Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Dantzan Dokumentazioak sorkuntzan duen garrantziari buruz solasten

Dokumentuaren akzioak

Dokumentazioak sorkuntzan duen garrantziari buruz solasten

2019/12/13 08:20

Kultur jardueren dokumentazioan dauden beharrak, hutsuneak eta lorpenak partekatu ditugu Durangoko Azokan aurtengoan. Xenpelar Dokumentazio Zentroak antolatuta, Kultur sorkuntzen dokumentazioa, etorkizunerako apustua solasaldian hartu genuen parte. Helburua zen dokumentazioak sorkuntzan duen garrantzia agerian jartzea, eta hari horretatik tiraka, sektore bakoitzeko zenbait ikuspegi ezagutu genituen.  

Hizlari bakoitzak dokumentazioaren inguruko sarrera laburra egin zuen, hasteko. Antzerkitik, arte eszenikoen dokumentazio-zentro baten premiaz hitz egin zuen Idoia Gereñuk (EHAZE Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea), eta bide horretan, aurrerako pausutzat jo zituen aurten argitaratu diren zenbait antzerki-lanen eta sorkuntza-prozesuren testuak. Tolosako Txotxongiloaren Nazioarteko Zentroko Maria San Sebastianek beren zentroan egiten duten bilketa-lana azaltzean, jarduera zentraltzat jo zuen dokumentazioa. Ion Lopezek gogora ekarri zuen egungo Euskadiko Filmategia 40 urteko lanaren emaitza dela, eta  zinegile berriak laguntzeko Kimuak programa jarri zuen adibidetzat.

Xenpelar Dokumentazio Zentroko Ixiar Eizagirrek nabarmendu zuen bertsolaritzaren sorkuntzan funtsezkoa dela zentroan egiten duten lana. Bertsoaren inguruko edozein jarduera eta egile (saioak, bertsoak, doinuak bertsolariak gai-jartzaileak, etab.) jasota eta sailkatuta izateak bertsoa birsortzeko material agorrezina ematen die. Gari Otamendi izan genuen Dantzan.eus-eko ordezkaria, eta dantzaren alorrean dokumentazio zentro publikoa aspaldiko eskakizuna eta premia direla aipatu zuen. Gipuzkoako Dantzagunean ere aritzen den neurrian, adibidetzat jarri zuen Euskal Herrian dantza garaikidean aitzindaria izan zen Anexa konpainia, eta haren ibilbidea ezagutzeko dagoen zailtasuna, dantzaren dokumentazio zentro publikoaren gabeziagatik

Diziplina-arteko elkarlana

Sorkuntzen dokumentazio espezializatuan, elkarlanerako balizko aukerak zein izan zitezkeen galdetu zuen Nere Erkiagak. Maria San Sebastianek eta Idoia Gereñuk arte eszenikoen arloan zentro edota zerbitzu bateratua garrantzitsutzat jo zituzten, eta Gari Otamendik aipatu zuen kultura tradizionaleko hainbat jarduerak eta erritualek diziplina ugari bateratzen dituztela, maskaradak eta libertimenduak adibidetzat hartuta. Ixiar Eizagirrek aipatu zuen gaur egungo data-baseari esker jakin dezaketela bertso-saio bakoitza zein testuingurutan egin zen, eta horrek ere diziplina arteko jarduna erraz dezakela. Ion Lopezek, aldiz, "polizia lanetan, bila eta bila" aritu behar izaten direla nabarmendu zuen, gaur egungo ikus-entzunezko gizartean dagoen produkzio itzelagatik, egiten den guztia jasotzea ia ezinezkoa delako.

Partaide guztiek premiaz lantzeko gaia dela argi utzita amaitu zen saioa. Mintzolak saioan jasotakoen idatzizko hausnarketa egingo du.

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Dantzan

Dantzan

Dantzan elkartea 2002an sortu zen dantzan.eus (dantzan.com hasieran) kudeatzeko. Gaur egun euskal dantzaren inguruko informazioa, albisteak, bideoak, agenda eta bestelakoak sareratzen dituen dantzan.eus webguneaz gain, dantzaren lotutako beste zenbait jarduera burutzen dira elkarte honetatik, adibidez:

 

Dantzan

Ubitxa 16-18, behea // 20600 Eibar (kokapena)
+34 943 53 04 40
dantzari@dantzan.com