Ttunttuneroak dantzari begira, 2014ko ezpalak
Txistua eta danbolina, txirula eta ttun-ttuna: euskal folkloreak eskaintzen dizkigun sinboloetako bat dira txistulariak, danbolinteroak. Danbolinteroak, ttunttuneroak dantzari begira jotzen izango ditugu Ezpalak 2014 jaialdiaren protagonista. Gloucestershire, Zamora, Cambrils, Itsasu eta Berrizko ttunttunero eta dantzariak izango dira maiatzaren 24an Iruñean eta 25ean Eibarren ospatuko den Ezpalak jaialdian.
Azken bostehun urteotan behinik behin, aldi berean bi tresna jotzen dituzten musikari hauek dantzarako ezinbesteko lagun izan ditugu, bai Euskal Herrian eta bai Europako toki askotan ere. Tamborileros deritze Gaztelako zenbait herritan, flabiolaires Katalunian, taborers Ingalaterran, tambourinaires Proventzan, e.a.
Dantzariok ditugun musika premiak osoki betetzen ditu danbolinteroak, esku bakarrarekin jotzen den txirularekin doinua erakutsi eta beste eskuarekin danborrarekin erritmoa markatzeko gai baita. Dantzaren jira-biran aritu izan diren danbolinteroak dantza-maisuak ziren aldi berean, eta irauten dute horrelako gutxi batzuek gaur egun ere. Hain zuzen, dantzarako, dantzariei begira jotzen duten danbolinteroak gonbidatu ditugu aurtengo Ezpalak jaialdira. Gloucestershiren, Bizkaian, Zamoran, Lapurdin eta Tarragonan, molde bereko soinulariek dantzariekin nola lan egiten duten ikusiko dugu 2014ko jaialdian.
Sona handiko musikariak

Stephen Rowley pipe and tabor (xirula eta danborra, txistua eta danbolina...) generoan nazioarteko espezialista da, "The taborers 
Angell Vallverduk Kataluniako hainbat dantza tradizionaletan parte hartzen du musikari lanetan, tartean Cambrils-eko tradizioak mantenduz ta berrituz, eta hainbat lan argitaratu ditu Kataluniako Ball de bastons-en inguruan, horien artean nabarmenena "Les musiques de Ball de Bastons" izeneko liburu mardula.



Dantzari begira
Musikari hauek dantza eta musikaren zilbor-este loturan sinesten dute, eta dantzara begira jotzen gozatzen dute. Beren ohiko bikoteekin parte hartuko dute Ezpalak jaialdian, alegia, beraien txirulen doinura eta danbor eta ttunttunen erritmora dantzatzen duten dantzariekin. Hauxek dira jaialdian izango ditugun taldeak:
Cambrils-eko ball de bastons eta Angell Vallverdu flabiolairea – Tarragona (Katalunia)
- Ataitze dantza taldea eta Xabier Itzaina xirularia – Itsasu (Lapurdi)
- Muelas del Pan-go dantzariak eta Mario Martinez Roncero tamborileroa – Zamora (Gaztela-Leon)
- Feet Together Jump! Stephen Rowley taborer-arekin – Gloucestershire (Ingalaterra)
San Lorenzo dantza taldea German eta Jon Aldekoa txistulariekin – Berriz (Bizkaia)
- Duguna dantza taldea – Iruñea (Nafarroa)
- Kezka dantza taldea (Eibar, Gipuzkoa)
Jaialdiak larunbat eta igande eguerdian
Iruñeko Duguna eta Eibarko Kezka dantza taldeek eta dantzan.com elkarteak antolatzen dute Ezpalak dantza tradizionalaren jaialdia. Bederatzigarren jaialdia da aurtengoa eta urtero gai baten inguruan antolatzen da. Ezpata-dantzak, makila-dantzak, arku-dantzak, karaktere dantzak, dantza-jauziak, dantza soltea, zinta-dantzak eta sorgin-dantzak izan dira aurreko urteetako gaiak. Ttunttuneroak protagonista izango dituen 2014ko Ezpalak jaialdia maiatzaren 24an, larunbatean Iruñean izango da eta biharamunean, maiatzaren 25ean Eibarren izango da. Bietan ordutegi bera izango du, eguerdiko 12.00etan kalejira izango da eta 12.30ean jaialdiaren emanaldia. Iruñean Burgoen plazan izango da jaialdia eta Eibarren berriz Untzaga plazan. Aiko taldearen erromeriarekin borobilduko da jaialdia. Xehetasunak ondoko loturan:

