Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Ezpalak jaialdia Ezpalak 2018, giza-dorreak Eibarren

Dokumentuaren akzioak

Ezpalak 2018, giza-dorreak Eibarren

2018/06/29 10:15
Ezpalak 2018, giza-dorreak Eibarren

Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Iñaki Zugasti CC-BY-SA

Edozein eraikin –etxe, bide, zubi- zimentarrietatik ekin eta behetik gora altxatzen den antzera, 2018an Ezpalak jaialdia ere XIII. ediziora iritsi da poliki-poliki, aurreko edizioetan ikasitakoetan oinarritu nahirik. Aurten giza-dorreen gaiak eman dio jarraipena iazko zaldikoenari, zaldikoek eurek atzetik etorri eta aurreragoko beste guztiak harrapatu zituzten moduan.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Felipe Loiola CC-BY-SA

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Felipe Loiola CC-BY-SA

Ostiraletik udaberriko eguraldi nahasia iragartzen zitzaigun –halakoxea suertatu zen larunbatean Iruñean– eta maiatzaren 27ko igandea kaleak lehor baina zeru osoa, alderik alde, estalki ilun batek hartzen zuela zabaldu zuen. Egoera eskasenetakoa zen, beranduagora arte ezingo baikenuen erabaki Untzaga plaza ederrean edo Astelena frontoi kutunaren sabaipean, non egin jaialdia.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Felipe Loiola CC-BY-SA

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Felipe Loiola CC-BY-SA

Errutinaren egin beharrekoek, halere, beren bidetik eraman gintuzten –prestaketa-lanek, bata bestearen ondotik– eta artean euriari ekin ez zioenez, konturatu ginenerako eguerdiko 12:00ak ziren eta, beraz, kalejiraren ordua. Kalerik kale igo ziren Urola aldeko joaldunak, Tolosako dultzaineroak, Eibarko trikitilariak, eta dantza jaialdian parte hartzekoak ziren taldeak. Gorago esan den bezalaxe, gaia giza-dorreak zirenez geroztik, talde batek baino gehiagok ez zuen traba handirik aurkitu dorreak eraikiz eta deseraikiz ibilbidean aurrera egiteko.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Felipe Loiola CC-BY-SA

Kalejiraren berezko helmuga, eguraldiaz gehiago gogoratu ez ginelarik, Untzaga plaza zen, eta haraxe eman zuten dantzariek eta musikariek. Harmailak urteroko ikusle fidelez bete-bete eginda, hasiera eman zitzaion jaialdiari.

Kezka, axeri-dantza

Betiko moduan, aurrena Eibarko Kezka dantza taldeko dantzariek hartu zuten plaza, eta San Juan egunean Andoainen eta Andra Mari egunean Adunan egiten den axeri-dantzaren honako zatiak eskaini zituzten, soinean jantzi ikusgarri askoak zeuzkatela: paseoa, axeri-dantza, orratzarena, ilentiarena, beste paseo bat, perratzearena, giza-dorrea eta plaza husteko kalejira. Txistulari taldea ere fin asko aritu zen, eta ikusleek txalo gogorrez saritu zituzten den-denak.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Txebi Arriaga CC-BY-SA

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Txebi Arriaga CC-BY-SA

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Josu Garate CC-BY-SA

Berantevillako giza-gaztelua

Bigarrenez, Arabako hego-mendebaldeko Berantevilla izena daukan udalerri txikiko herritarrak aurkeztu ziren Untzaga plazan. Berantevillan iraileko Ama Birjinaren omenezko festak ospatzen dituzte hilaren lehen asteburuan, eta jaiegun nagusian, bazkari garaian, gazteek giza-gaztelu edo giza-dorreak eraikitzen dituzte, behin eta berriro, herriko etxeen aurrean. Dorreen gailurretik gazte batek hainbat agur oihukatzen du, eta etxe bakoitzeko bizilagun  eta gonbidatuen izenak ere goratzen ditu. Trukean, biztanleek zurrakapotea eta jateko zerbait ematen dute, eta diru kopurutxo bat ere bai jaiak ordaintzen laguntzeko.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Iñaki Zugasti CC-BY-SA

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Iñaki Zugasti CC-BY-SA

Untzaga plazan hiru dorre eraiki eta deseraiki zituzten –adi gorenera igotakoa nola jaisten den!– eta gailurretik hainbat viva, gora eta visca jaurti zituen arabarretako batek. Denok egiaztatu ahal izan genituen Berantevillakoen kemena eta umorea. Gora Lakorzanillako Ama Birjina! Eibarko plazan Eibarko trikitilariek lagundu zieten euren lanean. Eskerrik asko!

Tausteko dance-eko dorrea

Tausteko danzante-ak sartu ziren ondoren jendaurrera. Tauste Zaragoza probintziako 7000 biztanleko herria da, eta herriaren mendebaldeak Nafarroako Bardeekin jotzen du. Orain dela hamaika urte, 2007an, Ezpalak-en makila-dantzen edizioan ere izan ziren Taustekoak Iruñean. 

