Zinta-dantza Euskal Gizataldeak Munduan saretzeko
Pasa den urriaren 2an, Euskal Gizataldeak Munduan VII. Kongresua inauguratu da Bilbon, Euskalduna Jauregian. Kongresuaren ikurra zinta-dantza izanik, lau urtetik behin egiten den biltzar horren aurtengo ekitaldia irekitzeko hain zuzen zinta-dantza antolatzeko eskaera jaso genuen Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanen sailetik.
Zinta-dantza, euskal gizataldeen arbola
Zinta-dantza bizitzaren arbola irudikatzen duen sinbolo koreografikoa da Juan Antonio Urbeltz folkloristaren esanetan. Sortu eta hil bitarteko bizi-zuhaitz horretara zilbor-hestetik lotuta munduratzen gara, eta enborrera lotzen gaituen zintari helduta abiatzen dugu bizi-ibilbidea. Bizikide ditugunak parez pare aurkitzean, elkar-gurutzatu ahala zintak korapilatuz doaz, eta batzuk eskuinera, besteak ezkerrera, etengabeko joan-etorrian, guztion sokak elkar-lotzen doaz, bizitzaren arbolaren ardatzean ehuntzen, gure bizitza bera josten dihardugula. Halako batean, bizitzaren ekuatorera iristean, gure ardatzean bira erdi egin, eta etorritako bidetik itzultzen hasten gara, ehundutako korapiloak deslotzen, gaztaroan jositako ehunak desegiten, harik eta abiatu gineneko sorlekura itzulita, ehundutako sarea askatuta, bizitzaren-arbolara lotzen gaituen soka eten, eta heriotzak hartzen gaituen.
Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrak zinta-dantza du sinbolotzat bere lehen ekitalditik. Munduko euskal komunitatea zuhaitz beretik sortutako adar ederrez hazi da, eta etengabeko elkar-saretze eta ehuntzea lau urtetik behin egiten dugun biltzar honetan loratzen da. Aurtengo biltzarrari ekiteko batzen gaituen arbola horren inguruan dantzatu eta elkar-lotuko gara, ordezkaritza bakoitzak bere zinta edo xingola ekarri, zuhaitzaren muturrera lotuko du eta zinta horiek elkarlotuz irudikatuko dugu munduko Euskal Gizataldeon zinta-dantza, euskal mundua saretzen, lotzen, ehuntzen duen arbola.

Ordezkaritza bakoitzak bere xingola
Kongresuan parte hartu duen ordezkaritza bakoitzaren herrialdearen izena bordatuta zeramaten xingolak prestatu dira, eta ordezkari bakoitzak eraman du bere herrialdearen xingola eta arbolaren puntara lotu du: Argentina, Australia, Belgika, Brasil, Kanada, Txile, Kolonbia, Kuba, Alemania, El Salvador, Espainia, Frantzia, Mexiko, Japonia, Paraguai, Peru, Puerto Rico, Erresuma Batua, Uruguai, Amerikako Estatu Batuak eta Venezuela.
Zinta-dantza hori dantzatzeaz Gaztemundu programan parte hartzen ari diren munduko gizataldeetako ordezkariak arduratu dira, eta dantzarako Bizkaiko Gaiteroek jo duten pieza eder bat baliatu dute. Zehazki Arabako Errioxan, Guardian, urtero San Joan egunez herriko bandera dantzatzeko erabiltzen den doinua da.