Dokumentuaren akzioak
АУРЦАКА izan gara Bulgarian
Europan beste muturrera eta historian 2.000 urte atzera bidaiatu eta dantzatu dugu uda honetan, abuztuaren 1-5 bitartean Plovdiv hirian ospatu den XXIII. Nazioarteko Folklore Jaialdian. Eumolpia, Philippopolis, Pulpudeva, Trimontim, Puldin, Plovdiv… hiri beraren izenak dira, 8.000 urteetan zehar 7 muinoen ingurumarian 7 zibilizazioren egoitza izan den hirigune historiko eta ikusgarriarenak. Bertan utzi dute arrastoa traziarrek, mazedoniarrek, erromatarrek eta bizantiarrek, eslabiarrek, otomanoek, eta jakina, baita bulgarriarrek ere. Plovdivtarrek harro aldarrikatzen dute Europan bizirik mantendu den hiri zaharrenetakoa dela, zaharrena ez bada.
Horrelaxe iritsi ginen San Inazio egunez, antolakuntzak izendatutako hotelera, elkartu ginen Borko lagunarekin, ezagutu genuen hurrengo egunetan gure gidari zintzoa izango zen Sonya jatorra ere, eta jakin genuen gure taldearen izena “Аурцака“ zela zirilikoz idatzia.
Hurrengo egunean bertan goizetik ezagutu genuen hurrengo egunetan gure dantzen kokaleku izan behar zuen anfiteatro edo antzoki erromatar zaharra. Aho zabalik eta hitzik gabe utzi gintuen eraikin haren handitasunak, harmaila eta harlauzen patxadak, zutabe eta estatuen edertasunak. Hutsik ikusita ere zirrara sortu baldin bazigun, zer izango ote zen hura jendez beteta?
Antzokia Trajano enperadoreak eraiki arazitakoa omen da, 98-117 urte bitartean, eta egun 3.000 ikusletik gora sar badaitezke ere, jatorrian 7.000rentzako lekua ere ba omen zuen. Jatorrizko egitura ia osorik mantentzen da bada, eta ez hori bakarrik, hiriaren kultur-ekintzetarako oso erabilia da, gainera.
Gauean egin beharreko irekiera-ekitaldirako egin genuen entsegua baliatu genuen lehen kontaktua egin eta handitasun hari neurria hartzen hasteko.
Bederatzi talde izan ginen jaialdiko partaide: gurekin batera, Georgia, Armenia, Jordania, Kosovo, Montenegro, Txile, Brasil eta Bulgariatik bertatik etorritakoak. Irekiera-ekitaldian, olinpiar jokoen pare, bakoitzak bere banderapean egin genituen aurkezpen lanak lehendabizi, eta aukeratutako 15 minutu inguruko dantza-saioa talde bakoitzak. Gure Igartzako ezpata-dantzaren segizioak jarraitu zion Georgiarren dantza akrobatikoen saio ikusgarriari. Beasaingo Igartzako burdinolako aldaparoaren pare, antzokiaren oholtza zoragarri horretako harrizko txapalda erabili ahal izan genuen gure azkendari kapitainek dantza zezaten. Buruzagiak, zaldikoak, 6 kapitainek, 24 ezpata-luzeek eta banderazaleak osatutako segizio dotoreak oso gutxitan bezala distira egin zuen eszenatoki eta jendaurre paregabe horretan.
Nahiz eta hiri populatua izan (Bulgariako bigarren hiri handiena, 400.000 biztanle inguru) harrigarria egin zitzaigun jaialdian zehar ikusleak biltzeko duen ahalmenak. Aurtengo neguan Iñaki Zugastik dantzan.eus-en bulgariar inauteriei buruz egindako sarrera gogora arazi zigun (inauterietako Guiness errekorraren berri Bulgariako Pernik hirian) . Bulgaria musika eta dantza tradizionalaren arloan zein neurritako potentzia denaren neurria erakusten digu guzti honek, zalantzarik gabe. Hain da handia zaletasuna, jakin genuenez, egunero ospatu diren dantza-saioetara hutsik egin gabe joaten diren ikusle ugariei esker 3.000 edo 4.000 ikusleetik gora elkartu baitziren ilunabarrero.
Azken hau jakinik, eguneroko saioetarako dantza-egitarau desberdina antolatu eta aurkeztu genuen. Bigarren egunean, esku-dantza eta fandango/arin-arinen txanda izan zen. Bereziki hunkigarria gertatu zen neskatxen esku-dantzak osatutako soka zuri-zuria, greziar jainkosen gisan taularatzen ikustea. Ikusleen txalo zaparradei esker sentitu genuen gure dantzak gustokoak zituztela, azken batean, lurralde hartan ikustera ohituak daudenekiko "exotikotasun" puntu bat ere badutelako ziurrenik.
Goizean, hiriari bisita gidatua egiteko aukera izan genuen. Hiriko ikusgarri eta museo ugarien artean, garrantzitsuenetako bat da Etnografia-museoa, guretzako derrigorrezko bisita behar zuena. Eraikin tradizional eder batean kokatua, oso modu txukunean erakusten dituzte Bulgaria guztiko bizi-ohitura eta folklorearekin zerikusia duen oro. Bisitaren aurretik bertako arduradunak azalpen orokor bat ere egin zigun.
