Deba eta Mutriku zubian eta sokan lotu dira dantzan

2023/11/25
Deba eta Mutriku zubian eta sokan lotu dira dantzan

Deba-Mutriku zubian Mutrikuko eta Debako herriak aurreskuan, soka-dantzan batu dira. 2018an, euriteen ondorioz, bi herriak lotzen dituen zubia hondoratzen hasi zen eta itxi egin behar izan zuten. Aurtengo ekainean inauguratu dute zubi berritua eta orain zubia birgaitzeko egindako lanek Europa Nostra 2023 saria jaso dute. Horren berri ematen duen plaka jartzeko ekitaldian soka-dantza dantzatu dute bi herrietako dantzariek, udal ordezkariek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura arduradunek, herritarrek eta zubiaren birgaitze lanetan aritu diren enpresetako ordezkariek.

Deba-Mutriku zubiko soka-dantza, 2023-10-27. Argazkia: Josu Garate CC-BY-SA

Deba-Mutriku zubiko soka-dantza, 2023-10-27. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Dantzan elkartearen gidaritzarekin eta Ikerfolk elkartearen gomendioak aplikatuz antolatu da bi herriak batzen dituen zubiaren gainean egin den soka-dantza hau. Mutrikuko Gure Ametsa eta Debako Gure-Kai dantza taldeek gidatuta dute dantza Debako Kalez kale txistulari taldearen doinura.

Zubiak ondare izaera du eta birgaitzean bi ikuspegiak, zubiak bi herriak lotzeko eskaintzen duen ezinbesteko zerbitzua eta ondare aldetik duen babes izaera kontuan hartu dira. Ekitaldian ere ondare izaerari erreparatu izan zaio, baina kasu honetan ondare immaterialari. Euskal Herriko herri gehienetan bezala Mutrikun eta Deban ere aurreskuan edo soka-dantzan dantzatu izan dira, dantzarako ohiko moldea izan da sokarena. Ba ote da modu hoberik bi herrien lotura irudikatzeko?

Deba-Mutriku zubiko soka-dantza, 2023-10-27. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Deba-Mutriku zubiko soka-dantza, 2023-10-27. Argazkia: Nerea Allika

Bi soka atera dira punta banatatik Gipuzkoako ereserkiaren doinura; eta bakoitzean aurreskuak eta atzeskuak dagokien herrietako dantzariak direla. Denak erdira iritsi eta bi sokak gurutzatu ondoren Mutrikuko eta Debako dantzari banak desafioa dantzatu dute aurrez aurre. Desafioa amaituta bi sokak batu dira eta zubiak osatu dituzte Mutrikuko herriaren doinura aurrena. Eta Debako martxarekin bukatu zuten dantza.