Iñaki Arregi: “Dantzari onak teknika ahazten du”
Euskal dantzaren estiloari erreparatu dio Iñaki Arregik, Argia eta Ikerfolkeko kideak Dantzan Ikasi topaketetan. Horretarako, esperientzia pertsonaletik abiatu da, eta dantzari ibilbidean erreferente izan dituen Iñaki Gordejuelari eta Juan Antonio Urbeltzi esker ikasi, ikusi eta bizitakotik hainbat gogoeta egin ditu. Argiak, estiloaren esparruan markatu duen bideari heldu dio, zazpi kontradikzio edo argi itzalen bidez azaldu du hori, kontrakoak laguntzen digulako, maiz, adierazi nahi dena ondoen agertzen.
Organiko vs. Zurruntasuna
Dantza pelikularako prestaketa lanetan, Argia taldearen bideoak errepasatzerakoan filmaren lantaldeko bati atentzioak eman omen zion dantzariek dantza egiteko zuten modu organikoak. Terminoaren definiziora joan da: "Mugimendu naturala, jariakorra, harmonikoa, askea eta orekatua. Tentsioetatik eta blokeoetatik libre dagoena, gorputz sentikor, malgu eta adierazkorraren adierazpena dena". Hori ikusita “bide onetik ginela sentitu nuen” dio Arregik.
Kontrako aldean, “zehaztasunaren eta bikaintasunaren bila joan eta dantzari zurrunak eta agian tenteegiak” aurkituko genituzke. Bestalde, “zorigaitzez, manierismoan bilatu nahi izan da zurruntasunak duen espresio falta itxurakeriaz betetako mugimenduen segida”, maiz “gaizki ulertutako eredu akademikoak” erreferentzia bezala hartuz. Mundu tradizionalean aritu eta aritzen diren dantzariak aldiz “modu naturalean eta konturatu gabe irteten den mugimenduez” osatzen dute beraien dantza.
Utzi entseatzeari eta hasi dantzan
Energia eta bizitasuna vs. Teknika eta zehaztasuna
Teknikari eta zehaztasunari heltzen diogu “eta maiz horrek hoztasuna dakar, eta ez dio ematen arima dantzari”. Bizitasunari eusteko musika izan daiteke akuilu eta haren arima barneratzea garrantzitsua dela dio Arregik: “Musika arimarekin jotzen bada eta tenplea badauka, behartuta sentitzen zara urratsak tenple horretara atxikitzera”. Bestetan, konpasek markatzen duten urratsen inertzia geldoa hautsi eta egin ahala bideratu ahalik eta urrats biziez horiek betetzen, adibidez Iztuetak Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia (1824) liburuan azaltzen duen lehen zortzikoko aldaira batean bezala. Bide horietan “dantzaria beti limitean jarri behar da”. Horrela, puntu horretara heltzean “ez da hain garrantzizkoa urratsen akabera edo exekuzio baten perfekzioa, dantzak arima izango badu”.
Kontrolak segurtasuna eman baina, benetakotasuna kentzen du
Teknika vs. zabarkeria
“Berezko dantzari elegante prestuak gutxi dira, dantzaria egin egiten da”, bizitasunaren aldeko apustua eginda, zabarrak izan nahi ez badugu, teknika ere inportantea dela uste du Arregik. Prestaketa sistemaren beharra eta errepiken jarduera ezinbestekoa da. Gure tradizioan hain erroturik ditugun eta dantza-maisuen bidez jaso ditugun dantza preklasikoek eskaintzen diguten marko pedagogikoa erreferentziazko modelo ezin hobea izan daiteke.
Sistema akademikoak, bere arriskuez jakitun garen neurrian, lagungarriak izan badaitezke ere, sarritan gehiago balio izan dute euskal dantzen itxura aldatzeko beste edozertarako baino. Esaten denez “pianista ona teknika ahazten duena omen da”, beraz, dantzariok badugu zer ikasia esaldi horretatik Arregiren iritziz.
Dantzari onak teknika ahazten du
Lurra vs. Zerua
"Guk dantza egiterakoan, salto egiten dugu lurra bilatzeko ahalik eta azkarren", grabitatearen aurrean aldarte aktiboa hartuz. Gureak dantza telurikoak dira, dantza lurtarrak, zeruaren bila baino lurrari itsatsiak daudenak. Dantza “telurikoen” indarra eta dirdira gure egiten dugu.
