Dokumentuaren akzioak
50 urtez Haritz
Hamaika izan dira bizipenak, hamaika izan dira emanaldiak, hamaika izan dira bidaiak, hamaika taldetik pasatu diren dantzariak, baina aurten 50 urte izango dira 1973 hartan Elgoibarko zenbait gaztek San Bartolome eguneko (abuztuak 24) soka-dantza berreskuratu zutenetik. Urtemuga berezi hau ospatzeko logo berria ere estreinatu dugu, Xabier Laka Antxustegi eta Ane San Martin Iriondoren eskutik.
Taldea 1973. urtean sortu zuten Elorra, Ongarri eta Elgoibarko Izarrako dantza eskoletan ibilitako hainbat dantzari eta txistularik San Bartolome egunean soka-dantza plazaratzeko. Hala ere, ordutik taldetik ehunka dantzari pasatu dira, eta urte hauetan guztietan urtero lau ekintza nagusi izatera iritsi gara:
- San Bartolome eguneko soka-dantza (abuztuaren 24an).
- Nazioarteko Folklore Jaialdia, 1987tik (uztaila bukaeran).
- Errosarioko Amaren Ezpata-Dantza, 2009tik, Juan Antonio Urbeltzekin elkarlanean ezpata-dantza berreskuratzeko egindako ikerketa eta lan sutsuaren ostean birplazaratu genuenetik (urriaren 7aren, Errosarioko Amaren egunaren, bueltan).
- 'Plazara dantzara' erromeria. Urteko azken larunbatean (ia beti), Gabon Zahar Feriaren baitan.
Lau emanaldi nagusi horiez gain, Elgoibarko auzoetako jaietan nahiz Euskal Herriko txokoetan dantzatzen dugu. Baina Euskal Herritik kanpora ere bidaia asko egin ditugu, gure kultura eta dantzak munduan zehar oholtzaratuz.
Urte hauetan guztietan ehundaka eskuk osatu dute gure soka, eta horien guztien omenez, baina baita gaur egunera eta etorkizunera begira ere dantza, kantu eta alaitasunez bete nahi ditugu gure herriko kaleak aurten. Dantza kaleetatik oholtzetara igaro zen moduan oholtzetatik kaleetara itzul dadin. Herritar guztiengana hurbildu nahi dugu, dantza barrutik bizi dezaten.
Eta ospakizun horien guztien ardatza ekainaren 17ko HARITZ EGUNA izango da. Goiz eta eguerdian trikipoteo bat egingo dugu. Ondoren, Elgoibarren dantza munduan ibili diren dantzari guztiak gonbidatu nahi ditugu egingo dugun dantzari-bazkarira. Arratsaldean txaranga edo elektrotxaranga bat ibiliko da kalean eta gauean Fan&Go taldeak amaituko du eguna erromeria batekin. Dantza taldeko zapi, kamiseta eta edalontziak ere aterako ditugu.
Hementxe egitarau guztia:
Martxoak 12: Aurresku txapelketa, 11:00etan Herriko Antzokian.
Martxoak 25: Dantza jaialdia, 12:30ean Kalegoen Plazan (euria eginez gero, Herriko Antzokian). Portugaleteko Elai Alai, Galdakaoko Andra Mari eta Donostiako Argia dantza taldeak etorriko dira dantza egitera, Haritz Euskal Dantzari Taldearekin lotura estua izan duten taldeak. Arratsaldean, Inguma taldearekin erromeria.
Apirilak 22: Korrotik Pikutara. "Dantzaren historia dantzan". 12:30ean Kultur Kafean. Korrotik Pikutara erromerietako dantzen historiadantzatu bat da, dantza-emanaldi didaktiko bat da "Korroan, borobilean hasi eta sokadantza, ingurutxo, kontradantza eta bikote dantzetatik pasa ondoren, soltean, bakarka eta noraezean edo pikutan bukatuko dugu. Dantzaren historia dantzan jarriko dute, aldi berean pedagogikoa eta entretenigarria izan nahi duen dantza emanaldian" (Dantzan.eus, 2021).