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Felipe Loiola CC-BY-SA

Tausteko dance osoa iraileko jaietan ematen da herrian, eta hamasei piezak osatzen dute denera (makila-, arku-, ezpata-dantzak, giza-dorreak…). Aurtengoan dantzariek sarrera, zenbait arku-dantza, ezpata-dantza eta lau giza-dorreak eskaini zituzten, hurrenez hurren: cucuño dorrea, pulso dorrea (altuena eta zailena), zaldiena eta San Migelena. Ikusgarria suertatzen zen haur bat gailurreraino igo eta bere dardaren eta desoreken artean, zer nolako bibak jaurtitzen zituen!  Beste dantzaren bat ere egin zuten, eta plazatik sarrerarako erabili zuten pasealdi berarekin atera ziren.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Iñaki Zugasti CC-BY-SA

Bi gaitak edo dultzainak eta danbor batek ipini zizkieten doinuak Tausteko dantzei.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Iñaki Zugasti CC-BY-SA

Tarragonako moixigangak

Beharbada, besteetatik aldentzen zen jaialdiko emankizun bereziena Tarragonako moixigangak eskaini zuen. Hain bitxia, non emanaldiaren ondoren hainbatek moixigangak plazaratutako jarduna dantzaren edo antzerkiaren esparruan sar ote zitekeen galdetzen zuen. Kronika honetan horrelako kontuetan sartu nahi ez dugula, aipa dezakegu, halere, Berantevillako dorreen biluztasunaren beste muturrean koka daitekeela, beharbada, moixiganga.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Felipe Loiola CC-BY-SA

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Txebi Arriaga CC-BY-SA

Moixiganga Valentzia, Katalunia eta Aragoi aldean egiten diren giza-dorreen multzo edo seriei ematen zaien izena da. Badirudi paganoak izan zitezkeela hasieran, baina historian zehar, gerora, Tarragonakoa Jesukristoren pasio, heriotza eta piztueraren prozesuaren errepresentazio bihurtu da. Iruñean figura gehiago erakutsi bazituzten ere –guztira hamabi dira– Eibarren honakoak egituratu zituzten: otoitza, koroatzea, nekaldia edo pasioa, gurutzea, pietatea eta lurperatzea.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Felipe Loiola CC-BY-SA

Grallen eta danborraren doinua oso solemnea da, errepikakorra, baina eszenak ederki janzten ditu.

Ortzadar, Erribera

Eibarko jaialdia Iruñeko Ortzadar euskal folklore elkarteak itxi zuen. Elkartea 1974. urtean sortu zen, eta landa-lan ugari direla medio zein bestelako jardunaldi, ikerketa, ikastaro, emanaldi eta sorkuntza-ikuskizun aunitzi esker, Euskal Herriko kultura tradizionala lantzen eta babesten duen talderik garrantzitsuenetako bat izatera heldu da. Gogotsu ginen Ortzadar gure artean izateko.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Iñaki Zugasti CC-BY-SA

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Iñaki Zugasti CC-BY-SA

Ortzadar-ek Ebro ibaiaren Nafarroako Erriberako hainbat herritako paloteadoak berreskuratzen lagundu du, eta lan horretan oinarrituta “Erribera” izeneko ikuskizuna sortu zutenetik berrogei urte betetzen diren aurtengoan, Corella herriko “Don José” dantza eta Murchanteko “Yéndome yo”, giza-dorrea eta aurreneko eta bigarren arku-dantzak eskaini zizkiguten: sosegaturik, dotore, indartsu. Tamalez, dantzarietako batek zuntz haustura bat egin eta erretiratu egin behar izan zuen. Ortzadarreko gaita taldea –ohikoa duenez– fin asko aritu zen Erriberako doinuak jotzen.

Ezpalak 2018 Eibar
Ezpalak, giza-dorreak. Eibar, 2018-05-27. Argazkia: Iñaki Zugasti CC-BY-SA

Behin emanaldia hasi zenetik, ez ginen eguraldiaz gehiago kezkatu, harik eta Tarragonako moixigangak ekin zionean, mehatxuzko euri-haize bat ateratzen hasi zenera arte. Zorionez, gure beldurren artetik ere ateri eutsi zion bazkalostera arte, eta bikaina suertatu zen berriz ikuskizun osoa. Eskerrik asko ikusle guztiei, nahiz era baten edo beste baten Ezpalak jaialdia babesten duten guzti-guztiei. Hurrengo urtera arte!      

  • Hemen dituzue Felipe Loiolak eta Iñaki Zugastik aurtengo Eibarko Ezpalak jaialdian ateratako argazki gehiago.

Ezpalak jaialdia 2018 Eibar

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Ezpalak jaialdia

Ezpalak jaialdia

Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2018ko maiatzaren 26an eta 27an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.

Ezpalak2018-txiki

Orain arteko Ezpalak

2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira
2015 Soka-dantzak
2016 Ezpata-dantzak
2017 Zaldikoak dantzan
2018 Giza-dorreak