Dokumentuaren akzioak
"Tradizioak ematen dizkigun lanabesei heldu nahi diegu sokak eten ez daitezen"
Loinatz jaien atarian azken entseguekin beharko lukete Beasaien, baina aurtengoan festak bertan behera gelditu dira. Horrekin batera baita Loinatz jaietako dantzen ohiko formatua ere, baina beste modu batera bada ere, dantzatuko dutela azaldu digute Izaskun Salazar eta Mikel Sarriegi Aurtzaka dantza taldeko dantzari eta arduradunek.
Hiru dantza-soka dantzatzen dira Beasainen Loinatz jaietan. Aurtengoan ez dute dantzak prestatzen hasteko aukerarik ere izan, “pentsa, umeak Aste Santua baino lehen hasten dira entseatzen, baina hasi aurretik konfinatu ginen”. Gaztetxoek dantza-sokan parte hartzeko izena eman zuten eta erabakita zegoen nortzuk hartuko zuten parte, baina haurrei abisatzearekin batera konfinamendua hasiko zela erabaki zen. Itxialdiak eta segurtasun neurriek guztiz eragin die jaiei eta dantzen prestaketari. Hala ere, eredua birpentsatuta bada eta Beasaingo dantza-soken tradizioak aurten ez du etenik izango.
Segida luzeko sokak
Igande arratsaldean udal-ordezkariek soka ateratzen dute. “Etenaldi luzea izan zuen soka horrek, badakigu 1912an dantzatu zela. Gero 1997an berreskuratu zen eta 23 urtetan segidan dantzatu da”. Astelehen goizean prozesioa San Martin ermitara abiatzen da udal ordezkariek eta dantzariek lagunduta ezpata-dantza egiten dute dantzari gazteek, “1806koa da dokumentatuta dugun lehenengo data. Hori zita puntuala da, baina gero XIX. mende bukaeran nahiko segidan dokumentatuta ageri da urtero-urtero”.
Gero, astearte goizean gaztetxoek dantza-soka dantzatzen dute eta dantza hori ere XIX. mende bukaeratik dokumentatuta dago. “Gazteen ezpata-dantza eta dantza-sokari ez diogu ezagutzen etenik”, etenik gehienak 1936ko gerra inguruan izan dira gure tradizioan, baina Beasainen garai hartako dantza-soken argazkiak daude, “gerrak ez zuen puskatu soka”. Astearte arratsaldean, berriz, helduak dantzatzen dira sokan. 1979an ekin zioten soka horri, “garai baten espontaneoak ziren dantza-soken erreleboa hartu zuen soka horrek orain dela 40 urte”.
Etenik gabe eutsi nahi
Ikusita herrian duten ondarea, aurtengoan ere etenik gabe mantendu nahi izan dute beasaindarrek eta beraientzat hain inportantea den segida horri ahal den gutxien eragitea nahi izan dute, “etena izango da ohiko protokoloan, baina ordezko formatu batean zerbait egin nahi dugu. Garbi dago protokoloa bere horretan ezingo dela bete, baina tradizioak ematen dizkigun lanabesei heldu nahi diegu sokak eten ez daitezen”.
Askotan pentsatzen da tradizioa zurruna dela, baina azaldu digutenez tradizioak erremintak ematen dizkigu egokitzeko eta horietaz baliatu nahi izan dute. “Protokoloa legeak uzten duen minimoetara murriztuko dugu, baina ez gara geldituko dantzarik egin gabe. Saiatuko gara egunean bertan ohiturak eskatzen dituen egunak eta orduak mantentzen”. Asmoa da soka-dantza bakoitza egiten den egunetan plazan aurreskuak axeri-dantza dantzatzea eta ondoren gainerakoek segidan egitea dantza zati bera etxetik eta grabatzea. “Sokak ez dira existituko modu konbentzionalean, baina baliabide digitalekin egingo dugu lotura”. Gero, hiru dantza-soka edo aurreskuak bideo batean jasoko dituzte.
San Martingo ezpata-dantza, berriz, aurten bertan behera geldituko da “hori prozesioarekin doa eta bere protokolo eta testuingurua guztia ez dagoenez aurten bere horretan geratuko da”.
Dokumentuaren akzioak