Patxi Montero: “Dantza zaletasuna landu behar da, hori gabe hurrengo guztiak ez dauka lekurik”
"Euskal dantzako ibilbidea haurrekin" proiektua aurkeztu du Patxi Monterok Dantzan Topaketetan; Gipuzkoako Dantzaguneko Sortutakoak Tradizionala 11 diru-laguntzetarako hautatutako proiektuetako bat izan baita. Helburu argia du Monterok: haurrek euskal dantzan egiten duten ibilbidea modu egituratuan lantzeko oinarriak finkatzea.
Dokumentaziotik egiturara
Proiektuaren lehen fasean egindako lana bigarren faserako oinarri izan dela dio: “egitasmoa definitzea, aholku eta jarraipen batzordea sortzea eta dokumentazio lanak izan dira ardatzak”. Baina, batez ere, begirada bat eraikitzeko balio izan dio: haurren dantza-prozesua nola ulertu, zer zaindu eta zer falta den identifikatzeko. Lan hori pixkanaka egin du urteetan; materiala bildu du eta ikuspegi pedagogikoa elikatu du.
Sortutako eduki horren zati bat Dantzaneko komunitatean partekatu duela azaldu du, Haurrak haurrak profilean, “hor agertzen dira hainbat pista, nondik nora doazen nire sentsibilitate edo ezinegonak”. Orain, bigarren faseak aurreko hori guztia antolatu eta konkretatzea du helburu; “orain proiektua zehatzagoa, mugatuagoa izango da”.
Zer, nola eta zertarako
Une honetan proiektuaren muina lantzen ari da; “haurrek euskal dantzan egin beharreko ibilbidea gidatzeko tresnak sortzen”. Horretarako, oinarrizko irizpide pedagogikoen dekalogoa osatu nahi du; hau da, irakasle edo eragileentzat gida moduko bat, erabakiak hartzerakoan oinarri batzuk eskaintzeko. “Helburua da haurrekin Euskal dantzaren ibilbidea egiteko orduan oinarrizko irizpideen dekalogoa osatzea, eta ibilbidearen galdera nagusiei erantzutea: zergatik, zertarako, zer, noiz eta nola?”.
Bestalde, ariketa eta praktika egokien bilduma ere osatzen ari da. Ez da pausoen katalogo bat izango, baizik eta umeen garapenari lotutako proposamen sorta bat. Helburua ez da soilik teknikoki ikastea, baizik eta dantzarekiko harremana eraikitzea: zaletasuna piztea, erritmoa eta mugimendua lantzea eta euskal dantzaren kodeak barneratzea. Izan ere, Monteroren ustez, oinarrian dagoen gakoa argia da: “dantza zaletasuna landu behar da, hori gabe hurrengo guztiak ez dauka lekurik”.
Bilduma hori iturri askotatik elikatuko da: aholku batzordeko kideen esperientziatik, urteotan egindako saio pedagogikoetatik eta bere sorkuntza propiotik. Azken batean, praktika sakabanatu asko bildu, ordenatu eta partekatzeko moduko egitura batean jartzea da asmoa.
Probatu, zalantzan jarri eta partekatu
Azken pausua izango da proposatutako guztia praktikan jartzea, eta hor talde pilotuak sartuko dira. Bertan, sortutako proposamena praktikan jarriko dira, “talde pilotuetan kontrastatu beharko da, frogatu, martxan jarri eta horien jarraipena egin, eztabaida sortu eta gero, emaitza garbiak daudenean, emaitza horien zabalpena egitea da asmoa”. Prozesu horren bidez, proposamena findu eta egokitu nahi du, errealitatearekin kontrastea eginda. Eta behin emaitza batzuk argitzen direnean, horien zabalkundea egitea da asmoa.
Dantzan Topaketak 2025
- Jon Sarasua: “Herriak gorputzetik pasatzen duen kulturaz ari gara”
- Julen Agirre: “Euskaraz aritzea esaten dugunean ez da bakarrik hitz egitea”
- Ixone Aroma: “Garrantzitsua iruditzen zaigu ikastetxean ikasten den hori plazan egitea”
- Alaia Cachenaut: “Emazteen rola ez da pasiboa izan”
- Arabako dantza taldeen argazkia: konpromisoa, kezkak eta erronkak
- Patxi Montero: “Dantza zaletasuna landu behar da, hori gabe hurrengo guztiak ez dauka lekurik”
- Dantza irakasleen gaikuntzen korapiloa mahai gainean