Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan

Orain arteko ekarpenak

Arantzazu 2008 Apostoluen dantza

2019/07/10

Oteizaren apostoluek 50 urte betetzen dituzten egunotan 2008an Arantzazun egin zen Apostoluen Dantza berreskuratu dugu. Jorge Oteizaren jaiotzaren mendeurrenaren ospakizunetan, 2008ko abuztuaren 27an, dantzak eman ziren apostoluen aurrean. 

Musika Hamabostaldiaren baitan, Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean eta Argia dantzari taldearen eskutik Argia, Duguna, Maritzuli, Arkaitz eta Kezka dantza taldeetako dantzariak eta txistulariak aritu ziren soka-dantzan. Soka-dantzan, Oteizak egindako apostoluak adina dantzari irten ziren, hamalau. 

Sokan desafioa, abarketak eta banango zaharra dantzatu zituzten eta biribilketan irten ziren oholtzatik. Ondoren, oñatiarrek, San Migel dantza eta uztai-dantza egin zituzten.

Irudiak: Eire Vila. Soka-dantza eta Oñatiko Korpus dantzak, Arantzazu, 2008-08-27.

Itziar: Kopraixak 2018 bikoteen aurreskua

2019/07/09

Itziarko jaietako bikoteen aurreskua dugu bideo honetan. Itziarren Kopraixak ospatzen dituzte abuztu hasieran. Jaietan bikoteen eguna osapatzen da eta arratsalde horretan bikoteek aurreskua dantzatzen dute herriko plazan. Bederatzi mutil irten dira sokan plazara eta segituan zerbitzariak aurreskuaren bikotearen bila abiatzen dira. Aurreskuak bere bikoteari agurra dantzatzen dio, dantza bukatzean neska sokara sartzen da. Orduan zerbitzariak atzeskuaren lagunaren bila abiatzen dira eta atzeskuak ere agurra dantzatzen dio; dantzaren ondoren atzeskuarekin batera bikotea ere sokan sartzen da. Bi agurrak dantzatuta, gainerako dantzarien bikoteen bila joaten dira zerbitzariak eta sokan tartekatzen dira aurreskura gonbidatutako neska guztiak. Denek borobila osatu eta mutilak banan-banan borobil erdira sartu eta bikoteari begira banangoaren puntu bat dantzatzen diote bere kideari eta bukaeran denek batera dantzatzen dute azken puntua. Amaitzeko fandangoa eta arin-arina dantzatzen dituzte denek elkarrekin borobilean eta kalejiran irteten dira plazatik. Irudiak: Maite Irizar. Bikoteen aurreskua, Itziar, 2018-08-06.

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza

2019/07/09

San Fermin eguna berezia izan ohi da Lesakan, eta aurtengoa zer esanik ez, ezpata-dantzari taldea neska-mutilek osatu baitute lehen aldiz. Ezpata-dantzari beteranoren batek bere postua uzten duenean ematen zaio aukera dantzari berri bati. Duela hiru urte neska batzuk entseguetan parte hartzen eta dantzak ikasten hasi ziren. Hiru urte pasata, ezpata-dantzari taldean parte hartzeko aukera iritsi zaie. Argazkiak: Amaiur Aristi

Lesaka: San Fermin 2019 Ezpata-dantza

2019/07/08

Lesakan ezpata-dantzari taldea neska-mutilek osatu dute aurten lehenengo aldiz. San Fermin egunez, Lesakan ezpata-dantzariak dira protagonistak. Aurtengoa berezia izan da, historia egin dute Lesakako ezpata-dantzariek, genero bazterketarik gabeko taldea osatuta irten baitira dantzara. Duela hiru bat urte ezpata-dantzarien entseguetan parte hartzeko nahia agertu zuten neska batzuek eta mutilak hasi ohi diren moduan San Fermin  eguneko dantzak prestatzen hasi ziren. Aurten egokitu zaie aukera dantzara ateratzeko San Fermin egunean.

