Dokumentuaren akzioak
Euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatuko duen legea
Azken hamarkadetan kultur sorkuntza zabaltzeko, transmititzeko eta gizarteratzeko moduak eraldatu egin dira: sorkuntza-testuinguru berriak sortu dira, kultur industrian eraldaketak gertatu dira, kazetaritzaren parametroak aldatu dira, hezkuntza arautuan pedagogiak berritu dira, kultur sorkuntzaren berariazko irakaskuntza murriztu da, kultur kritikaren ekarpenak sakabanatu dira, eta abar.
Paradigma aldaketa honen baitan eta azken urteotako inkesta zein azterketek erakutsi dutenez, eten bat gertatu da eta gaur egun hezkuntza arautuak ez du bermatzen euskarazko kulturgintzaren transmisioa.
Testuinguru honetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza lege berri baten eztabaida mahai-gainean dagoelarik, ezinbesteko deritzogu une hau baliatzea euskarazko kulturgintzaren transmisioaren gaia lehen lerrora ekartzeko.
Egin nahi den Hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatu behar du hezkuntza eraldatzailea lortu nahi badugu, eta, hori hala izan dadin, garrantzi handia du legeak modu esplizituan jasotzea behar hori.
Hezkuntza lege berriaren Ituna irakurri ostean, euskarazko kulturgintzaren ekosistema osatzen dugun eragileok dagokigun arduraz adierazi nahi dugu:
- Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako Hezkuntza lege berriak euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatu behar duela.
- Euskarazko kulturgintzaren ekosistemako eragile garenok kulturgintzaren transmisioa bermatu dadin hartu beharreko neurrien proposamen, eztabaida eta adostasun prozesuan parte hartu nahi dugula.
Euskararen eta bere kulturgintzaren normalizaziorako estrategikoa da hezkuntza arautuan ere transmisioa bermatzea. Guk ardura eta prestasun osoa dugu hala izan dadin.
2022ko ekainaren 16a
Hezkuntza Legeak euskal kultur transmisioa berma dezan lan egiteko prest gaude
Euskararen kulturgintzako eragileok agerraldia egingo dugu Donostiako Oteizaren eskulturan EAEko Hezkuntza Lege berrian euskal kultur transmisioa berma dadin eskatzeko eta berau gara dadin laguntza eskaintzeko.
2019ko urrian euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntza arautuaren testuinguruan jorratzeko Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiak antolatu ziren Azpeitian, hainbat eragileren artean (Ahotsenea, Azpeitiako udala, Azpeitiko Kultur Mahaia, Elkar Fundazioa, Kulturaz kooperatiba, Hik Hasi, Ikaselkar eta UEU). Jardunaldi haietan eginiko diagnosiek eta trukaturiko esperientziek argi utzi zuten kultur sorkuntzaren transmisioa egituratzeko eta sendotzeko premiazkoa zela kultur eragileon arteko eta kultur transmisioan dihardugun eragileon arteko saretzean urratsak egitea. Horretan aritu gara azken bi urteotan, eta kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruko gogoeta egitera eta saretzera batu zaizkigu orduz geroztik beste hainbat eragile (Bertsozaleen elkartea, Euskaltzaleen Topagunea, Dantzan, EEE, EHAZE, EIE, EIZIE, Xabiroi, Tupust!, Jakin, Galtzagorri elkartea, Lanartea, Ibaia, ADDE, EuskalPen...).
Saretze dinamika hori eta gogoeta prozesu hori egituratzen ari garela etorri da Hezkuntza Itunaren eztabaida, eta premiazkoa iruditu zaigu Hezkuntza Itunaren testuinguruan kulturgintzatik geure ikuspegia gizarteratzea, geuk ere ahotsa hartzea etorkizuneko legeak euskal kultur sorkuntzaren transmisioa hezkuntzan berma dezala eskatzeko. Testu bat adostu dugu eragileon artean aldarri hori gizarteratzeko atxikimenduak lortzeko, eta ahalik eta gorputz kolektibo sendoena egituratzeko. Ekainaren 16an, gaur, kultur eragileok adostu dugun testua gizarteratu nahi izan dugu, alde batetik, hemendik aurrera testuari eta ekimenari atxikimendua eman nahi duten kultur eragile, gizarte eragile, kulturzale eta sortzaileen atxikimenduak biltzen joateko, eta beste alde batetik, etorkizuneko hezkuntza lege, hezkuntza diseinu, eta hezkuntza praktikatan euskal kulturaren transmisioa eta gizarteratzea berma dadin lan egiteko prestasuna adierazteko.
Bertan izango gara aldarrikapenarekin bat egin dugun kultur eragile eta kultur erakundeetako ordezkariak:
- Ahotsenea
- Aiaraldea Ekintzen Faktoria
- Bertsozaleen elkartea
- Dantzan
- Elkar Fundazioa
- Euskal Aktoreen Batasuna (EAB)
- Euskal Editoreen Elkartea (EE)
- Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea (EHAZE)
- Euskal Herriko Dantza Profesionalen elkartea (ADDE)
- Euskal Idazleen Elkartea (EIE)
- Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE)
- Euskal Herriko Trikitixa elkartea
- Euskaltzaleen Topagunea
- EuskalPEN
- Galtzagorri
- Gerediaga
- Ibaia
- Jakin
- Lanartea
- Tupust!