Euskal dantzek, beste hainbat dantza tradizionalek bezala, lurrera bideratzen dute bere energia. Inguruan eta harago ditugun dantzak ikusmin pixka batekin begiratu besterik ez dago horretaz jabetzeko. “Azentu koreografiko” terminoa erabili izan dugu urratsak, bere eboluzioan, non proiektatu behar duen bere energia azaltzeko eta lurra izaten da maiz energia horren hartzailea. Errumaniako dantzari mirestuek, calusariak dioten moduan:
Tinka zaitez lur, calusari batek zapalduko zaitu eta
Asmoa vs. Noraeza
Estiloari buruz ari garenean asmoa oso garrantzitsua dela dio: "Asmoak emango dio egiazkotasuna eta benetakotasuna dantzariak egiten duenari". Hobeto ulertzeko, pilotariaren eta dantzariaren arteko konparaketa egin du: "Pilotariak pilota jotzerakoan sortzen dituen formak erakargarriak zaizkigu, baina zergatik? Pilota jotzeari bideratzen du pilotariak bere indarra, hor jartzen du gogoa eta horren ondorioa da beste guztia". Horrek egiten du pilotariaren mugimenduak ederrak izateaz gain, benetakoak izatea. Asmoak mugimendua definitzen du eta sakontasuna ematen dio. Arregik uste du irudi hori oso baliagarria izan daitekeela dantzariaren mugimenduen dinamika bideratzerakoan alegia, "zein da egiten ari naizen mugimenduaren asmoa?".
Pelotariak nola, dantzariak hala
Eredua vs. Inbentoa
Ereduetatik edatea eta horiek lantzearen garrantzia nabarmendu du, "Gure dantzak eta gure estiloa, mundu zabalean dauden hainbat kultura koreografiko eta erritualekin partekatzen dugula esan dezakegu. Hor ditugu gure ereduak eta bertara zuzendu behar dugu gure jakin-mina”, dio Arregik. Aurretik gure lan esparrua garbi edukitzea garrantzizkoa da. Arregirentzat, euskal dantza da abiapuntua; hor da gure dantza tradizionala, eta, gero, tipula baten geruzak nola, gure ezagutza bideratu barrutik kanpora.
Oinarrizko ezagutza indartsu baten beharra
Proportzionaltasuna vs. Gehiegikeria
Dantzaren oreka bilatzen badugu neurritasuna oso da inportantea; Antzinako maisuek “mesura” deitzen zioten horri. Urrats deigarri eta ikusgarriez aldairak gehiegi betetzeko ohitura, bere ustetan okerraz, jardun da Arregi, adibide batzuk emanaz. Kontrastea bilatzeak eman dezake proportzionaltasuna aurkitzeko modu bat. Zuria ez da ikusgarri beltza ez badu ondoan. Ildo beretik keinuen edo jestuen erabilpen neurrikoa ere garrantzizkoa dela dio Arregik, eta zenbait adibide eman ditu zentzu horretan: Imotzeko esku-dantzan saltoak eta txaloak egiten diren momentuko txistua sistematikoki errepikatzen denean esaterako. Keinuak momentu bat azpimarratu nahi du, eta asmo hori galdu egiten da etengabe errepikatzerakoan.
Dantzanen jasotako artikulu eder batean Jose Zarragak “Eperrak” zioen:
Los “aurreskularis” jóvenes hacen demasiados giros y contorsiones, rodeos violentos, piruetas inverosímiles. Nosotros, en nuestro arte, tenemos una palabra para explicar esa hinchazón y abarrocamiento del baile. Decimos que son “giribillas” Bere hitz horiek gogoan:
Dantzak ez du “giribillen” beharrik
Dantzan Ikasi Topaketak 2021
- Iñaki Arregi: “Dantzari onak teknika ahazten du”
- Maitane Eyheramonho: "Euskal dantzak biziarazi behar ditugu eta dantzen ekosistema horretan kokatu"
-
Patxi Laborda: "Interesgarria da ulertzea musika irakasten ari naizela gorputzaren bidez"
-
Jon Iruretagoiena: “saltoan atez ere lurreko fase guztia da garrantzitsua”
-
Maite Irizar: "Aurreko belaunaldiekiko zor morala sentitzen dugu, eta orain guri dagokigu ondorengoei erakustea"
-
Kronika orokorra: Dantzaren transmisioan dihardutenen biltoki izan dira Dantzan Ikasi Topaketak