Ezpata-dantzako hiru protagonista bereziren testigantzak jasotzeko aukera izan dugu: Ladis Satrustegi, Lesakako alkatea eta musikaria batetik, Unai Gurrutxaga, ezpata-dantzarien aitzineskua bestetik, eta ezpata-dantzan estreinatu den Leire Pastor dantzaria. Leire Pastor ezpata-dantzariak azaldu digu urduri zirela bezperan, baina dantzan hasi direnean alde batera utzi dituztela nerbioak. San Fermin eguna lesakar batentzat berezia dela dio eta ezpata-dantzari bezala arituta zer esanik ez. Ladis Satrustegirentzat ere berezia izan da oso aurtengo San Fermin eguna, txistulari taldeko atabalaria da, baina baita herriko alkatea ere ekainaz geroztik. Hori horrela, musikari zereginak alde batera utzi gabe atabalarekin aritu da goizean goiz eta arratsaldean eta eguerdiko protokoloan udal ordezkari gisa atera da prozesioan. Unai Gurrutxaga aitzineskuak taldea koordinatu eta zuzen eramatea dela bere lana azaldu digu. Ardura handiko postua da, baina aldi berean, berezia eta polita, gozatzea izaten da bere helburua.

Goizeko 8:00etako arrankadarekin hasi eta goiz osoa dantzan aritzen dira, elizara joan-etorriak egin eta kalerik kale makil-gurutzeak eginez. Plaza Zaharrean eta Ziobiko plazan zeharkakoak dantzatu eta zubigainekoa dantzatzen dute; azkenik, Plaza Zaharreko azken zeharkakoarekin amaitzen dute goizeko saioa. Arratsaldean, berriz, zantzo-monona, esku-dantza, jota eta arin-arina dantzatzen dituzte.

Irudiak: Eire Vila eta Oier Araolaza. San Fermin, Lesaka, 2019-07-07.

Indarra eta Oñatz Polonian Lemko herriaren jaialdian

2019/07/08

Gasteizko Indarra dantza taldea  Poloniako Swiat Pod Kyczera nazioarteko folklore jaialdian da egunotan. Eta gaur bertan abiatuko da Poloniaruntz Oñatiko Oñatz dantza taldea. Indarrakoak uztailaren 3tik 9ra izango dira Polonian eta hortik aurrera Oñatzekoek hartu dute lekukoa. Oñatiarrak ga...

Gehiago irakurri

Compagnie Galouche 2019 ezpata-dantza

2019/07/05

Valoniako Queveaucamps herriko Compagnie Galouche ezpata-dantzari taldea dugu irudietan. Anberesko ezpata-dantzaren jaialdian eskaini zuten saioa dugu. Izan ere Anberesko ezpata-dantzak berrogeita hamar urte bete ditu aurtengoan eta urteurrena ospatzeko Europako beste hainbat ezpata-dantzari gonbidatu dituzte, urtero, garizumaren erdian ospatzen duten festara. Martxoko azken asteburuan Anberes hiriko ezpata-dantzariek eta talde gonbidatuek beren erakustaldiak egin dituzte.

Zortzi dantzariak ilaran kokatuta daudela danbor hotsa hasten da eta instrumentuaren erritmoan banan-banan aurreratzen dira eta plazaren erdian borobilean kokatzen dira. Horrela, danbor soinuei gaita gehitzen zaie eta dantzariak itzuliekin hasten dira. Beren burua aurkezten dute ezpata altxaz eta itzuli bat emanez. Jarraian gurutzaketak eta zubiak egiten dituzte hainbat figura osatuz ezpatekin. Dantzariak dantzan ari diren bitarte horretan otsoa agertzen da plazara eta beraien inguran biraka ibiltzen da, zenbait momentutan dantzara ere animatzen da. Animaliak dantzariak distraitu eta molestatu nahi ditu. Dantzariek otsoa harrapatu eta zintzarria egiten diote, otsoari lepoa moztea irudikatzen dute. Hildako otsoa borobilaren erdian hartu eta lurrean etzanda dela, bere inguruan dantzan jarraitzen dute. Azkenean, ordea, otsoa berpiztu egiten da eta ezpatekin osatutako parrilan altxatzen dute. Otsoak parrilaren goian dela bandera astintzen du.

Irudiak: Eire Vila. Compagnie Galouche, ezpata-dantza, Anberes, 2019-03-31.

Uda honetan ikusi beharreko 10 dantza ekitaldi

2019/07/05

Udan sartzearekin batera herriko jaietan murgiltzen gara; solstizioarekin festa eta dantzak eztanda egiten dute Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetan. Askok hegazkina hartu eta munduko beste lekuren batera ihes egingo dute leku eta kultura berriak ezagutzeko asmoz, baina gurean ere bada zer ik...

Gehiago irakurri

Iruñeko sanferminak dantzan 2019

2019/07/04

Larunbat eguerdiko suziriarekin batera egingo du eztanda festak Iruñean. Bederatzi egunean jaiak ez du etenik izango. Festak dantzan ospatzeko baino modu hoberik ezagutzen al duzue? Festa eta dantza eskutik helduta joan ohi dira ia beti, baita Iruñean ere. Sanferminetan momentu eta txoko guztieta...