- Xabiroi
Lehen urratsean aldarrikapena eta deialdia kultur eragile eta kultur erakundeen eskutik gizarteratuko dugu, baina asmoa da aurrerantzean sortzaile eta kulturzaleekin ere bidea egitea, eta pixkanaka sarea indartzea eta sendotzea. Nolanahi ere, sortzaile zenbaitek ere babesa adierazi diote aldarrikapenari lehen urrats honetan, eta agerraldian ere izan dira: Amaia Lasa, Andoni Tolosa, Morau, Antton Olariaga, Arkaitz Miner, Beñat Gaztelumendi, Eñaut Aiartzaguena, Gari Otamendi, Irene Aldasoro, Joseba Tapia, Oihana Iguaran, Peter Ansorena, Xabi San Sebastian, Yolanda Arrieta.
Beste sortzaile batzuek ez dute agerraldira hurbiltzerik, baina atxikimendua adierazi dute: Ainara Azpiazu Axpi, Alaitz Olaizola, Ana Galarraga, Ander Lipus, Anjel Lertxundi, Bixente Martinez, Danele Sarriugarte, Dorleta Kortazar, Eider Rodriguez, Ekaitz Goikoetxea, Eñaut Elorrieta, Harkaitz Cano, Imanol Epelde, Ines Osinaga, Irati Goikoetxea, Iratxe Ormatza, Jon Maya, Joseba Irazoki, Iurgi Ekiza, Mielanjel Elustondo, Mikel Inuntziaga Inun, Mikel Urdangarin, Nerea Loiola, Oier Guillan, Petti, Rafa Rueda, Txuma Murugarren, Uxue Alberdi, Ximun Fuchs.
Eguneratzea (2022-06-23)
Euskal Wikilarien Kultur Elkartetik bertako idazkari Gorka Azkarate Zubiaurrek adierazi digu EWKEk "testu horrekiko aldeko jarrera, adostasuna" eta "Gure taldearen izena testu hori babesten duten taldeen multzora gehitzea". Halaxe beraz gehitzen dugu testua babesten duela:
- EWKE (Euskal Wikilarien Kultur Elkartea)
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Dantzan
Dantzan elkartea 2002an sortu zen dantzan.eus (dantzan.com hasieran) kudeatzeko. Gaur egun euskal dantzaren inguruko informazioa, albisteak, bideoak, agenda eta bestelakoak sareratzen dituen dantzan.eus webguneaz gain, dantzaren lotutako beste zenbait jarduera burutzen dira elkarte honetatik, adibidez:
- Formazioa. Euskal dantza irakasleen formaziorako jarduerak antolatu eta eskaintzen ditugu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Dantzan Ikasi programaren bidez.
- Kudeaketa. Gipuzkoako Dantzagunearen kudeaketan parte hartzen dugu Dantzaz elkartearekin eta Eragin enpresarekin batera osatzen dugun Ondare2.0 Aldi Baterako Enpresa Elkartearen bidez.
- Dokumentazioa. Euskal dantzaren artxibora begira euskal dantzaren milatik gora bideo-zinta digitalizatu eta dokumentatu ditugu.
- Ondare immateriala inbentariatzeko lanetan euskal dantzen fitxak egiten parte hartu dugu Zatak elkartearekin lankidetzan.
- Hitzaldiak. Euskal dantza eta kultura tradizionalaren inguruko hitzaldiak eskaintzen ditugu.
- Dantza ekitaldiak. Hainbat dantza ekitaldiren antolaketa eta kudeaketan parte hartzen dugu, hala nola Gipuzkoako Urrezko Dominaren ezpata-dantza Gipuzkoako Diputazioaren eskariz eta Ikerfolk elkartearekin elkarlanean edo Gaztemundu Dantzan programa, Eusko Jaurlaritzaren enkarguz, besteak beste.
- Aholkularitza. Dantzarekin lotutako aholkularitza, informazio eta dokumentazio zerbitzua eskaintzen dugu, bai emailez, bai telefonoz (943 53 04 40), bai Eibarren (Ubitxa 16 behea) dugun bulego nagusian.
- Komunikazioa. Dantzanen jarduerak oihartzuna du beste eremu eta medioetan, eta besteak beste Irulegi irratiarekin lankidetzan aritzen gara dantza-kontuan uhinetan zabaltzen.
- Dantzan. Dantzan elkartea 2020an: dantza sustatu eta hedatzeko lanak
- Marka. Dantzan markaren irudiak eta logoak.
- Dantzan.eus. Azken berrikuntza teknikoak eta aldaketak webgunean.
Dantzan
Ubitxa 16-18, behea // 20600 Eibar (kokapena)
+34 943 53 04 40
dantzari@dantzan.com