Ixone Aroma: “Garrantzitsua iruditzen zaigu ikastetxean ikasten den hori plazan egitea”
“Euskal dantza, gure gorputz hizkuntza” da Igorreko Arratia institutuan martxan jarri nahi duten DBH 4rako hautazko ikasgaiaren proposamena. Ixone Aroma da egitasmoaren bultzatzaile nagusia, eta Dantzan topaketetan orain arte egindako bidearen berri eman digu.
Aromak hitzaldia hasi du proiektu hau garatzeko izan dituen hiru konplizeren hitzak mahai gainean —edo, hobeto esanda, pantailan— jarrita. “Hiru konplizeen ideiekin hasi ginen buruan amets honi forma ematen”, azaldu du, eta ondoren orain arte emandako pausoak kontatzen hasi da.
Euskal dantza ikasgaiari forma ematen
Ikasgaia hautazko gisa planteatu dute; hautazkoek astean 55 minutuko bi saio izaten dituzte. Azaldu du hautazkoen zerrenda luzea dagoela, konpetentzia handia da, eta zerrenda horretan ikasgai bat txertatzeko “irakasleen gogo eta jakintza behar da, gero hezkuntza-komunitatearen hobespena, eta azkenik, ikasleen matrikulazioa”. Gutxienez 15 ikasle behar dira ikasgaia aurrera ateratzeko, eta momentuz ez dute kopuru hori lortu. “Kontuan hartu behar da ikasle bakoitzak hautazko bakarra aukera dezakeela”, hala ere, datozen urteetara begira lanean jarraitzeko asmoa dutela adierazi du.
Curriculumean konpetentziak txertatu behar izan dituzte, eta lan hori zerotik hasi beharrean, “errazena iruditu zitzaigun aurretik forma hartua duten bi ikasgai uztartzea: arte eszenikoak, alde batetik, eta euskara eta literatura, bestetik”.
Konpetentzia horietan oinarrituta, hiru helburu nagusi zehaztu dituzte. Lehenengoa, ikasleek euskal dantza zer den ulertzea: “Zer da euskal dantza? Zein ezaugarri ditu gure gorputz-hizkuntzak?”. Bigarrena, dagokion euskal dantza tradizioa ezagutzea, testu zahar eta klasikoetatik abiatuta. Eta hirugarrena, dantzan trebatzea. Urtez urte planteamendua moldagarria izango litzatekeela azaldu du, ikasleen ezaugarrien arabera egokitu beharko dela argi dute.
Hiru ebaluazio pausoka-pausoka
Ikasturtea Etxepareren Sautrela eta Kontrapas testuetatik abiatuta hastea aurreikusten dute. Halaber, Jakin aldizkarian argitaratu zen Aritz Ibañezen Jalgi hadi dantzara! Jalgi hadi plazara! artikulua interesgarria izan daitekeela uste dute, eta hortik branlea dantza lantzea proposatzen dute; ikusten du irradakak, jauziak, mutil-dantzak eta soka-dantzak ere aukera egokiak liratekeela; baina kalkulatu dute urtean 22 saio inguru izango liratekeela; beraz, badakite dantza guztiak lantzeko astirik ez dela izango, eta aukeraketa egin beharko dutela. Lehen ebaluazioaren amaierako ataza gisa, bertsolaritzako ikasleekin elkarlanean borobileko dantza bat prestatzea proposatzen dute, dantza eta kantuak ikasleek osatuta.
Bigarren ebaluazioan bikote dantzek hartuko lukete protagonismoa. Hemen Lazarragaren eskuizkribuak aipatuko lirateke, era berean, Frai Bartolomek jasotzen dituen dantza eta bekatuen inguruko gogoetak landuko lirateke. “Garrantzitsua iruditzen zaigu ikastetxean ikasten den hori plazan egitea”, beraz Larrain dantza ere sartzea proposatu dute, “Igorreko jaietan txupinazoaren ondoren urtero egiten delako eta herritarren parte-hartze handia duelako”. Bestalde, Arratiarako proposamena izanik, jotari ere erreparatu nahi diote, eta “fandangoa eta arin-arina ulertzeko modua pixka bat berrikusi”. Horretarako, Jotamentala dokumentala erabiliko lukete, eta ebaluazio honetako azken ataza gisa fandangoa eta arin-arina dantzatzea eta inprobisatzea proposatzen dute: “Koreografia bat ikastea baino interesgarriagoa iruditzen zaigu jolas horretan trebatzea”.
Azken ebaluazioan ezpata-dantzan jarriko lukete arreta. Arratian molde horretako erritu-dantzarik ez dagoen arren, Durangaldearekiko gertutasuna kontuan hartuta, errepertorio egokia izan daitekeela uste dute. Alexander von Humboldt ikerlari prusiarrak XIX. mendearen hasieran Durangaldea bisitatu eta bertako dantzei buruz idatzitakoa aztertzea proposatzen dute. Era berean, Juan Antonio Urbeltzen Los bailes de espadas y sus símbolos lana ere baliagarria izan daitekeela ikusi dute. “Badakigu buruan dugun eduki guztia ezin dela guk nahiko genukeen bezala landu, baina gutxienez zertzelada batzuk ematea interesgarria dela iruditu zaigu”. Azkenik, parekidetasunerako bidean azken urteetan jarraitutako urratsak ezagutzeko, Iurretan ekoiztutako Jantzari dokumentala ikusiko lukete. Ebaluazio honetako ataza nagusiak honakoak lirateke: bi dantza aukeratzea, testuinguruan kokatzea eta taldekideei aurkeztea.
Ikasturtea borobiltzeko, soka-dantza bat proposatzen dute, derrigorrezko ikasketen etaparen amaiera sinbolizatzeko baliagarri izango zaiena; “agur-festa egiten da, eta hor egoki txertatu daitekeela uste dugu”.
Dantzan Topaketak 2025
- Jon Sarasua: “Herriak gorputzetik pasatzen duen kulturaz ari gara”
- Julen Agirre: “Euskaraz aritzea esaten dugunean ez da bakarrik hitz egitea”
- Ixone Aroma: “Garrantzitsua iruditzen zaigu ikastetxean ikasten den hori plazan egitea”
- Alaia Cachenaut: “Emazteen rola ez da pasiboa izan”
- Arabako dantza taldeen argazkia: konpromisoa, kezkak eta erronkak
- Patxi Montero: “Dantza zaletasuna landu behar da, hori gabe hurrengo guztiak ez dauka lekurik”
- Dantza irakasleen gaikuntzen korapiloa mahai gainean