Hirugarren egunean, eskualdeko beste hiri batera egin genuen bisita, Peshtera delakora, eta bertan eskaini genuen gure saioa Txiletar eta Kosovoarrekin batera. Igartzako ezpata-dantza eta brokel-dantzak (brokelak, makila handiak eta uztai txikiak) eta Zuberoako maskaraden txanda izan zen.
Ostiralean, abuztuak 4, udal-agintariek harrera ofiziala egin ziguten Udaletxean. Ohiko opari trukaketa egin genuen (Jaialdian zehar buruzagiak erabilitako makila izan zen gure oroigarria) eta bertan gogorarazi ziguten 2019an Plovdiv hiria Europako Kultur Hiriburu izendatua dagoela. Ikusitakoak ikusita ez daukagu zalantzarik, urte horretako egitarauan tradiziozko kulturak presentzia nabarmena izango duela.
Ilunabarrean antzoki erromatar zaharrera itzuli ginen, oraingoan, Luzaideko bolanten dantzak eta kontradantzak erakutsiz.
Aipatzeko modukoa da, gainontzeko herrialdetako taldeen errepertorioan oraindik ere generoaren ikuspuntutik rolek zein bereiztuak jarraitzen duten. Ez genuen gai honi buruz beste taldeekin hitz egiteko aukerarik izan, baina gure gidari bulgariarrak bai adierazi zigula oso begi onez ikusten zuela, baita enbidiaz ere, emakume eta dantzari gisa, gure zenbait dantzetan generoaren marka ezabatua egotea.
Ostiraleko afalondoa aprobetxatu genuen gurekin hain modu arretatsu, eraginkor eta maitagarrian portatu zen Sonya gidari-lagunari esker oneko oparitxo bat egiteko.
Larunbata izan zen azken eguna, eta Jaialdiko itxiera-saioak laburra izan behar zuen denon parte-hartzea bermatzeko. Antzokia gainezka zegoela, Igartzako uztai-txikiena eta Zuberoako gabota eta godaleta dantzatu genituen. Talde bakoitzaren agurra eta zuzendari artistikoen azken hitz inprobisatuekin bukatu genuen. Partaide guztiek ikusleekin batera osatutako Horo (bulgariar soka-dantza) jendetsu eta alaiarekin eman zitzaion amaiera, su artifizialak eta guzti. Azken soka-dantza honek esangura berezia omen du bertaratzen diren zaletu guztientzat, ohore handitzat baitaukate jaialdiko "izarrak" izan diren dantzariekin batera dantzatu ahal izatea. Eskatu zizkiguten argazki pila ere, horren erakusgarri dira.
Guretzako benetako amaiera larunbateko ospakizunaren luzapena izan zen. Hurrengo egunean dena txukun eta egoki jasotzen lanak! Autobusean zain geneukan puntual asko gure "Hogeitamabost" txofer serbiar zintzoa, Euskal Herrirako bidean jartzeko.
Oraindik ere, nahiz eta aste batzuk pasa diren, gogoan luze iltzatuta iraungo diguten bizipen horiek ezin izan ditugu uxatu.
Argazkiak Patxi Goikoetxearenak dira. Hemen laburpen bat
Stoian Stoianov argazkilariak ere argazki sorta zoragarriak argitaratu zituen bere facebook kontuan
Ugariak dira Jaialdiaren zaleek sareratu dituzten bideoak ere:
Gure irekiera-eguneko dantza saioa hemen ikusi daiteke
Abuztuaren 1eko Irekiera ekitaldi osoa hemen ikus daiteke. Gure saioa 26. minutuan hasten da.
Gure itxiera ekitaldiko saioaren uztai-txikiena, gabota eta godaleta.
Dokumentuaren akzioak
Erantzun
Aurtzaka dantza taldea
Beasaingo dantza taldea. Izen honekin 1979 urtean sortua, aurretik urte askoan lanean ari ziren "Goierri" eta "Salleko Adiskideak" taldeen elkartzearen ondorio. Gipuzkoako Goierri eskualdeko dantzari eta musikariz osatua. Batez ere gure eskualdeko dantzak lantzen ditugu, herrian bertan usadiozko bihurtu diren hainbat ekitaldi bultzatu eta sustatzeaz gain: dantza-sokak Loinatzetan, Igartzako ezpata-dantza, Sanjoanetako esku-dantza, etab.
Aurtzaka dantza taldea
Garmendia Otaola 9
20200 Beasain
www.aurtzaka.com
aurtzaka@gmail.com
Jasotako azken erantzunak
- Iñaki Zugasti on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Aurtzaka dantza taldea on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Oier Araolaza on АУРЦАКА izan gara Bulgarian 2017/09/04
- Agurtzane Agirre Mujika on Joseba 2014/11/08
- Emak Bakia Dantzan on Joseba 2014/11/08
- Jon Goya on Joseba 2014/11/08
- Aritz Ibañez Lusarreta on Joseba 2014/11/08
- Izaskun Salazar on Joseba 2014/11/08
- Oier Araolaza on Joseba 2014/11/08
- Mikel Sarriegi on Joseba 2014/11/08
Jaialdi gehienetan ohikoa den moduan, bidaia gure kontu, baina kasu honetan bertako egonaldia antolatzaileen esku izan da, oso baldintza onetan, 6 egunez. Bertan mugitzeko autobusa ere behar izan genuen. Guztira 11.000 euro inguru, 33 pertsonen hegaldiak, materiala bidaltzea eta autobusa.
Euskal herriko laguntza merezi duzue!