. 2006. urtean omenaldia egin zien Elgoibarko Udalak bi dantzari hauei beren ibilbidea goraipatuz beraiek izan baitziren bi postu hauetan urte gehienez aritu izan direnak.

Haritz Euskal dantzari taldeaz gain, beste hainbat dantza taldetako partaide eta dantzari izan da Abel. Donostian soldadutza egiten ari zela Argia dantza taldeko entseguetara joaten hasi zen eta hainbat emanaldi ezberdinetan parte-hartu zuen bai Haritz EDTko partaide bezala baita bakarlari bezala ere. 1996. urtean Durangora joan zen bizitzera eta bertako Kriskitin dantza taldeko partaide eta dantza-maisu gisan aritu izan da gaurdaino. Gainera, ia urtero Arrateko dantzarien emanaldian parte-hartu izan du eta ohorezko gonbidatua izan zen 2006. urtean. 2018an Aikoko partaide izatera pasa zen. 

Abel Iriondo. 1998. Zuberoako dantzak
1998. Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdia, Zuberoako dantzak

1996. urtetik Durangon bizi arren, ez du inoiz ere Haritz Euskal Dantzari taldearekin kontaktua galdu. Dantzari fidela izan da eta urtero-urtero prest agertzen zen Errosarioko Amaren ezpata-dantzan parte-hartzeko, kofradiako kidea baitzen. Gainera, ia postu guztiak probatu ditu: kapitaina, ezpata-txikia eta ezpata luzea, 2010an domina eman genion.

Urteko azkenengo larunbatean Elgoibarren egiten dugun Plazara Dantzara ekitaldira ere ez zuen sekula hutsik egiten, are gehiago, bere ikasleekin batera etortzen zen dantzara. Haritzeko entseguetara ere etortzen jarraitzen zuen noizean behin Kriskitin dantza taldeko kideak Haritzekoekin batera entsaiatera animatuz.

Abel Iriondo. 1994. Branlea
1994. Elgoibarko Nazioarteko Folklore Jaialdia, Branlea

Honez gain, dantzarako hainbat material sortzen ere lagundu zuen Abelek, Luzaideko dantzetan mutilek buruan eramaten dituzten kaskak esaterako, berak egin zituen eskuz kartoia erabiliz. 

Aipatu bezala, bere dantza ibilbidea oparoa eta zabala izan da dantza talde ezberdinetan parte-hartuz, baina dantzaria izateaz gain, pertsona garrantzitsua izan da dantza taldeko kideontzat. Umore handiko pertsona eta oso alaia zen. Atzerrira egindako bidaietan bera izaten zen gatza eta piperra jartzen ziona taldeari. Autobus bidaietarako jolasak prestatzen zituen, bazkal osteetan kantari aritzen zen taldea animatuz eta denen artean giro atsegina sortuz. Entsegu osteko dutxak animatzen ere paregabea zen, dutxaro abesten baitzuen. Honenbestez, ezin dugu saihestu Abel dantzan edo abesten gogoratzea.

Abel Iriondo. 2006. San Bartolome eguneko soka-dantza
2006. San Bartolome eguneko soka-dantza

Haritz Euskal Dantzari Taldeko kideok hitz onak besterik ez dauzkagu Abelekiko. Ezinezkoa zaigu hitz gutxitan Abelek dantzaren munduari eta gure taldeari eman digun guztia adieraztea arrasto eta hutsune sakona utzi baitu. 

2006an egin genion omenaldian erakutsi zuen hunkipen berarekin idazten dizkiogu hitz hauek bizitza osoan zehar emateko zuen guztia eman digun Abeli, gaur egungo dantza taldea ereiten lagundu zuenari.  Izan ere, bera gabe ez dakigu nolakoa izango litzatekeen gaur egungo Haritz, baina ezingo litzateke berbera izan. Zauden lekuan zaudela, eskerrik asko eta bidaia on, Abel. 

Haritz dantzari taldearen aldetik dolumin sentituenak Eneko, Peio, Marta eta familia osoari. Azken agurra, bihar, abuztuak 31, arratsaldeko zazpietan, Durangoko Santa Ana parrokian.

 

 

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

HARITZ EDT

HARITZ EDT

Haritz Euskal Dantzari Taldea

ELGOIBAR | 1973

Posta Kutxa: 183

20870 Elgoibar

Kontaktua:

Tfnoa: +34 686 63 31 78

Email: haritzdantza@gmail.com

Instagram: @haritzedt