Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Komunitatea Aurtzaka dantza taldea Izurriteak ez dizkigu sokak eten

Dokumentuaren akzioak

Izurriteak ez dizkigu sokak eten

Izurriteak ez dizkigu sokak eten

Argazkia: Aurtzaka dantza taldea

Ez gara dantzatu gabe geratu. Ez da samurra izan, baina Loinatzetan ohikoak ditugun hiru dantza-sokak egin ahal izan ditugu, bakoitza bere uneari eta lekuari lotuta. Bitxia eta arraroak izan dira ekitaldiak, derrigorrez egokituak egoera berriari, baina ahal izan den neurrian tradizioak ekarri dizkigun lege eta protokoloei eutsita egin dugu. Murriztutako erritua sokaren aurrendariak ireki du txanda aldi bakoitzean, Azeridantza proposatu die soka osatu ohi duten segidako partaideei, eta dantzari guztiak dantzatu dira haren eredura edo irudira, atzeskuak soka itxi arte.

Igandean, Loinatz egunean, udal-agintariek hasi zuten txanda, azken 24 urteetan bezalaxe. Aitor Aldasoro alkateak udaletxeko batzar-aretotik abiatuta alkate-soinuaz plaza hartu zuen eta herriari dantzatu zion lehen Eskualdatzeko soinua. Haren jarraian zinegotzi guztiak dantzatu ziren, norberak aukeratutako lekuan, Beasaingo auzo eta etxe hainbatetan. Mikel Olano atzeskuak itxi zuen soka, herriko plazan bertan:

Astelehenean, Loinazko ezpata-dantzari txikien txanda izan ohi da, San Martingo baselizara egiten den prozesioa ezpata-dantzekin lagunduz. Aurten ezin izan da prozesiorik antolatu, gutxienez XIX. mendetik hona eguraldi txarrak bakarrik eten izan duen moduan. Baina ezpata-dantzaren ordez hurrengo egunean dantzatu ohi den dantza-soka egin dute dantzari txikiek. Kofradiako banderazaleak herriko ikurra dantzatu du goizean, eta ondoren, Markel Apaolaza lehen kapitainak egin du lehen Azeridantza. Haren lekukoa beste 32 dantzari-txikik hartu dute, batzuk etxeko balkoian, besteak euren auzoan eta beste batzuk Igartzako ingurunean, irudi ikusgarriak eskainiz. Enetz Izagirre bigarren kapitainak itxi du soka San Martingo elizaurrean bertan:

Asteartean Loinatz hirugarrenean plazaratu ohi den dantza-soka Mikel Sarriegi aurreskuak hasi zuen herriko plazan, azken 40 urte luzeen gisa berean. 30 dantzarik osatutako katea lotu zitzaion atzetik, kate malgua oraingoan derrigorrez, herriko eta herriz haraindiko hainbat dantzariz kordatua. Azken dantza gauzatu zuen Mikel Apaolaza atzeskuak eta dantzen sorta osoa itxi zuten Goizeresi taldeko txistulariek, Beasaingo Martxaren doinuak berriz ere datorren urtera arte udaletxeko aterpean gordez.

Datorren urtera arte eta Gora Loinatzak!

Dantza-sokaren inguruko albisteak

Goierri Telebista

Prentsa

Dokumentuaren akzioak

Erantzun

Erantzuna emateko identifikatu egin behar zara, gure webgunean erabiltzaile bat sortuz.

Aurtzaka dantza taldea

Aurtzaka dantza taldea

Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab. 

 

Aurtzaka dantza taldea

Garmendia Otaola 9

20200 Beasain

www.aurtzaka.com

aurtzaka@gmail.com