Gehiago irakurri

Iruñea: Korpus 2019 San Lorentzoko danzanteak

2019/07/04

Jesus Pomares gogoan, Iruñeko Besta Berriko prozesioa irekitzen duten San Lorentzoko danzanteen irudiak dakartzagu. Karrikadantzarekin gurutzatu dituzte belarrez eta petaloz atondutako alde zaharreko kaleak. Katedraletik abiatu eta, udal-plaza eta San Saturnino eliza pasata, San Lorentzo elizarainoko bidea egiten dute Kale Nagusitik, atzera, katedralera itzultzeko. Prozesioa Korpus eguneko liturgiaren baitan egindako ospakizunarekin amaituta, dantzariek katedral aurreko plazan dantzatu dituzte: fagina, habanera eta kortesia, eta arku dantza. 

1997an ekin zieten San Lorentzoko danzanteek bere ibilbide zaharberrituari, hain zuzen aste honetan zendu den Jesus Pomaresek akuilatuta. Ikerketa eta birsortze-lan sakon baten ondoren, Iruña taldearen 25. urteurrenaren karietara egin zuten beren lehen emanaldia. Urtean zehar zenbait agerraldi finko egiten dituzte: inauterietako kaldererotan, San Ferminetan, San Lorentzo egunean, eta irudiotan ageri den Besta Berri prozesioan 1999tik. Hogeigarren urteurrena bete dute beraz.

Iruñeko prozesiorik zaharrena da Besta Berrikoa edo Korpusekoa.  Berpizkundetik eta XIX. mende arte tokiko eta kanpotik etorritako dantzarien presentzia izan zuen, eta San Lorentzoko Danzanteen Kofradiak berreskuratu zuen ohitura. Katedraleko Sei haurrek edo Infantikoek Sakramentu Santuaren aitzinean Hilarion Eslabaren billantziko bat dantzatu zuten katedraleko presbiterioan eta prozesioan parte-hartu zuten.

Katedraleko emanaldia amaituta, Zapateria kalera joan ziren dantzan Donezar kandeladendaraino. Han dantza batzuk eginda, txorizoa azukrearekin eman zieten jateko, gremioen kofradiek egun berezi horretan prestatu ohi zuten menua alegia. Irudiak: Gari Otamendi. San Lorentzoko danzanteak, Besta Berri egunean: fagina, habanera eta kortesia, eta arku dantza, 2019-06-23.

Lesaka 2019 sanfermin dantzak prestatzen

2019/07/03

San Fermin egunerako azken prestaketekin dabiltza Lesakako ezpata-dantzariak. Aste honetan entsegu nagusiak egokitzen dira, astelehenean zubigainera igo dira eta igande baino lehen, ostegunean berriro arituko dira. Unai Gurrutxaga aitzineskuarekin egon gara zubigaineko asteleheneko saioa amaituta. Hirugarren aldiz irtengo da San Fermin egunez dantzara eta aitzinesku gisa bigarrena izango du. Ezpata-dantzari bezala lehenengo aldiz irten eta hurrengo urtean eman zioten buruzagi irteteko aukera, sorpresan hartu zuen proposamena, baina azkenean animatu zen. Lesakar batentzat ezpata-dantzari izatea berezia da oso eta zeresanik ez, aitzineskuaren postua. Gurrutxagak ardura sentitzen badu ere, oso egun polita izaten dela dio. Urduritasunak sumatu ditu dantzarien artean, baina taldea ondo ikusi du zubigainean eta osteguneko entseguaren ondoren, igandean primeran arituko direla dio.

Ekainean elkartu ohi dira taldea antolatu eta entseguak egiteko. Azaldu digu adin bat iristean naturalki hasten direla ezpata-dantzarien entseguetara joaten. Horrela, ezpata-dantzariren batek bere postua uztea erabakitzen duenean izaten dute berriek lekua ordezkatzeko aukera. Aurtengoan bost ezpata-dantzarik utzi dute, beraz, bost dantzarik lehenengo aldiz dantzatuko dute. Horien artean emakumeak ere izango dira estreinekoz. Duela bi hiru urte hasi ziren entseguetan eta aurten hutsik gelditu diren postuak betetzeko aukera iritsi zaie. Igandean goizeko 8:00etan ekingo diote egun osoko lanari, goizean gurutzeak eginez ibiliko dira prozesioan eta plazan zeharkakoa eta erreka alboan zubigainekoa dantzatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, zantzo-monona, esku-dantza, aurreskua, jota eta arin-arina. Irudiak: Eire Vila, sanfermin dantzak prestatzen, Lesaka, 2019-07-01.