Maiatzak 6: Erraldoi topaketa. Goizean Kalegoen Plazan egingo dute erakusketa, eta ondoren, kalejira abiatuko dute. 11:00etan Kalegoen Plazatik Maalako parkeraino, berriro Kalegoenen amaitzeko. Barañaingo Ezpelur, Tafallako Asier Marco, eta Iruñako Buztintxuri konpartsak etorriko dira. Hiru konpartsetako erraldoien figurak dantzariak dira, dantza desberdinak errepresentatzen dituztenak. Arratsaldea musikarekin alaituko dugu.
Ekainak 17: Goiz eta eguerdian trikipoteo bat egingo dugu. Ondoren, Elgoibarren dantza munduan ibili diren dantzari guztiak gonbidatu nahi ditugu egingo dugun dantzari-bazkarira. Arratsaldean txaranga edo elektrotxaranga bat ibiliko da kalean eta gauean Fan&Go taldeak amaituko du eguna erromeria batekin. Dantza taldeko zapi, kamiseta eta edalontziak ere aterako ditugu.
Uztailak 21: XXXVI. Nazioarteko Folklore Jaialdia. Urteroko zita, atzerriko bi talde gonbidatu eta Haritz EDT dantzariok dantzatuko dugu.
Abuztuak 24: Soka-dantza. Bertan 1973ko soka-dantzariak omenduko ditugu, egun hori izango baita zehazki Haritzek 50 urte beteko dituen eguna.
Abuztuak 27: LXXXVI. Elgoibarko Dantza Solte Txapelketa. Urteroko zita.
Irailak 8-17: Argazki eta bideo erakusketa Kultur Etxean. 1973tik aurrera bildu ditugun argazki, bideo eta zenbait dantza-arroparen erakusketa egingo dugu Kultur Etxean.
Urriak 7: XIV. Errosarioko Amaren Ezpata Dantza. Urteroko zita da hau ere, baina aurten Errosarioko Amaren egunean bertan dantzatuko dugu.
Urriak 21: Dantza jaialdia. 12:30ean Kalegoen Plazan (euria eginez gero, Herriko Antzokian). Azkeneko urteetan harreman handiena izan dugun bi dantza talde gonbidatuko ditugun, eta guk geuk ere dantzatuko dugu.
Azaroa (eguna zehazteke): Mikel Sarriegiren hitzaldia, Gipuzkoako zenbait dantzen historiaz.
Abenduak 30: Plazara Dantzara. Urteroko zita. Urtea amaitzeko, harrobiko dantzari gaztetxoenetatik hasi eta dantzari beteranoetarainokoak elkartuko gara dantzarako.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
HARITZ EDT
Haritz Euskal Dantzari Taldea
ELGOIBAR | 1973
Posta Kutxa: 183
20870 Elgoibar
Kontaktua:
Tfnoa: +34 686 63 31 78
Email: haritzdantza@gmail.com
Instagram: @haritzedt
Jasotako azken erantzunak
- Oier Araolaza on Aurreskua Altzolako sanjoanetan 2017/06/01
- Patxi Montero on Aurreskua Altzolako sanjoanetan 2017/06/01
- Aritz Ibañez Lusarreta on Maskatrük: Idauze eta Elgoibarko dantzariak elkarrengandik ikasten 2016/02/29
-
Mauxitxa Txaranga on Koko-dantzak Elgoibarren
Mauxitxa Txaranga2013/01/31
-
Haritz on Koko-dantzak Elgoibarren
Haritz2013/01/31
-
Mauxitxa Txaranga on Koko-dantzak Elgoibarren
Mauxitxa Txaranga2013/01/31
-
Haritz on Idotorbeko auzotarrak bildu nahi dituen soka
Haritz2012/06/28
-
Mikelue on Idotorbeko auzotarrak bildu nahi dituen soka
Mikelue2012/06/28
-
Xabier Urresti on Pausoka pausoka, bagoaz aurrerantza
Xabier Urresti2010/10/07
-
Henry on Borja joan zaigu
Henry2009/03/01