Dantza irakasleen gaikuntzen korapiloa mahai gainean

2026/04/23
Dantza irakasleen gaikuntzen korapiloa mahai gainean

Idoia Lahidalga, Patxi Laborda eta Josu Garatek dantza irakasleen gaikuntzen inguruko eztabaidarako atea ireki dute Dantzan Topaketetan. EAEko Musika eta Dantza Eskoletako euskal dantza irakasleen gaikuntza sistema berriaz aritu dira, lehen pertsonan bizi izan baitute azterketa fasea; azken biek epaimahaikide gisa eta Lahidalgak azterketa egin behar izan du.

Dekretu berriaren arabera EAEeko Musika eta Dantza eskoletan euskal dantza ematea derrigorrezkoa da eta horretarako irakasle tituludunak exijitzen dira; baina euskal-dantzako titulaziorik ezean irakasleak dantzako klaseak emateko gai direla frogatzen duten gaikuntza frogak egin dira. Gaia mahai-gainean ipini bezain pronto ireki da eztabaida bertaratutakoen artean.

Araudia eta paradoxa

Hasteko, Garatek azalpena eman du testuinguruaz: “Duela urte eta erdi-edo atera zen Musika eta Dantza Eskolen dekretu berria, eta lehenengoz dantza ate nagusitik sartu da. Hau da, lehen Musika Eskolak zirenak, orain Musika eta Dantza Eskola izan daitezke, eta hori arautu da”. Baina lorpen horrek kontraesan nabarmenak ekarri ditu; “dantza estiloak sartzen dira, klasikoa, garaikidea… baina guk, euskal dantzan, titulaziorik gabe jarraitzen dugu”.

Josu Garate, Idoia Lahidalga eta Patxi Laborda, Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Gorka Bravo - Dantzan CC-BY-SA

Horren aurrean, administrazioak irtenbide bat proposatu du: azterketa. “Dekretuak dio titulaziorik ez dagoen bitartean administrazioak urtero deialdi bat egingo duela, eta azterketa bat gainditu beharko duela eskolak eman nahi dituenak”. Labordak prozesuaren inguruan izan dituzten kezkak azaldu ditu; “hasieratik argi genuen eskatzen ari ginela existitzen ez zen zerbait. Gaitegi bat egin genuen, baina ez dago bibliografiarik, ez dago testu-libururik”.

Idoia Lahidalga eta Patxi Laborda, Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Gorka Bravo - Dantzan CC-BY-SA

Eta baloratzeko sortu zaizkien kontraesanak eta zailtasuna ere zehaztu ditu: “Jakiteko modu asko daude: dantza taldeetan bizitakoa, ikusitakoa, entzundakoa… baina horretarako paisaia bat behar duzu, konparatzeko, ulertzeko. Eta hori nola neurtu azterketa batean?”. Parekotasunaren arazoa ere mahai gainean jarri du: “Eskatzen ari ginen gaikuntza hori izan behar zen parekidea gradu batekin. Eta hori ezin da oparitu, zerbait eskatu behar da”.

Presioa eta deserosotasuna

Lahidalgaren testigantzek prozesuak sortu dizkion beldur eta deserosotasuna erakutsi ditu: “Nik bizi izan dudana hasieratik oso inkomodoa izan da. Lan egiten dudan musika eskolako zuzendariak esaten zidan: Idoia, aprobatu behar duzu gaikuntza, bestela ezin dizugu ordaindu, eta ezin izango dituzu klaseak eman”. Eta horrek barne gatazka sortu dio: “Nik pentsatzen nuen: hau ez badut gainditzen, benetan ez naiz kapaza klaseak emateko? Hor hasten da borroka bat barruan”. Azterketaren egiturak berak ere ezinegona sortu dio: “Gaitegia ikusi nuenean, bederatzi puntu horiek… pentsatu nuen: ni ez naiz kapaza hau aprobatzeko, nire kontratua hemen bukatuko da”.

Praktikaren unea bereziki gogorra izan dela azaldu du: “Ematen zuen txapelketa batera nindola, zuek eserita eta ni zuei begira fandango bat dantzatzen… imajinatu zein egoera arraroa denontzat”. Labordak ere epaimahaikide gisa bizitakoa ez dela oso erosoa izan aitortu du: “Guretzat ere marroi bat izan zen. Egin behar zen eta norbaitek egin behar zuen, baina argi genuen zaila zela”.

Idoia Lahidalga eta Patxi Laborda, Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Publikoan badira azterketara aurkeztu diren dantza irakasle batzuk, eta haiek ere antzeko sentipenak plazaratu dituzte. Batek dio; “gaitegia ikusi nuenean esan nuen: hau ez dut probatu behar. Ez nekien nondik atera informazioa”. Beste batek, berriz, “dakizkit gauzak egiten, baina ez dakizkit azaltzen". Prestaketa falta ere salatu dute; “ez genekien zer eskatzen zen: unitate didaktiko bat, klase bat, urte osoko programazioa… ezjakintasun handia zegoen”. Hala ere, azterketaren unean sorpresa positiboa izan zuela aitortu du beste batek: “Galderak ikusi nituenean pentsatu nuen: eskerrik asko, hau egingarria da. Gaitegiarekin alderatuta, logikoagoa izan zen”.

Balantzea, estrategiak eta etorkizuna

Eztabaidak balantze konplexua utzi du; sistemaren gabezia nabarmendu da, baina alde onak ere atera dira. Labordak positiboki ere begiratu nahi izan du, “froga honetara aurkeztu direnak egon dira denbora bat dantzaren inguruan pentsatzen, irakurtzen, bere ingurua antolatzen… eta hori ez da gutxi”. Eta aurreko sistemarekin alderatuta badagoela hobekuntza uste du: “Lehen gaikuntzak oparitu egiten ziren. Orain, behintzat, prozesuak momentu bat eskatzen du pentsatzeko eta ikasteko”. Lahidalgak ere bere esperientziatik ondorio positiboa ateratzen jakin du: “Egia da aukera eman didala uda honetan gai horien inguruan zerbait irakurtzeko, eta gero klaseak ematerakoan ere beste begi batzuekin begiratzeko”.

Idoia Lahidalga eta Patxi Laborda, Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Publikotik irakurketa zorrotzagoak ere etorri dira. Parte-hartzaile batek honakoaa iradoki du: “Estrategikoki aukera izan zitekeen denak suspenditzea, benetako arazoa agerian uzteko eta titulazioaren beharra indartzeko”. Eta beste batek prestakuntza egituratuaren beharra azpimarratu du: “Gaitegia garatu behar da, bibliografia sortu, bestela jendeak ez dauka nondik heldu”. Hortik, proposamen zehatzak ere jarri dira mahai gainean: prestakuntza saioak, mintegiak edo dantza komunitateak berak sortutako ibilbide bat.

Dantzan Topaketak, Eibar, 2025-11-22. Argazkia: Gorka Bravo - Dantzan CC-BY-SA

Amaieran, Garatek ikuspegi zabalagoa eskaini du: “Honek ekarri gaitu inoiz baino gertuago hezkuntzako eragileetara, eta horrek aukera bat ematen digu eragiteko, titulazio bat lortzeko bidean”. Azterketa hauek titulaziora urratsa direla ikusi nahi du: “Korapilo hau askatzen hasi gara, baina hemen dago oraindik. Pentsa dezagun hau behin-behinekoa dela, eta hemendik aurrera titulazioa eraikitzen joango garela”.

Dantzan Topaketak 2025