Orain arteko erantzunak

Dantzan on Inauteriak 2017 oinarrizko egutegia

2017/01/24

Eskerrik asko bioi informazioagatik.

Dantzan on Plazako dantza aberasten: ingurutxoak eta kontra-dantzak

2017/01/16

Kaixo Goizane,
Guk froga egin dugu, eta prezio diferentzia euskarazko eta espainolezko orrien artean dago. Ziurrenik akatsen bat izango da. Guk dugun informazioaren arabera, 45€-koa da Kutxako bezeroentzako prezioa. Nolanahi ere, bide zuzenena Kutxa Kultur Gelakoekin argitzea izango da. Hemen duzu beren webgunean daukaten telefono-zenbakia: 900 44 55 66
Eskerrik asko zure ohar zorrotz eta zehatzagatik.

Dantzan on Horra, horra, gure Olentzero!

2016/12/29

Bai, halaxe da Elur, twitterren aritu ziren horretaz hizketan Gari Garaialde eta Leire Narbaiza: https://twitter.com/GariGaraialde/status/811528317388124160

Dantzan on "Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara" ikasketa osagarriak eskainiko ditu EHUk

2016/11/03

Baiezkoan gaude Endika, baina onena unibertsitatera deitzea duzu, EHUk berak antolatzen baitu. Hemen duzu telefonoa: http://www.ehu.eus/eu/web/complementarios/euskal-dantza

Dantzan on "Euskal dantza: tradiziotik sorkuntzara" ikasketa osagarriak eskainiko ditu EHUk

2016/10/11

Egun on Arkaitz! EHUren webgunean, "ohiko galderak" atalean, klaseak "lauretatik zazpietara" izango direla jartzen du, baina antolatzaileek esan digute ordutegia ez dela definitiboa oraindik.

Dantzan on Emakume eta gizonezkoek elkarrekin dantzatu dute Mairuaren Alardeko trokeo-dantzetan

2016/07/28

Eskerrik asko Ion. Arrazoi duzu, guk ere badugu gogoan neskak dantzan ikusi izana 2009 urtea baino lehen. Zuzendu dugu testua.

Dantzan on Lasa 1950 Dantza-jauziak

2016/04/20

Xabier Itzainari helarazi diogu Patxi Monteron galdera, eta honako hau erantzun digu:
"Patxiren galdera, alabainan, garrantzitusa da, eta neke zaut erantzutea. Ene gostuko, dantzatzeko manera hori, indartsua eta elegantea, nun dantzariak ez diren berdin ari bainan bai elgarrekin, joan da dantzari horiekin eta berekin zeramaten munduarekin. Nik orain dela 15-20 bat urte ikusi izan dut, tokian tokika, izpiritu horren orroitzapen zerbeit, eta orduko dantzariekin ere ainitz ikasi dut. Gertatzen ahal zen besta berrietako bezpera ondo batez, edo zikiro batetik landa, edo pilota partida batetarik landa presuna batzu berotzea eta lotzea, batez ere Lapurdi barnekalde eta Baxenabarren, bainan behar zen untsa gertatu!
Gaur egun zertan den? Egia erran, ez naiz gehiago biziki plazaz-plaza ibiltzen eta ez dakit sobera gauzak zertan diren. Jauziak ainitz emaiten direla, hori segur, bainan nola emaiten diren, hori besterik da. Tokian tokika behar litaike behatu. Gure heinean entseatzen gira “izpiritu” horren beiratzen gure xokoan (Itsasu eta inguruetan), bainan zaila da, gazte ainitzentzat jauziak ez beitira baitezpada dantza erakargarriak. Dantza erretxak bezala ikusten dituzte jauziak, Lasako bideoak alderantzizkoa diolarik ene ustez.
Hurbilagotik behatu behar beraz"

Dantzan on Villacañas: dantzatzeagatik ordaintzen duten dantzariak

2016/03/21

Mila esker zuen erantzunagatik! Bai, filme horren berri eman genuen dantzan.eus-en bere garaian: https://dantzan.eus/albisteak/danzantes-liz-lobato
MIla esker gogoraraztegatik!

