Dantzaren ikerkuntzari eta material didaktikoen sorrerari bultzadatxoa

2022/09/28
Dantzaren ikerkuntzari eta material didaktikoen sorrerari bultzadatxoa

Gipuzkoako Dantzaguneak sustatutako Sortutakoak Tradizionala deialdian hautatu diren proiektuen berri eman du Gari Otamendik: Jon Olazkuagaren La Pamperruque dantzari buruzko ikerketa lana eta Aritz Ibañezen Dantzaren ikasketan laguntzeko sareko ikus-entzunezko baliabideak izeneko proiektua. "Dantzagunea dantza zerbitzua da eta dantza mota guztiei irekitako zerbitzua da" esanez hasi du Gipuzkoako Dantzaguneari buruzko aurkezpena Otamendik Dantzan Ikasi topaketetan. Dantzagunearen helburu eta jardun orokorraren kokapena eginda aurtengo Sortutakoak Tradizionala bekan zentratu da: “Ikerketa eta sorkuntza izan dira bi lan ildo nagusiak orain artean, baina deialdi honetan material didaktikoa sortzeko proiektuak laguntzeko beste lan ildo bat ere ireki dugu”.

Garikoitz Otamendi eta Aritz Ibañez, Dantza Ikasi topaketak, 2022-05-21. Argazkia: Josu Garate- Dantzan CC-BY-SA

Pamperruqe, XVIII. mendeko Baionako karrika-dantza

Jon Olazkuagaren “La Pamperruque” lana izan da ikerketa edota sorkuntza ildoan hautatutako proiektua. Olazkuagak orain arte eginikoa eta datozen urratsak azaldu ditu Otamendik.

Jon Olazkuaga, 2021-02-27. Argazkia: JOsu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Baionan XVIII. mendean egiten zen La Pamperruque dantzaren inguruko ikerketa-lan eginda dauka Jon Olazkuagak kiden den Maritzuli konpainiaren babesean. Lanketari segida eta, batez ere, oihartzuna ematea du helburutzat orain, “bere helburua nahiko zabala da, berreskuratze horretan bai sartzen direlako dantza bera egitea, egindako lan hori idatziz jasotzea, dokumentatzea eta erakustea”.

Bere garaian dantza honen errepresentazio bat egin zuten, eta horri beste buelta bat ematen ari dira. Izan ere, Olazkuagak eta Maritzuliko kideek hausnarketari garrantzia handia ematen diote: idatzita dagoen dantza tradizional bat berriz egitea zer den, nola den, zer egin behar den, nola jaso behar den... Olazkuagak topaketetan ezin izan parte hartu, baina apirilean Dantzan Ikasi barruan bere ikerketaren nondik norakoak azaldu zituen, modu teorikoan zein praktikoan.

Pamperruque, Dantzan Ikasi, Gipuzkoako Dantzagunea, Errenteria, 2022-04-26. Argazkia: Josu Garate - Dantzan CC-BY-SA

Zortziko eta dantza-jauzien tutorialak

Material didaktikoa sortzeko deialdian Aritz Ibañezek Euskal Kultur fundazioaren izenean, aurkeztutako proiektua aukeratu da. Proiektu honen funtsa bideo tutorialen bitartez dantza sistema ezberdinen ikasketa modu sinplean eta progresiboan garatzeko baliabideak eskaintzea da”, azaldu du Ibañezek berak. Proiektuak zabalagoa izateko asmoa du, baina laguntza honen bidez zortziko eta dantza-jauzien irakaskuntzan laguntzeko zenbait bideo-tutorial egingo ditu.

Aritz Ibañez, Dantza Ikasi topaketak, 2022-05-21. Argazkia: Oier Araolaza- Dantzan CC-BY-SA

Ibañez jakitun da bideo tutorialek edo halako ikus-entzunezko baliabideek ez dutela aurrez aurreko ikasketa ordezkatzen, baina “errealitate garrantzitsua da gaur egun, batez ere gazte jendearen artean”. Horrez gain, uste du dantzaren ikasketa osatuago baterako ere interesgarria izan daitekeela, “askotan aipatzen da material pedagogikoaren faltan gaudela eta honek izan nahiko luke aletxo bat gabezia horretan ekarpen txiki bat egiteko”.

Tutorialak sortzerakoan Aikok edo Maritzulik landutako pedagogian oinarrituko dela dio Ibañezek, “hizkuntza baten gisa ulertuko bagenitu sistema horiek silabetatik abiatuz eta poliki-poliki silaba horiekin hitzak sortuz, hitz horiekin esaldiak... Ea gai izaten ahal garen lengoaia horiek edo hizkuntza horiek menperatzeko”.

Dantzan Ikasi Topaketak 2022