Dokumentuaren akzioak
Ezpalak 2018: Giza-gazteluak Iruñeko Gazteluko plazan
10 urtean behin izaten da. 10 urtean behin euria izaten dugu Iruñeko Ezpalak jaialdian. 2008an izan genuen, arkuak txirikordatu genituen urtean eta aurten ere izan dugu. Eta ez nolanahiko zaparrada! Baina egitekotan, egin dezala ongi! Hartara, goiz-goizetik erabaki genuen jaialdia estalpean egitea beste erremediorik ez genuela eta beraz, Zentral ostatuan egin dugu aurtengo giza-dorreei eskainitako Iruñeko Ezpalak jaialdia. Eskerrak sabai altua duen kontzertu gelak!
Argi psikodelikoek beste ikutu bat eman diote jaialdiari. Tira, dantzarientzat tokia prestatu, publikoak plazatxoa atondu eta abiatu dugu 13. Ezpalak.
Dugunako txikiek eman diote hasmenta jaialdiari, Sanjoan egunez Andoainen dantzatzen duten Axeri-dantzarekin. Paseoa, Aitarena, Orratzakoa eta Ilentia egin dituzte iji eta aja eta ondotik 3 dorre eraiki dituzte abilezia handiz, bi txikixeago eta bestea kategorikoa!
Taldeko nagusien txanda ondotik. Txikiek altu utzia zuten pabiloia —sabaitik gertu— eta berdintzen saiatu behar! Sanferminetako trokeo-dantzak erakutsi dituzte Ezpalak jaialdian lehendabizikoz. Kriskitin arrabots betean atera dira plaza inprobisatura ziztuan eta haien dantza zikloko hiru dantza eman dituzte lehendabizi: makil-txikiena, zinta-dantza eta makil-handiena. Gero, jaialdiaren gaiak hala agintzen baitzuen, dorrea! Puntaren puntara igo da Itziar Perez eta handik goratu ditu dantzari, gaitero, beste taldeetako dantzari, ikusleak eta goratu beharreko guztiak! Biba!
Berantevillako herritarrak atera dira plazara hirugarrenik. Eta egiazki herritar gisa aritu dira, natural-natural. Bost minutu lehenago gure txistulariei 'zerbait' jotzeko eskatuta, kalejiraren konpasean atera dira plaza erdira eta han eraiki dute haien 3 pisuko dorrea. Ziurtasunez eraiki eta modu zoragarrian deseraiki dute, duela hainbeste mendetako dantzariei buruzko kroniketan irakurri izan dugun itzulipurdi eta guzti.
Haiena izan da estalpeko emanaldirik laburrena. Estalpekoa diogu, ondotik, karriketan barna beste hamaika gaztelu eraiki baitituzte Estafeta karrikan, Udal plazan, Gazteluko plazan... harrizko gazteluaren faltan, Berantevillakoen giza-gaztelua!!
Iruñean egin genuen lehen Ezpalak jaialdian, 2007. urtean, gurekin izan genituen Tausteko dantzariak. Haien giza-dorre ikusgarriak oroituz, berriz gonbidatu nahi izan ditugu dantzara eta gogoan genuen oroitzapena oraindik gehiago goxatu digutela baino ezin dugu esan. Apaindutako arku zoragarriekin eta arkurik-gabe dantzatutako kontra-dantza kementsuen arteetan tartekatu dituzte beste horrenbeste giza-gaztelu, zein baino zein ikusgarriago! Dorrean gora eta behera ibiltzeko duten teknika zorrotzak ere harritu gintuen.
Gure dantza ohiturak mendeetako sedimentazio baten ondorio direla ikasi dugu, eta sinkretismo horretan, erlijio kristauak ere izan du bere eragina. Tarragonako Moixiganga izan da horren erakusle. Dantza urrats sinplez, Jesusen Via Crucisaren egonaldi guztiak antzeztu dituzte, horretarako tamaina eta forma ezberdinetako giza-dorreak eraikiz. Pa passió, la coronació, la crucifixió... banan bana aurkeztu dizkigute irudi ezberdinak. Musikaren laguntzarekin halako giro mistiko bat zabaldu da Zentralen.
Ebron gora igo eta Nafarroa Garaiko Erriberan bukatu dugu aurtengo gure promenatzea. Cabanillasen hain zuzen. Bertan, 2014ean berreskuratu zuten Paloteao-a egiteko ohitura —XIX. mendean egiten zeneko testigantzak badira— eta giza-dorre batekin burutzen dute haien Artedrama satirikoa. Haien dantza errepertoriotik paseoa, arku-dantza eta zinta-dantza erakutsi dituzte lehenbizi eta jardunaldiko azken dorrea eraiki eta deseraikitzeko ardura haiena izan da. Puntaren puntatik azken oihuak, tartean, biba Ezpalak!
... bada, biba!!!
- Iñaki Zugastik Iruñeko Ezpalak jaialdian hartutako argazkien galeria hementxe duzue ikusgai:
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Ezpalak jaialdia
Duguna eta Kezka dantza taldeek antolatuta, 2018ko maiatzaren 26an eta 27an burutuko da Ezpalak Dantza Tradizionalaren Nazioarteko Jaialdia Iruñean eta Eibarren.
Orain arteko Ezpalak
2006 Ezpata-dantzak
2007 Makila-dantzak
2008 Arku-dantzak
2009 Karaktere-dantzak
2010 Dantza-jauziak
2011 Bikoteko dantza soltea
2012 Zinta-dantzak
2013 Sorgin-dantza eta bere ezpalak
2014 Ttun-ttuneroak dantzari begira
2015 Soka-dantzak
2016 Ezpata-dantzak
2017 Zaldikoak dantzan
2018 Giza-dorreak
Jasotako azken erantzunak
- Ezpalak jaialdia on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Ion Lizarazu on Ezpalak 2017ko Afitxa 2017/05/09
- Kezka dantza taldea on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
- Patxi Montero on Ezpalak 2014, Eibarko jaialdia 2014/06/02
-
axeri on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
axeri2009/05/06
-
Urki on Kezka dantza taldea – Eibar (Gipuzkoa)
Urki2009/05/06
-
on Jo makilak, dantzatu oinak!
-
Kezka - Duguna on Egitaraua
Kezka - Duguna2007/05/10
-
matx on Egitaraua
matx2007/05/10