Dantzan on Ituren: soka-dantza 1951

2016/02/22

Andres Iñigo Ariztegik, Iturengo ondareari ekarpen ederra eginez, bideo honetan agertzen diren lagunen identifikazioa egin du.

Ituren, 1951-07-08
10’’. Txistulariak: Miguel Makutso, Burriñenekoa [Burriñenea etxe izena] eta Iñaki Aizkorbe, Azentzenekoa. Atabalaria: Jexux Azpiroz, Iturengo Apezenekoa. Segizioa elizara bidean doa, Pioinea eta Arriberria etxeen parean, Saturnino Telletxea, Iñarrekoa, buru duela -Saturninok suziriak botatzen zituen-.

11’’. Herriko bandera daramana Eustakio Elizalde Arrosenekoa [Arrosanea] da.

13’’. Balentina Idigoras, Jose Ignazio Telletxearen amaren ondoan, Martin Aizpurua doa, Apeztegikoa, garai hartan alkate zen eta ibilbidean barna behin baino gehiagotan ageri da. Haren ondotik, Ignazio Elizalde, Lopetxenekoa [Lopetxonea], eta Periko Mikeo, Aurtizko Apezenekoa.

16’’. Apez betaurrekoduna Tomas Lizarraga, garai hartan Iturengo apeza zena eta don Faustino Arbizu, erretorearen laguntzailea. Gainerako apezak beharbada Jose Ignazio Telletxearen ikaskideak eta lagunak, Jose Maria Setien eta beste batzuk.

17’’. Apezen gibeletik heldu direnak, hauexek: ezkerretik eskuinera, Antonio Goñi, Xixternekoa [Sastrearena], Joxe Ariztoi, Pioinekoa, Ramon Mutuberria, Sotillenekoa eta Maurizio Azkue, Lopenekoa. Joxeren eta Ramonen gibelean, Mattin Azkue, Lopenekoa.

54’’. Martintxo alkatea eta Nikasio Labaien, Juantsenekoa [Joansantzenea].

1’07’’. Nikasioren gibelean, Benedikto Vicente, Herriko Etxeko idazkaria. Benediktoren gibelean, Joxe Ariztegi, Manekoa [Marenea].

1’13’’: Lehen lerroan, Francisco Iñigo, Maixtemattekoa [Mariestebanbaita], Periko Mikeo eta Ignazio Elizalde. Gibelean, Joxe Mari Urroz, Barbenekoa [Barberenea], Domingo Aizpurua, Betenekoa [Beruetenea]. Ignazio Elizalderen eskuinean Jorgitto, Altxunekoa ageri da eta Ignazioren gibeletik, Maximo Ariztegi, Prosentzenekoa [Perosantzenea], aipatutako Joxe Ariztegi, eta Luis Mari Iñigo, Maixtemattekoa [Mariestebanbaita].

1’33’’. Zortzikoa edo mutil dantza, plazan. Ignazio Elizalde, Joxe Mari Urroz, Serapio Sagaseta –txalekoarekin- Palazioko bordakoa, Eustakio Elizalde, Antonio Goñi, Domingo Aizpurua, Eugenio Urroz, Aranburunekoa, Bautista Bereau, Tolatekoa [Tolaretea], Domingo Aizpurua, Eugenio Urroz, Martintxo Baleztena, Iturengo Errandenekoa [Errandonea] eta, azkena, Maximo Ariztegi.

2’11’’. Soka-dantza. Serapio Sagaseta, Maria Angeles, Ignazio Telletxearen arreba, Bautista Bereau...

2’ 38’’. Ignazio Elizalde... eta lau haur pareta kontran. Horietan ttikiena, ustez, Andres Iñigo.

2’ 59’’. Luisa Urroz, Alontsenekoa [Alontsonea], Joxe Mari Urroz, Antonio Goñi... ageri dira.

3’10’’. Victor Sagardia apeza, Palaziokoa, ageri da, ezkerraldean.

3’17’’. Plazaren erdian, ustez, Ignazio Iturbe, Alontsenekoa [Alontsonea].

3’37’’. Saturnino Telletxea, botila eskuan, eta Ignazio Elizalde.

Emakume gehienak agian Telletxearen familiakoak edo lagunak izanen dira, egun horretarako Donostiatik Iturenera etorriak.
Dantzan

Dantzan

dantzan 2001. urtean sortu zen eta 2003tik dantzan.com dantza sustatu eta hedatzeko elkarteak kudeatzen du.


Babestu dantzan.com